Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Generik ikertuenak: APOE

Boga. Fama gehien dutenen geneen zerrendako bostgarren tokian APOE, E apoliproteina, dugu. Gizakiak ikerketa helburu izandako 4076 artikuluetan aipatua izan da, azken 25 urteetan izan duen hazkuntzari esker, urtez-urte bere interesa handitzen joan baita.

Eman bostekoa.

19. kromosoman kokatzen den gene hau lipoproteinen, hau da, kolesterola eta antzeko molekulen, prozesamendurako oso garrantzitsua da. Bereziki gibelean eta giltzurrunetan aktiboa da. 78 generekin elkarrekintzak ditu eta 120 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Kolesterolaren auzian duen garrantziagatik ikertua izan bada ere, bere lotura beste prozesu eta gaitzekin aztertua izan da ere: Alzheimer gaixotasunean, sistema immunologikoan eta kognizioan.

APOE ezaugarri ezberdinetan parte-hartzea aitzakia bezala erabilita, genetikako hitz itsusienetako bat ekarriko dut hona: pleiotropia. Edo modu erraz(ago) batean esanda, gene batek ageriko loturarik ez duten funtzioetan esku-sartzen duenean. Dirudiena baina ohikoagoa eta arruntagoa da. Izakiok hainbeste funtzio eta ezaugarri ditugunez, eta dugun gene kopurua dena denez, hainbat genek enpleguaniztunak izan behar dute. Geneak eginkizun ezberdinak egiteko gai izan behar dira, ehun edo organoaren arabera, funtzio bat edo beste betetzeko. Bai, gogorra da genearen bizitza.

APOE genera itzulita, bai, hainbeste prozesu garrantzitsuetan, edo behintzat “ospetsuetan”, parte har dezakeela ikusita, normala da bere interesa inoiz itzali ez izana. Eta gene hori jo eta su ikertzen jarraitzea.

One comment on “Generik ikertuenak: APOE

Comments are closed.