Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (42): Jirafen lepoa

Ez dakidanez zenbat iraungo duen itxialdirako sorta honek, noizbehinka, ideiak jasotzeko eta lantzeko materiala edukitzeko, txio desesperatu bat bidaltzen dizuet gaiak eskatzen, zuen galderak edo zalantzak jasotzeko. Amaia Urzelaik epigenetikak ea Lamarcki arrazoia ematen ote ez dion galdetu zidan. Sakonki arnas egin nuen 😜.

Guztiok entzun dugu jirafen lepoaren parabola. Jirafa batek lepoa luzatu zuen zuhaitz altuagotara heltzeko eta lepoaren luzapen hori bere oinordekoei pasa zien. Horiek lepo luzeagoa zuten, are gehiago luzatu zuten, horrela belaunaldiz belaunaldi, eta horregatik jirafek dute lepoa hain luzea. Bada. Adibide hori oker okerra da. Burutik kendu. Ahaztu. Kaka. Eboluzioak ez du horrela funtzionatzen. Parabola hori zuzenduz, jirafa batek, zoriz, mutazio bat pairatzen du, zeinak lepoa luzatzen dion. Lepoa luzeagoa duenez, janari gehiago jan dezake eta, hortaz, energia gehiago ugaltzeko. Lepoa laburragoa dutenak baino gehiago ugaltzen denez, bere mutazio hori populazioan hedatzen da eta, horrela, jirafa guztiak lepo luzeak izango dituzte. Hau da, ingurunera moldatzeko aldaketa batek ez du gene-materiala aldatzen; gene-materialean gertatzen diren aldaketak hedatzen dira ingurunera ondo moldatzen badira. Inguruneak aldaketak eragiten zituela Lamarckek proposatu zuen, aldaketak zoriz gertatzen zirela Darwinek proposatu zuen. Darwin zen zuzen zegoena, biek beren proposamenak egin zituztenean oraindik geneak zer ziren ez bazekiten ere.

Horretan geunden, lasai, gene-informazioa DNAn doala frogatzenmutazioak eta hautespen naturala aztertzen eta guzti hori, genetikoa ez den heredentzia defendatzen zutenak hortik, noizbehinka, beren propaganda zabaltzen zeudela. Horrela epigenetika terminoa erabiltzen hasi zen adierazteko DNAtik kanpo gertatzen den heredentzia, nolabait DNAn idatzita ez dagoen transmititzen den hori adierazteko (baldin badago, noski); eta horretan inguruneak nolabait eragin bat zuela. Beste era batera esanda: inguruneak gene-informazioan aldaketak sortzen dituela eta aldaketa horiek ondorengoetara nolabait pasatzen direla. Neolamarckismoa gurean zen.

Orain arte erabili dudan tonua ikusita imajinatu dezakezue ez dudala hori erosten. Alde batetik epigenetikaren sakuan geneak erregulatzeko mekanismo asko sartzen dituztelako; bestetik gene-informazioa DNAn doalako. Epigenetika deitzen badiote ere, geneen funtzioa erregulatzeko mekanismo asko ez dira epigenetikoak. Izan ere, erregulazio hori gauzatzeko mekanismo garrantzitsuenak edo beste gene batzuek egiten dute (transkripzio faktore deitzen direnak) edo RNA ez kodetzaileek egiten dute (DNAtik sortzen diren molekulak). Espreski epigenetikoak diren mekanismoak dira DNAren metilazioa eta histonen (DNA paketatzeko erabiltzen diren proteinen) metilazioa. Metilazioa da DNAn edo histonetan marka bat jartzea, seinale baten antzekoa. Metilazioak ospe handia du minbizietan metilazio aldaketak ikusten direlako; edo gosetea pasa zuten haurdunek barruan zuten fetuei gene-aldaketak “transmititu” zizkietelako. Baina mekanismoak beti dira ezezagunak eta, adibidez, inoiz ez da aipatzen metilazioa adaptazio ebolutibo bat dela gene-bizkarroien funtzioa oztopatzeko. Hau da, gene kooperatiboen babes-mekanismo bat da gene berekoien aurka. Kristalezko bola hartuko dut eta nire susmoa da mekanismo ezezagun horien atzean gene-osagaiak daudela.

Orduan epigenetikak nolabait Lamarcki edo neolamarckistei arrazoi ematen die? Ez borobila. Inguruneak ematen dituen seinaleen aurrean erantzutea eta erreakzionatzea ez baita inguruneak gene-informazioan aldaketak sortzea. Noski, oker egon naiteke, hau horrela diot kontrakoa esaten duten datuak izan arte.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak 
41) Birus erraldoiak