Genetika, genomika ta beste

Dibulgazioa eta zientzia zintzoaren garrantzia

Zubia eta oporrak aitzakia bezala hartuta, internetetik deskonektatzeko eta telebista deitutako gailu hori pizteko aukera dut. Eta azken egunotan goizeko magazin eta arratsaldeko tertulietan gai batekin bueltaka ikusi ditut, haserre eta sinesgaitz artean. Bederatzi urtez Nadia deitutako gaixo baten aitak dirutza lortu du bere alabaren tratamendua ordaintzeko eta, dirudienez, orain jakin da dirutza hori ez dela horretarako erabili, beste gauza batzuetarako. Omen.

Bere platoak ireki zizkien programek beren asaldura agerian utzi dute, orain gutxi arte eredugarria zen aita, munstro gupidagabe bat bilakatu dute. Gutxi batzuk, adibidez el Mundo egunkariak, kazetariek gai hau hasieratik behar bezala landu ez izana aitortu dute, baina gehienek beren erantzukizuna gainetik kendu nahi dute “nola ez zara fidatuko ba hori kontatzen dizun guraso batez?” esanda. Nire, ordea, burura beste gauza bat datorkit guzti honekin “zein garrantzitsua den zientzia behar bezala azaltzea, zintzotasunez, halakoek lekua izan ez dezaten“

Balizko iruzurra zientzia-kazetari batek argitaratu zuen, aita entzunda hainbat gauzek zentzua ez zutelako. Ezagumendu minimo batzuetatik, zientziaren balore minimo horietatik abiatuta, kritikotasuna erabilita aztertu zuen kontu guzti hau. Orain kasu honek hautsak harrotu dituela, aitak platoetan egindako adierazpenak laburtu dituzte. Genetikaz eta ikerkuntzaz ezagumendu minimo batzuk edukita, esaten zuena guztiz zehatza ez zela agerian gelditzen da. “EEBBra eraman behar dut Espainian geneak aldatzea baimentzen ez delako”, “ikertzen hasteko dirutza behar da” edota “Odola ateratzen zioten, odola mutatu eta berriro ere sartu; horrela asko hobetzen zen” bezalako esaldiek zur eta lur utzi ninduten. Eta blog honen irakurlea bazara, zuri ere.

Ez naiz sartuko gaixotasun arraroak ikertzea zergatik ez den erraza, eta ez bakarrik sosengatik, edota nire ezinikusia gaixo bat erabiltzen dutenean ikerketa bat egiteko edo ehun bat emateko eskatzen denean. Ikertzea eta sendatzea ez da pena emateko lehiaketa bat. Lehentasunak ezin dira negar eragitearen arabera ezarri. Ez. Asko estimatzen dudan pertsona jakintsu batek esaten duen bezala “hausnarketa asko egiten da baina autokritika gutxi”. Hor doa nire autokritika.

Zientziaren baloreen eta ezagumenduaren transmisioa oker egiten gabiltza, bai hezkuntzan sisteman eta bai Akademiatik, halako iruzurrek denboran eta espazio publikoan horrenbeste denbora eraman badezake. Berriak egiaztatzeko kazetariek duten erantzukizunaz gain, norekin egiaztatuko dute? Unibertsitateek eta ikerketa-zentruek ba al daukate egiaztatze hori erraztu dezakeen baliabiderik? Kazetariek ba al dituzte “konfiantzazko” ikertzaileak nortzurekin gai bat ala beste egiaztatu? Ikertzaileok prest al gaude gure marfilezko dorrea utzi eta jendartean busti eta lokazteko, beharrezko aditu horiek izateko? Edo bosturtekoa betetzeko balio ez duenez, beste batek har ditzala lana?

Hori, orokorrean. Niri dagokidala, hiru urte hauetan egindako lanarekin pozik eta harro nago. Batzuetan hobeto, besteetan kaskarrago, baina zientzia zintzoaren dibulgazio zintzoa egin dudalaz ziur nago. Mundu guztiak CRISPRa laostia dela saltzen dabilen bitartean Azkuna Zentruan, Zientziatekan, aurkeztu nintzen zintzotasun eta errealismo ariketa bat eginda. Jendearen parte-hartzeak niri baieztatzen dit asmatu nuela. Eta jendeari zintzotasunez gauzak diren bezala kontatzen dizkiozunean, harrera ona da eta ez da esperantza faltsurik sortzen. Beldur naiz ez ote gabiltzan ikerkuntza itxaropen faltsuen burbuila bat bilakatzen, dirua jasotzen jarraitzeko. Nik behintzat horretaz arnegatzen dut eta hemen idatzi dudanean edo besteen etxeetara gonbidatu nautenean, hori egiten saiatu naiz: gauzak diren bezala zintzotasunez azaltzea. Asmatu ote dudan zuek erabakitzen duzue.

Azkenik, hausnarketa pertsonal bat. Hiru urtez gustura dibulgatu badut ere, niri zientziaz aritzea asko gustatzen baitzait, ez dut uste nire erantzukizuna denik. Bai, askotan esan dut, eta pentsatzen jarraitzen dut, ikertzaileok jendartearekiko betebehar bat dugula eta, erantzukizun eta koherentziaz, zientzia oro har eta gure arloa batik bat hedatu behar dugula. Baina argi daukat lan horren erantzukizuna postua ziurtatuta dutenak dute. Behin-behinekotasunean bizi garenon gain ezin daiteke egon Akademia eta Jendartearen arteko harremana. Nik behintzat ez dut jarraituko egiten “aditu” edo Akademiaren “kide” bezala. Batez ere balizko Olinpo horren ateak muturretan itxi dizkidatenean. Nik zientziazale bezala jarraituko dut hemen zerbait idazten edo gonbidatzen nauten lekuetara joaten, nire kaxara eta zintzotasunez, baina ez beste eskergabe batzuek egiten ez duten lana orekatzeko. Koldo bezala, ez hemengo edo hango ikertzaile bezala.

Aukerak eta baliabideak egon badaude. Jakin-mina egon badago. Erantzukizun horri uko egiteak dakarren ondorioak ikusi ditugu. Zintzotasuna behar dugu, bai ikertzerakoan, bai zientzia komunikatzerakoan. Bestela, arazoaren parte gara, ez konponbidearena.

2013-10-19-11-26-20

Plazan ikusiko dugu elkar. Ziur. Terraza batean kafepintxo batekin. Duda barik.

Besarkada handi bat eta eskerrik asko bidelagun guztiei,

K.

One comment on “Dibulgazioa eta zientzia zintzoaren garrantzia

  1. Kaixo Koldo,

    Halako post-a irakurtzen negar malkoak erabat ateratzen zaizkit. Antza denez ikertzaile aktibo bezala uzten duzu dibulgazioa. Pena. Postua ziurtatuta daukatenek lokatsara jaitsi behar dutela diostazu. Gixajoa! Agian ez duzu jakingo postuarekin behar dena baino gehiago ezin dela egin; egin beharrekoa eginda dute, salbuespenak salbuespen. Besaulkia eta bosturtekoak. Beraz, guri dagokigu, geure behin-behinekotasunean, haiei dagozkien dibulgazio aktibitateak egitea. Ezin dugu besteen eskuetan utzi.

    Adeitasunez

Utzi erantzuna