Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (33): Zitokinen ekaitza

Gure bizitzak hankaz gora jarri duen COVID-19 gaixotasunak ez gaitu modu berdinean eragiten pertsona bakoitzari. Behin SARS-CoV-2az kutsatu ostean, gure gorputzek, gure immune-sistemek, modu ezberdinean erantzuten dute: batzuk sintoma oso arinak dituzte eta beste batzuk nahiko larriak. Sorta honetan erantzun horren gene-oinarrien bila dabiltzala aipatu dugu (gero plottwist bat bizi izan dut gai horren inguruan, ea noizbat kontatzeko aukera dudan), baina gaurkoan erantzun larrietako bat aztertuko dugu: zitokinen ekaitza bezala deitzen dena, hain zuzen ere. Sare sozialetan eta horien bidez zabaltzen diren bideotan hainbatetan ikusiko edo entzungo zenuen terminoa.

Zitokinen ekaitza immune-sistemaren gehiegizko erreakzio bat da, non zelula txuriek kontrolik gabe ekoizten dituzten zitokinak deitzen diren molekulak. Zitokinak erantzun immuneko parte garrantzitsu bat dira, zelula txuriak aktibatzeko erabiltzen baitira eta hanturaren -inflamazioaren- eragile baitira. Molekula horiek gehiegi ekoizten direnez, paziente batzuk sintoma larriak aurkezten dituzte.

Sistema-immunearen gehiegizko erantzun hori ez da bakarrik COVID-19an ematen, beste infekzio eta gaixotasun kroniko askotan gertatzen da ere. Zentzu horretan ez da ezer berria ezta berezia. Pertsonen arteko aldakortasuna ikusita eta immune-sistemaren funtzionamendua ez-optimoa dela ikusita, egokia izan daiteke galdetzea ea gene-oinarririk ote duen. Baina erantzuna, beti bezala biologian, ez da zuzena izango.

Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da zitokinen ekaitza bezala oso antzekoak diren nahasmenduak izendatzen direla. Horrek esan nahi du horietako bakoitzak gene-oinarri ezberdinak izan ditzaketela, ikusten dugun emaitza -zitokinen gehiegizko ekoizpena- berdina bada ere. Gainera, zitokinen ekoizpenean hainbat pausu daudenez, hau da, hainbat  genek parte hartzen dutenez, antzeko ondorioak lortu daitezke puntu ezberdinetan dauden akatsen, hots, gene ezberdinetako aldaeren, eraginez. Bai, gai hau genetikaren ikuspuntutik ikertzea korapilatsua da.

Edonola ere, zitokinen ekaitzean parte har dezaketen hainbat gene proposatu dira. Esate baterako, PRF1genearen mutazioak eragiten du zitokinen ekaitzak sortzen dituen jaiotzetiko nahasmendu bat; eta beste zitokina ekaitz mota batzuetan mutazioak dituela ikusi da. Gene horrek perforina proteina sortzen du, zelula txuri mota batzuek erabiltzen dutena txikitu behar dituzten zelulei lotzeko. Hori dela eta, perforinarekin harremana duten beste gene batzuk ekaitzaren eragile bezala proposatu dira ere. Gene horietaz gain, hanturaren kontrolean eta birusen kontrolean parte hartzen duten gene batzuetan mutazioak identifikatu dira zitokinen ekaitza izan duten pazienteetan.

Hortaz, zitokinen ekaitzean gene-oinarria egon badaiteke ere, gene-oinarri hori anitza eta heterogeneoa da, ia kasuz-kasu aztertu beharko litzatekeen zerbait da. Guztiz orokortu ezin daitekeen gene-auzi horietako bat da, hain zuzen ere. Baina, ez, ez du zer ikusirik immune-sistema hobeagoa edo txarragoa izatearekin, ondo ezagutzen duzuen lagun batek, haserre, bidali zidan bideoren batean esaten zen bezala…

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak