Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (21): COVID-19ari gene-sentikortasuna

SARS-CoV-2ak ez digu guztioi berdin eragiten. Batzuk lasai asko pasatzen dute eta badago COVID-19 oso latza pairatzen duena. Intuitiboki pentsa dezakegu gure geneek hori azal lezaketela eta aste hauetan zehar halako ideiak zabaldu dira sare sozialetan. Gainera Urko M Marigortaostalarien genetikak COVID-19ari aurreko erantzunean eraginik ote duen aztertzeko egitasmoa martxan jarri zutelaz ohartu zidanez, ba azter dezagun kontu hau.

Auzi hau aztertzeko bi estrategia nagusi jarri dira martxan: jadanik gene-informazioa zuten biobankuen datuak erabiltzea eta DNA lagin berriak lortze. Aurrenekoan, biobankuen parte hartzaileei COVID-19ari buruzko galderak egingo zaizkie biobankuko informazioari gehitzeko (adibidez Finlandiako eta Erresuma Batuko biobankuek hori egiteko asmoa dute). Bestean, SARS-COV2-az infektatu diren pertsonen material genetikoa sekuentziatuko da. Helburua da COVID-19 latz bat pasa duten DNA eta COVID-19 leun bat pasa duten DNA konparatzea, ezberdintasun genetikorik ote dagoen aztertzeko. Ikertzaileek batez ere interesa dute pilula-sorta honetan azaldu dizkizuedan bi susmagarritan: ACE2 hartzailean eta immunitate-sistemaz arduratzen den MHC eskualdean.

Bitartean, kasu honetan esperientzia pixka bat daukadanez gako batzuk eman ditzaket. 2009-2010 bueltan A gripeak asko arduratu gintuen eta zeresan asko eman zuen. Gripe horretan ospitalizazioa behar izan zuten paziente larriak egon ziren eta beste batzuk, ba hori, edozein gripe bezala. Agertokia ezaguna egiten zaigu. Bada, hori bera aztertu genuen, ea ostalariaren genetikak A gripearekiko erantzuna azal zezakeen. Ez genuen harreman argirik aurkitu, agian aztertutako lagina (paziente kopurua) txikia zelako gene-efektua ikusteko edo, zuzenean, eraginik ez dagoelako. Gene-efektua txikia bada, pertsona askoren (gene-)datuak behar dira. Gene-efektua neurrikoa bada, lagin txikiak nahikoak dira ikusteko. SARS-CoV-2a birus ezberdin bat denez eta jende piloaren datuak izango dituztenez, gene-eraginaren bat ikusiko dute. Beste kontu bat izango da bere efektua.

Laburbilduz, zilegia da pentsatzea ostalarien geneek COVID-19aren garapenean eragina izatea. Baina, agian, eragin hori mugatua izan daiteke.

1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da

2 Comments on “Itxialdirako genetika (21): COVID-19ari gene-sentikortasuna

Comments are closed.