Genetika, genomika ta beste

Botikak geneen neurrira

Blog honetan genetika jendartean zabaltzen saiatzen naiz. Hori dela eta, noizbehinka, genetikaren inguruan nahi duzuen galdera egiteko aukera duzuela gogoratzen dizuet 😉 . Azkenengoan Euskaldun batek erronka jaso eta bere galdera egin zuen.

https://twitter.com/euskaldunbat/status/1044884541536653312

Botelasterrean erantzuteko hari arin bat egin banuen ere, gaurkoan garatuago eta osotuago azaltzen saiatuko naiz gai hau, hots, botika pertsonalizatuen inguruan arituko naiz.

Lehen aukera, bai, gaixotasun askok oinarri genetikoa dute. Zuzenagoa edo zeharkakoa baina geneek eragin eragin dezakete. Hori dela eta, horietako gaixotasun bat pairatzen badugu, gure geneak “konpon” daitezkeela pentsa dezakegu. Zentzua dauka, ezta? Nire gaixotasuna nire material genetikoak sortzen baldin badu, neurrira egindako “botika” bat sortu daiteke nire material genetikoa konpontzeko. Terapia genetikoek hori egiten huts egin zuten baina edizio genomikoaren belaunaldi berri batek hitz eman digu egin egingo dela. Azken bizpahiru urteetan hori saltzen ari dira behintzat. Hala izango den aurreikustea oso zaila egiten zait, aurrera egiten omen den pausu bakoitzeko hamaika arazo sortzen baitira. Eta teknika perfektua lortzekotan ere, badirudi banan banakako irtenbideek oztopo (ekonomiko) gehiago dituztela.

Bigarren aukera, botikei erantzuteko gaitasunaren zati bat gure geneek azal dezakete. Gene batzuen aldaerek botika batzuk hobeto prozesatzen lagundu dezakete; eta beste batzuk botika baten lana zaildu. Hortaz, norberaren geneen arabera tratamendu baten arrakasta aurreikus daiteke eta, hortaz, tratamendurik egokiena hasieratik ezarri. Medikuntza pertsonalizatuaren joera nagusia bide honetatik doa: gaixoak (botika bat behar duen edozein gaixotasunez ari naiz) antzeko profil genetikoa duten taldeetan sailkatu eta, horren arabera, botika bat ala bestea eman. Aukera hau aurrekoa baino efizienteagoa dirudi eta, hortaz, etorkizun hurbilean ikus dezakegun aukera bat. Beno, gure material genetikoa, botiken erantzuna aurresaten duten eskualdeak behintzat, aztertzeko sosak badaude, noski.

Hirugarren aukera, aurreko bien nahaste bat da. Edo halako zerbait. Oinarri genetikoa duten gaixotasun batzuk gene ezberdinek eragin dezakete. Hau da, pertsona batzuetan A genea izatea eta beste pertsona batzuetan B genea izatea gaixotasun hori sortzen dutenak. Balizko tratamendua eraginkorra izan daiteke gaixotasuna A geneak sortzen duen gaixoetan eta B genea sortzen dutenetan huts egitea. Hortaz, gaixotasuna sortzen duen genearen arabera gaixoak taldeka daitezke eta talde bakoitzari egokien den tratamendua eman. Aurrekoaren antzekoa da, bai, baina ñabardura taldekatzea nola egiten den: aurrekoa botiken aurreko erantzunaren arabera, honetan gaixotasuna sortzen duen genearen arabera. Gainera aurrekoa gaixotasun gehiagotara zabaldu daiteke eta, aukera hau, gaixotasun genetikoetara mugatuta dago.

Gutxi gora behera hauek gure geneen arabera tratamendu pertsonalizatuak ezartzeko aukera handienak hauek dira. Zuzenean gure material genetikoa “konpontzea” zifi badirudi ere, ezin daiteke guztiz baztertu. Gure material genetikoaren arabera gaixotasun jakin bati aurre egiteko tratamendua egokitzea, hori uste baino lehenago ikusiko dugu.

Eskerrik asko Euskaldun bati bere galderagatik! Eta beste norbait animatzen bada, gustura erantzungo zaituztet.

One comment on “Botikak geneen neurrira

Comments are closed.