Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (17): Urtaroko gripearen genetika

Sorta honetan zer landu daitekeen eskatu nizuen eta hainbat proposamen interesgarri jaso nituen. Gaur horietako bat landuko dugu, Uxune Martinezek eskatutako bietatik lehena: “zerbait urtaroko gripearen inguruan? Haren genetika zer-nolakoa den erakusteko?”

Gripearen birusak RNA birusak dira, RNA alderantziz irakurtzen diren motakoak hain zuzen ere. Ornodunetan lau birus generok sortzen dute gripea: Influenzavirus A, Influenzavirus B, Influenzavirus C eta Influenzavirus D generoak. Urtaroko gripea Influenzavirus A generoko birusek sortzen dute, eta beste ugaztun eta hegaztiak infektatzeko gai dira. B motako gripe-birusek gizakiak eta fokak infektatzen dituzte eta C motako gripe-birusek gizakiak, txerriak eta txakurrak; biek gizakiotan eragitekotan, haurtzaroan izango litzateke eta sintoma leunekin. D motako gripe-birusek txerriak eta behiak infektatzen dituzte.

Egituraren aldetik lau gripe-birus motak antzekoak badira ere, A motakoan zentratuko gara, pandemiak sortzeko gaitasuna duen bakarra baita eta, ondorioz, bere genetika hobeto ezagutzen duguna.

Genomari dagokiola, A gripearean anduiaren arabera, 10-14 generen informazio darama eta 13,500 base inguruko luzera du. A gripearen genoma modu nahiko berezian egituratuta dago, bat edo bi gene kodetzen duten segmentutan banatzen baita; normalean birusetan genoma osoa segmentu bakarrean gene guztiak batera doaz. “Moduluetan” banatutako genoma honi esker, anduien arteko gene elkartrukea errazten da, hortaz, genoma oso dinamikoa du eta hori dela eta pandemiak sortzeko duen gaitasun hori du.

Bere geneak, anduiaren arabera batzuk alda daitezke:

  • 1. segmentuan: RNA kopiatzeko genearen zati bat
  • 2. segmentuan: RNA kopiatzeko genearen beste zati bat eta zelulak hiltzea eragiten duen gene bat
  • 3. segmentuan: RNA kopiatzeko genearen beste zati bat eta ostalariaren gene-makinaria itzaltzen duen gene bat
  • 4. segmentuan: hemagglutinina genea, birusak zelulari lotzeko erabiltzen duena. Birusaren hedapena eta larritasuna baldintzatzen du. A gripearen anduien izendapenean ikusten dugun H horri dagokio eta 16 mota ezagutzen dira. 1, 2, eta 3 motak dira gizakietan aurkitu ohi direnak.
  • 5. segmentuan: birusaren material genetikoa babesten duen egitura kodetzen duen genea
  • 6. segmentuan: neuroamidasa genea, birusaren askapena mukitik eta zeluletatik ahalbidetzen duena. A gripearen anduien izendapenean ikusten dugun N horri dagokio eta 9 mota ezagutzen dira. 1 eta 2 motak dira gizakietan aurkitu ohi direnak.
  • 7. segmentuan: matrizeko proteinak sortzen dituzten bi gene
  • 8. segmentuan: egiturakoak ez diren bi proteina kodetzen dituzten bi gene.

Gizakiotan gehien zabaldutako anduiak H1N1 (1918.ean espainiar gripea sortu zuena eta 2009.eko txerri-gripea), H1N2 (endemikoa gizaki eta txerrietan) eta H3N2 (1960.eko Hong Kongeko gripea) anduiak dira. Beste andui batzuk ere gizakiak infektatzeko gai dira: H2N2 (1950.eko Asiako gripea), H5N1 (2000.eko hegazti-gripea) edota H7N9 (azken urteetan Txina aldean broteak sortu dituen gripea)

Hemagglutinina eta Neuroamidasa proteinak, gripe-birusak izendatzeko erabiltzeaz gain, gure immune-sistemak erabiltzen ditu horien aurkako antigorputzak sortzeko eta, horrela birusa akatzeko. Gainera, hemagglutinina proteina da txertoak erabiltzeko erabiltzen dena.

Bai, urtaroko gripea dirudiena baino konplexuagoa da eta, agian, merezi duen garrantzia aitortzeko garaia da. Beste birus batzuk baino hobeto ezagutzen badugu ere, berari aurre egiteko lanabesak baditugu ere, urtero munduan 291.000 eta 645.000 pertsona gripeaz hiltzen dira. Birusei ezagumendurekin eta inteligentziarekin aurre egiten zaie, ez gudarekin eta testosteronarekin.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa

One comment on “Itxialdirako genetika (17): Urtaroko gripearen genetika

Comments are closed.