Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (24): Beldurraren genetika

Egun gogorrak bizitzea egokitu zaigu. Psikologikoki ez da erreza konfinamenduari eta ezjakintasunari aurre egitea. Bakoitzak ahal duen moduan eramaten ari da estresagarria den egoera hau. Egunotan pairatzen ditugu ere motibazioa emateko eta boluntaristak diren esaldiak, bideoak eta memeak. Niri behintzat horiek lagundu baino, gogaitu egiten naute. Aringarri bezala edo, pilula hauek hasi nituenetik, beldurraren gene-oinarriaz idatzi nahi nuen, momenturen batean beldurra sentitu dut eta. Baina kosta egin zait, ez baitut askorik aurkitu.

Beldurra sentitzearen gene-oinarria badirudi aspalditik ikertu egin dela. Bere momentuan ezarri baitzen beldurra sentitzea heredagarria dela, hots, geneek nolabait eragiten zutela. Ezaugarri bat heredagarria den ikertzeko, bikiak erabiltzen dira: biki monozigotikoak klonak dira, biki dizigotikoak ez, baina bi motatako bikiek ingurune partekatuak dituzte. Hortaz, biki mota ezberdinen artean dauden ezberdintasunak ezaugarri bat neurtzerakoan genetikari egotzi ahal zaio. Horrela beldurra ere neurtu zuten bere garaian. Baina azken urteetako gene-ikerketa zehatzik ez dut aurkitu, eta arakatzen saiatu banaiz ere, ez dut ezer argirik aurkitu. Zera, argia niretzako, ikusi ditudan lan askok nire dudak sortzen dizkidate.

Gene jakinei dagokiola COMT genea eta SLC6A4 geneak dira aipagarriak iruditzen zaizkidanak. COMTgeneak neurotrasmisoreen maila kontrolatzen ditu, neutrotrasmisoreak deseginda. Bere funtzioa bate ere kortex prefrontalean betetzen du, garunaren eskualde bat zeinak lotura duen, besteak beste, emozioekin edota konportamenduen inhibizioarekin. SLC6A4 geneari dagokiola, serotoninaren garraiatzailea da eta serotoninak beldurra modulatzen du. Ikusi da gene horren aldaera batek kontrolatzen duela amigdalan dugun serotonina kopurua. Horren ondorioz, egoera baten aurrean sentitzen dugun beldurra eta antsietatea ezberdin erantzungo dugu gene horren zein aldaera dugun arabera.

Baita ere genoma-osoko ikerketak bilatzen saiatu naiz. Beldurra aztertzen dutenak baino antsietatea aztertzen dutenak aurkitu ditut. Egia esan ez dut zalantzarik gabeko ezer aurkitu gai honen inguruan. Horrelako ezaugarri konplexuetan gertatzen dena da, alde batetik, zaila dela ondo zehaztea neurtzen dena, eta ez bukatzea saski-naski batekin; beste batetik, gene-eragina ikustekotan, oso eragin txikia izango dela.

Ze ondorio ateratzen dugu guzti honetatik? Beldurra geneetan programatuta egotekotan ez dagoela argi non; eta genetikak ez duela zertan dena azaldu behar. Oraindik ihes egiten diguten faktore asko baitaude.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan

One comment on “Itxialdirako genetika (24): Beldurraren genetika

Comments are closed.