Genetika, genomika ta beste

Generik ikertuenak: eta gainontzekoak, zer?

Azken asteotan gehien ikertu diren geneak zerrendatu eta azaldu ditut. Gizakiok 20.000 genetik gora ditugunez, zerrenda horretan ez dauden gene guzti horiekin zer gertatzen den galde diezadakezue. Eta ene erantzuna, hemen egiten gabiltzan ariketa hau da: ikertzen direnak benetan hainbeste interesa dute eta gainontzekoek ez? Eta, batez ere, zer da interesgarria ikertzeko?

Hasteko, funtzio jakinik gabeko gene asko daude. Asko diot eta ez zenbaki bat jarri, zientifikoagoa dena, zenbat izan daitezkeen ez dakigulako. Sekuentzia batek duen segidagatik jakin badakigu hori gene bat izan daitekeela, hor gene bat dagoela aurresaten da. Gero laborategietan benetako gene bat dela frogatu behar da. Azkenik gene horren funtzioa zehaztu behar da, hau da, zer demontre egiten duen, noiz, nola eta norekin. Eta funtzio jakinik gabeko hainbeste gene daudela ikusita, pausu hauek burutzeko interes handirik ez dagoela dirudi.

Hortaz, zer da interesa? “The Wire”-n Lester Freamonek zioen:

Droga jarraitzen duzu, droga-menpekoak eta droga-trafikatzaileak lortzen dituzu. Baina dirua jarraitzen hasten zara, eta ez dakizu nora arraio eramango zaituen.

Gakoa hemen dago, geneak aztertzen baditugu datuak eta beren balizko funtzioak eskuratuko ditugu; diruari begira jartzen bagara, auskalo non bukatuko dugun.

Behin Kanadako ikertzaile baten hitzaldi batean, bere izena ez dut gogoratzen, zera azaldu zigun: aztertu nahi zituen geneak aztertzeko (hitzaldi horretan azaltzen zebilena) behar zuen finantziazioa lortzeko zailtasunak zituela. Kontua zen gene bat minbizian izan zezakeen inplikazioa zela eta, berak antzeko geneetan (familia geniko deitzen duguna, egituraren aldetik oso antzekoak diren geneen multzoa) jomuga jarri zuela, inplikazioren bat ere izan zezaketela proposatuta. Azken finean antzekoak badira, antzeko funtzioak izan dezakete eta, hortaz, interesgarria eta informatiboa izan horiek ikertzea. Bada, zailtasunak zituen finantziazioa lortzeko beste gene horiei erreferentzia egiten zioten artikulu kopurua oso murritza zelako; eta zera esaten zioten “zergatik ez duzu jada bere papera ezaguna den gene hori ikertzen?”. Diruaren zati handi bat jada ezaguna denean sakontzeko ematen bada, oinarri bibliografiko sendoa egotea eskatzen baita, nekez ez dakiguna jakingo dugu, apurrekin egin behar bada.

Askotan interesa, erabilgarritasuna eta etekina nahasten dira ere. Ikerketa interesgarria izan behar dela esaten denean erabilgarria izan behar duela edo etekina atera behar zaiola esan nahi da. Argi dago gehien ikertzen diren geneak minbiziarekin lotura nahiko sendoa dutelako ikertzen direla. Dirua horretan jartzen dela emaitzak erabilgarriak izan daitezkeelako eta etekin ekonomiko bat izan. Interes zientifikoak ez luke merkataritzaren logika izan behar, jakin-minaren logika baizik.

Esparruek eragin handia dute honetan ere. Lokalki interesgarria izan daiteke, globalki bost. Eta alderantziz. Genetikan hau oso nabaria da gaixotasunekin lotutako geneetan. Ikerketa gehienak txuritxoekin egiten direnez, gaixotasun batekin lotutako geneak txuritxoei dagozkie, baina ez Afrikarrei edo Asiarrei, non giza-dibertsitate handiena eta giza-dentsitate handiena biltzen diren, hurrenez hurren. Gauza bera gertatzen da gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunei ez erreparatzea ondorio genetiko bat ezarri baino lehenago. Badaezpada ere, generoa ere kontutan izan beharko litzateke, gaixotasun batzuetan eragina ezberdina izan baitaiteke. Edo bere oinarri genetikoa aski ezaguna den gaixotasun baten oinarriak populazio berezi batean aztertu nahi denean (euskalduna kasu), lokalki interesgarria izango da eta erabilgarria izango da osasun-erabakiak hartzeko. Baina mundu-mailan ez dio inori axolako, eta, ondorioz, emaitza zientifikoen publikazioa apala izango da. Honek sortuko duena zera da, gero sosa gehiago eskatzerako orduan, aurreko lanaren inpaktua mugatua izan denez, zailtasunak izatea. Zeren inpaktua ez dugu neurtzen gurean duen interesa edo erabilgarritasunagatik, baizik eta mundu-mailan duenagatik. Beno, gure politika zientifikoa nazioarteko editorialek zer den interesgarriaren menpe uzten badugu, hau da gertatzen dena.

Laburbilduz, geneek pizten duten interesa ez du zertan interes zientifiko soila izan behar. Dirua, inpaktua eta aurrekoak lortzeko egin behar dena egitea garrantzitsuagoak dira. Zientzia ingelesez mintzatzen diren gizon txuri eta burgesek egiten badute, betaurrekoak, esparruak eta interesak horiek dira, ez beste.