Genetika, genomika ta beste

Zientzia jalgi hadi plazara (0): Ezer baino lehen

Zientziagintzaz modu subjektiboan hausnartu nahiko nuke, hilabeteetan zehar buruan bueltaka izan ditudanak partekatzeko.

DSC_0159

Hurrengo asteazkenetan argitaratuko ditudan artikulu-sortaren helburua ez da zientziagintzaren erretratu eta diagnosi objektibo eta zehatza egitea. Ofizio honetan 10 urte luze ostean biltzen joan naizen gogoeta eta hausnarketa partekatzea da ideia. Nire ekarpen xumea nire esperientzia eta bizipenetatik. Ez dakit denbora nahikoa den baina bai iruditzen zait hainbeste leku eta egoera ezberdinetatik pasa ostean badela garaia horiek biltzeko eta, ahaztu edo denborak estali baino lehenago, idatzita gelditzea.

Tesia egin, defendatu, hiru doktoretza osteko garai, langabezia, prekarietatea, dibulgazio asko eta aitortza gutxi. Jendearekin, bai tesia egiten daudenak, bai zaharragoekin, asko hitz egin eta, batez ere, entzun. Azkenean antzerako frustrazio, ezinegon, itxaropen eta desirekin. Gure lana asko gustatzen zaigu baina gau askotan ez digu lorik egiten uzten. Nire alde arrazionalak uzten didan heinean erraietatik idatzi, modu intimoan pentsatzen dudana azaleratzeko. Nire ibilbide profesionalak eta pertsonalak ematen didaten zilegitasunarekin. Hori asko edo gutxi den berdin dio, egia esan, nire pentsamendua ere moldatu dutelako besteei entzun eta irakurri diedana.

Egia esan hau maitasun istorio bat da, zientziaz maiteminduta ez bazaude ez duzulako guzti hau bizitzen, eta istorio on guztietan bezala denetarik dago. Ahal dudan heinean istorioa ahalik eta naturalean kontatzen saiatuko naiz, negar egitetik eta autokonplazentziatik ihes eginda.

Ez zara zertan ados egon behar idatziko ditudanekin. Izan ere, helburuetako hori baita, eztabaida eta ideien elkartrukea piztea. Batzuetan ezbidezko iritziak erabiliko ditut, zinikoak agian, probokazio moduan-edo, batzuetan ezbidezko egoerak bizi baititugu eta orduan gogoetarik gordinak egiten baititugu. Gero izan ditzakeen ondoriootaz hausnartu ostean isiltzen ditugun horiek, baina momentuko beroaldian pentsatzen ditugunak. Azken finean beti kontuz ibili behar baikara, lanpostua ziurtatuta ez duzunean, esaten dituzunak neurtu behar baitituzu.

Hurrengo asteazkenetan, 8 ataletan banatuta, zientziagintza zer izan daitekeen, bere alde onak eta txarrak, gizartearekin dituen harremanak eta nire proposamen xumeak zuekin partekatu nahi ditut. Elkarrekin eta eztabaida bat ireki, hemen, zure blogean edo twitterren, egin beharreko zuzenketak egiteko, eta, ahal bada, minimo batzuetan ados egotera herltzeko. Eta ezinezkoa bada, behintzat nire garaipen eta porroten erretratua aktan jasotzeko.

Utzi erantzuna