Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (32): Saguzarrak

Pangolinekin batera, bizi dugun pandemiaren beste protagonista, izurritearen iturri izan daitezkelakoan, saguzarrarak dira. Ez, ez naiz saguzarren gora beherak azaltzen jarriko, Euskal Herrian baditugu animalia horietan aditu bikainak; eta orain dela gutxi Berrian argitaratu zein saguzarrei eta COVID-19ari buruzko erreportaje sakon bat. Hemen, pangolinekin egin bezala, ze gene-informazio dugun aztertuko dugu.

Saguzarrak Chiroptera ordenako ugaztunak dira, 1200 espezietik gora biltzen dituen animalia-taldea, hain zuzen ere. Horrenbeste espezie egonda, suposa dezakezuen bezala, eskuragarri dagoen gene-informazioa pangolinena baino handiagoa da. 

Sekuentziatutako genomei dagokiola, 38 espezie ezberdinen genomak eskuragarri daude. Baina pangolinekin gertatzen zen bezala, espezie gehienen genomari buruzko informazioa oraindik zati handiagotan edo txikiagotan banatuta dago, ez guztiz antolatuta. Salbuespen bakarra lantza-sudurdun saguzarra (Phyllostomus discolor) da. Bi mila megabase pasatxo dituen genoma 16 kromosometan antolatzen da, oraindik sekuentzia zati asko kokatzeke badaude ere; eta genoma horretan 27 mila gene inguru kodetzen dira.

Genomak sekuentziatzerakoan hori ere gerta daiteke: sekuentzia gehienak kromosometan kokatu ahal izatea eta, hortaz, jarraian doazen sekuentzia osoagoak lortzea; baina hutsune batzuk sartu behar izatea bertan zeintzu sekuentzia doazen argi ez dagoelako. Edo non kokatu behar diren ebaztea zaila den sekuentzia batzuk egotea. Baina, edonola ere, kokatu gabeko sekuentzia horiek eskuragarri jartzen dira, bertan dauden gene-osagaiak aztertu ahal izateko.

Genomez gain DNA, proteina eta geneei buruzko gene-datu asko dago saguzarren inguruan. Bai mitokondriaren sekuentziena, populazioen eta espezieen arteko harremana ebazteko erabiltzen dena; bai beste gene batzuena, saguzarren berezitasunak ikertzeko erabili direnak.

Laburbilduz, saguzarrei buruz gene-informazioa egon badago baina oraindik lan handia dago egiteko animalia talde honen buruzko gene-informazio osatua lortzeko. 

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak

2 Comments on “Itxialdirako genetika (32): Saguzarrak

Comments are closed.