Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (34): Gainontzeko epidemiak (I) – GIB

Pandemia berri batean bizi gara. Ez da lehena izan eta ez da azkena izango. Gizakiok pandemia eta epidemia anitz bizi izan ditugu gure espeziearen historian zehar. Bizi izan ditugun epidemia horien artean, momentu honetan bi dira pandemia bezala izendatuta daudenak: COVID-19a eta HIESa. COVID-19aren genetikaz asko idatzi dut, gutxi badakigu ere; azter dezagun HIESa eta, espreski, HIESa sortzen duen GIBa.

HIESa 1980 hamarkadeko hasieran aurkitu zen eta geroago jakin zen Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIBak) eragiten zuela. Oraindik urtero milioi bat pertsonatik gora birus honetaz infektatzen da munduan zehar; horregatik pandemia izaera izaten jarraitzen du. 

GIBa erretrobirus motako birusa da. Erretrobirusak RNA birusak dira eta beren bikoizketa aurrera eramateko beren RNA DNA bihurtzen dute eta DNA hori zelula-ostalariaren DNAn txertatzen dute. Noizean behin, txertatutako DNA hori espezie bateko gainontzeko DNArekin batera gurasoetatik ondorengoetara transmiti daiteke beste gene-osagai bat balitz bezala. Horrela erretrobirus endogenoak sortzen dira, tesi bat idatzi nien gene-osagaiak, hain zuzen ere.

Erretrobirusek oinarrizko hiru gene dituzte: egitura-proteinak sortzen dituen gag genea; RNA DNA bihurtzen duen eta ostalariaren DNAn txertatzen duen pol genea; eta birusaren estalkia -kanpoaldeko egitura- sortzen duen env genea. Gene horietaz gain, erretrobirus konplexuek gene gehiago dituzte. Eta, bai, GIBa erretrobirus konplexua da eta beste zazpi gene gehiago ditu. Gene gehigarri horiei esker bere infektatzeko gaitasuna handitzen du eta bere burua kopiatzea erraztu. Hori GIB-1 birusari dagokiola, denok ezagutzen duguna. Zeren bada ere GIB-2 birusa, HIESa ere sortzen duena, eta Afrikan detektatu da birus hori. Bere egituraren aldetik, esandakoa, GIB-1en oso antzekoa, ezberdintasun bakarra da gag eta pol geneak batera dituela. GIB-1a txinpantzeetan du jatorria eta GIB-2a Cercocebus atys tximinoan.

GIBa gai da immune-zelula mota ezberdinak infektatzeko. Horretarako hainbat hartzaile erabili ditzake, baina ezaguna da birus honen andui ezberdinek CCR5 hartzailea erabiltzeko gai direla. Hartzaile horretako mutazio batek GIBaren aurrean erresistentzia ematen du eta mutazio hori duten pertsonak ez dira infektatzen. Adibidez, gene-edizioa erabili zen lehenengo haurretan gene hori editatu zen; eta horrela justifikatu zuten ere: HIESa ez garatzeko.

40 urte pasa dira epidemia hau hai zenetik eta oraindik ez dugu behin betiko sendagairik ezta txertorik aurkitu. Gure immune-sistema erasotzen duenez horiek aurkitzea zaildu egin da. Behintzat gaixotasuna kronikoa izatea lortu da. Baina oraindik jende gehiegik gaitz hau eransten du.

Orain bizi dugun pandemiarekin alderatuta, infekzio-abiadura ezberdina bada ere, badira antzekotasun batzuk: giza-harremanak aldatu ziren (sexu-harremanak goitik behera aldatu ziren), praktika klinikoa moldatu zen (xiringen erabilera, odol-emateak, etab.), beldurra hedatu zen eta giza-taldeak estigmatizatu ziren. Hori ere bizi izan genuen, aldaketak egon ziren eta aurrera egin genuen. Ez da lehen aldia eta azken aldia izango.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza