Genetika, genomika ta beste

Genetikak eman ez diguna

Zientziatekan emandako hitzaldian genetikak bere hitza bete ez izanaren kutsua egon daitekeela esan nuen. Gauza handi asko espero egiten direla genetikaz eta gero betetzen ez direnez iruzur kutsua geldi daitekeela. Horren harira zergatik itxaropen handi horiek bete ez diren azaltzen saiatuko naiz, hau da, zergatik ez gara supergizakiak?

 

time

45 urte Superman izateko promesarekin

Ez dugu liburua ulertzen

Analfabeto funtzionalak gara. DNA sekuentziak irakur irakur ditzakegu baina ez dakigu ze demontre ari garen irakurtzen. Gramatikaren zantzu batzuk baditugu baina oraindik ikasten ari gara, uste genuena baino konplexuagoa baita. Noski, bakterioetan DNAren hizkuntza sinpleagoa denez horrekin genoma konplexuagoak errez ulertuko genituela uste genuen. Orainaldia bakarrik ezagututa “Moroak gara behelaino artean?” irakurtzea saiatzearen parekoa.

Kontua da geneak izan direla zentroa eta gainontzekoa zabortzat jotzen genuela. Baina hori subjektuak eta aditzak bakarrik kontuan hartzea bezalakoa izan da eta gainontzeko guztiari garrantzia kentzea. Egia da bakterioen DNAren forma subjektu eta aditzetara mugatzen dela eta, hortaz, nahikoak direla ulertzeko. Baina genomak, liburuak, gero eta konplexuagoak izan, hankamotz gelditzen gara horretara mugatzen bagara. Gainera ez da bakarrik perpausa konplexuagoak idatzita daudela, beste osagai genetikoek sortzen dituzten ñabardura eta aldaketak sartuta; baita ere 17. orrian dagoen izenorde batek 207. orrian dagoen perpausa baten zentzuan eragina duela. Hau da, genomaren harreman gramatikalak ez dira bakarrik alboan dituenekin, baita urrun daudenekin.

Gainera, korapiloa korapilatzeko, genoma den liburu horretan, ez dira bakarrik perpausak eta bere zentzua aldatzen dituzten osagaiak agertzen, baita ere perpaus horiek noiz, nola eta non irakurri behar diren; galdera-marka edo harridura-markak perpaus bat modu baten edo bestean intonatzea dakarren bezala, baina genomaren marka guzti horiek ezagutu gabe.

Baita ere kontuan izan askotan perpausen zentzuaren aldaketa sotilak gertatzen direla eta aldaketa horiek arruntak izatea. “Etxe bat dut/Etxe bat daukat”. Bakarrik perpaus bat aldatzerakoan eragin handirik ez duena paragrafoaren zentzu orokorrean; baina aldaketa sotil horiek perpaus ezberdinetan gertatzen joateak zentzu orokorrean, mezuan eta bere interpretazioan, eragina izatea.

Ondorioz, irakurtzen gaudena ulertzen ez badugu, gaixotasunetan edo muturreko ezaugarrietan ikusten diren aldaera edo aldaketak ezin ditugu guztiz ulertu. Badakigu hor daudela baina ez dakigu benetan zer egiten duten, idatzita dauden hizkuntzaren zantzuak besterik ez baititugu. Eta gero eta hobeto DNAren hizkuntza ezagutu, ohartzen gara oso gutxi dakigula.

Ez dakigu idazten

Demagun funtzionalki alfabetatzen garela eta genomen hizkuntza goitik behera ulertzeko gai garela eta, hortaz, gaixotasunetan gertatzen diren edota interesgarriak diren ezaugarrien aldaketen ondorioak zuzen eta zehazki ulertzea. Ezingo genituzke erabiliko orain arte DNAren hizkuntzan idaztea oso zaila egin baitzaigu.

Orain gutxi arte perpaus laburrak gehitzeko gaitasuna bazegoen, orrien marjinetan idazten diren ohartxoak bezala, baina arriskua zegoen marjinetan beharrean paragrafoen erdian perpausa sartzeko eta, ondorioz, perpausaren zentzua guztiz galtzeko (eta horrek dituen ondorio kaltegarriak).

Hitz laburrak idazteko gaitasuna ere bazegoen, hasieran zaila eta garestia zena, baina horretan trebezia egon badago. Baina hitz laburrak dira soilik, aipatu ditugun perpaus labur horiek idazteko balio dutenak, baina oraindik horretan hobetu beharra dago. Egia da halako idazketa-sistemak erabilita genoma sintetikoak ere idatzi direla, baina orainaldian bakarrik idatzitako ipuin labur baten pareko zerbait izango litzateke.

Baina helburua ez da horrenbeste zerotik idazten hastea, baizik eta dagoena aldatu ahal izatea, edizio genomikoa esaten zaion hori. Horregatik CRISPR teknikak horrenbesteko oihartzuna izan du, genomak editatzeko modu egokia baitirudi. Horrela nahi diren aldaketak egin daitezke paragrafoaren zentzua kaltetu gabe. Edo behintzat hori dirudi.

Komunikazio arazoak

Muga hauek azaltzen eta komunikatzen ez dugu asmatu. Edo ez ditugu azaldu izan nahi, gurean ere ke saltzaileak baitaude. Ondorioz, genetikak egin zezakeena baino gehiago egin zezakeela uste izan da. Eta lortu ez denez iruzur kutsua gelditu daiteke. Horregatik CRISPR teknika azaltzerakoan zuhurtziaz jokatu nuen, ez bainuen nahi itxaropen faltsurik sortzerik. Zeren genetikak osasun baldintzen hobetzearen alde asko egin baitu oraindik supergizakiak ez bagara ere.

Iruditzen zait garrantzitsua dela zer dakigun, zer ez dakigun eta gure mugak zeintzuk diren argi azaltzea eta horiek guztiak ulergarriak egitea. Honekin 100. dibulgazio-artikulua idazten dut, genetikarekin lotuta dagoen 82.a. Txoko honetan eta eskaintzen dizkidaten foroetan lan pedagogiko hau egiten jarraituko dut, nola ez, genetikaren inguruko komunikazioa ahalik eta zuzenena (bi zentzuetan) izateko. Baina baita ere gustatuko litzaidake komunikazio hau ez mugatzea bakarrik nik gauzak kontatzera, baita ere zuek zuen dudak, galderak edota burutazioak partekatzera. Bakarrizketatik elkarrizketara pasatzea. Hau ere zuen etxea da.

One comment on “Genetikak eman ez diguna

Utzi erantzuna