Kafepintxo

13 urte Edonola plazaratzen

Irakurle maiteok,

Gaur 13 urte betetzen dira Edonola martxan jarri nuenetik. Garai arraroak bizi ditugu halako gauza hutsalak ospatzeko, baina, tira, bizipoza ere mantendu behar dugu halako garaietan. Eta ikusita inguruan gertatzen ari dena, edozein aitzakia ona da irri txiki bat lortzeko.

Hau hasi nuenean dibertimendu bat zen, afizio bat, nire harrikadak botatzeko txoko bat. Aurreko egitasmo baten metamorfosi bat. Denborarekin aldatzen joan dena, denok aldatzen garen heinean: zeintzu gai lantzen nituen, argitalpen maiztasuna eta blogaren kudeaketa eta itxura bera. Gaur itxurari beste buelta bat eman diot, urtebetetzeak dotore ospatu behar baitira.

Agian 13 urte hauetan aldaketarik garrantzitsuena edukia izan da. Denborarekin harrikadak zentratzen joan naiz: burutik pasatzen zitzaidan edozein kontutik ia dena genetika edota zientzia gaiak izatera pasa da. Noizbehinka halako harrikadaren bat botatzen dut baina, oro har, txintxoa naiz eta zientziak eta euren ertzak jorratzen ditut. Genetika eta euskaraz. Kontrara joatea beti gustatu izan zait, denak galdutzat ematen dituzten kausen alde beti, agian, kausa galdu bat naizelako. Eta lan txukuna egin dut, Edonolak sinesgarritasuna lortzeko, gakoak eta gaiak zintzotasunez jorratuta eta plazaratuta. Patxadaz eta zintzotasunez egiten den lanak uzta ona jasotzen du. Beti.

Onartu behar dut azken urte honetan ez dudala nahiko nukeen beste bloga zaindu eta elikatu. Iraileansarrera gordin baina beharrezko bat idatzi nuen eta itxialdia baino lehenago arte ezer gutxi.

Hala ere, azken hamabostaldian hau aldatu da. Itxialdia hasi genuenetik ia egunero pilula bat argitaratzen nabil. Salbuespenak dira beste etxe batean argitaratzen dudanean eta atzo Irati bisitan etorri zela (ea gehiagotan etortzera animatzen den!). Etxetik gauza askoz gehiago ezin dezakedanez egin, genetikari buruzko kontutxoak ekartzen ditut hona: COVID-19ari zeharka jotzen dituzten gaiak, bururatzen zaizkidan beste batzuk edo eskatzen dizkidazuenak. Bisita-kopurua ikusita ideiak harrera ona izan duela dirudi (13 urtetan inoiz ez da bisita-kopuru hau egon hainbeste egun jarraian); eta sinez asko eskertzen dizuedala eta asko estimatzen dudala harrera on hori. Hau eginda pertsona bat lasaiago gelditu bada, zerbait ikasi badu edo denbora pasatzen lagundu badiot, niretzat merezi izan du esfortzuak.

Aitortuko dizuet hau egiten hasi nintzenean nire buruan helburua zela nekien apurra nahi zuenarekin partekatzea, pixka bat entretenitzeko, pixka bat ikasteko. SARS-CoV-2a mundutik zabaltzen ari zenean, hautatu nuen publikoki horri buruz zuzenean ez hitz egitea, askotan azaldu behar izan dudan bezala: batetik, ez naizelako ez birologoa ezta epidemiologoa, tesia birusei buruz egin banuen ere; osasun-arloan ikertzen badut ere; eta sare-sozialetan eta mediotan hitz egiten duten askok baino formazio hobea badut ere; bakoitzak bere lekua zein den jakin behar du eta ez bere egoa eta likeak puztu. Bestetik arazo burokratikoak eta “ohartarazpenak” ekiditeko. Hortaz txoko hau izan da baliatu dudan modua, ikertzailea naizen heinean, gizartearekin dudan erantzukizuna betetzeko; gai periferikoak badira ere, norbanako moduan idazten badut ere. Gure blog pertsonalak beti izango dira gure babesguneak. Besteen blog pertsonalak beti izango dira gure arnasguneak. Zain ditzagun gure blogak, gura buruak egunotan zaindu behar ditugun bezala.

Itxialdia aurretik hartutako azken

Genetikari buruz 150. testua idatzi nuenean nire konpromezua berretsi nuen genetika eta zientziak zabaltzen jarraitzearekin. Gaur ez da beharrezkoa hori errepikatzea, gaur hori ospatzea da egokitzen dena. Itxialdiak jarraitzen duen bitartean, egunero zientzia-pilula batekin ospatuko dugu. Eta bukatzerakoan, bizitza eta bizitzea ospatuko dugu.

Asko eta ondo zaindu zaitezte, kafepintxo batean bueltan laster egongo gara plazan.

Besarkada handi bat,

K