Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (3): antigorputzak

Txertorik ez dagoenez, gure immunitate-sistemak ez ditu antigorputzak garatu SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko. Hortaz, antigorputz horiek norbera infektatua den ahala garatzen dira. Hortaz, gaurko pilulan antigorputzak kodetzen dituzten geneez arituko gara.

Ugaztunetan bost antigorputz mota daude eta horien artean IgG izenez ezagutzen dena da infekzioen aurrean lan egiten duena. Antigorputz mota guztiak osotuta daude bi kate astunez (luzeak direnak) eta bi kate arinez (laburrak direnak). Gizakiotan, antigeno mota ezberdinen kate astunak 14. Kromosomako eskualde batean kokatuta dauden geneek kodetzen dituzte; kate arinak 2. kromosoman eta 22. kromosoman dauden bi eskualdeetan kokatzen diren geneek kodetzen dituzte. 

Gene-eskualde horietako bakoitzean antigorputzek dituzten zati ezberdinak kodetzen dituzten geneak kokatzen dira. Hamarka gene dira horiek. Antigorputzek aldakortasun handia izatea lortzeko, eskualde horietan kokatzen diren geneen konbinazio ezberdinak gertatzen dira. Badira antigorputzak konstanteak diren eskualdeak, bai kate astunean eta bai kate arinean, gene berdinek kodetzen dituztenak. Baina bi kateen muturrak, hau da, antigenoekin lotzen diren zatiak, oso aldakorrak dira, eta hori lortzeko gene ezberdin askoren produktuak konbinatzen dira. Horrela antigorputz-errepertorioa zabaltzen da. Konbinazio hori V(D)J errekonbinazio izenarekin ezagutzen da eta B zeluletan gertatzen den berezko prozesua da.

Ikusi duzuenez, gure immunitate-sistemaren gene-programazioa oso berezia da, ingurune aldakor bati aurre egiteko prest dagoen mekanismo konplexua da: erronka berriei egiteko prest dagoena. Baina denbora behar du konbinazio egokia sortzeko erronka horiei aurre egiteko.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema

2 Comments on “Itxialdirako genetika (3): antigorputzak

Comments are closed.