Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (43): Hesteak minberak direnean

1997. urtean Gaixotasun Gastrointestinalen Nazioarteko Fundazioak apirila izendatu zuen Heste minberaren sindromearen (HMS) kontzientziazio hilabetea bezala. Horrela, hilabete honetan zehar hainbat informazio-ekintza egiten dira nahasmendu hau ezagutzera emateko; eta apirilaren 19an goiak jotzen du HMSari buruzko informazioa zabaltzeko hilabeteak. Baina, aurten, COVID-19a dela eta, bertan behera gelditu zen. Baina ez nuen nahi hilabetea bukatzea HMSari buruz hitz egin gabe.

Gaixotasun gastrointestinalen genetika ikertzen dudanez nahasmendu hau ere aztergai izan dut eta izaten jarraitzen dut. Heste minberaren sindromea esanda agian ez zaizu burura etorriko, kolon irritable idazten badut, baietz suposatzen dut. Azken finean populazioaren %10-15k artean nahasmendu hau pairatzen du eta, hortaz, erreza da norbait ezagutzea arazo horrekin. Arazo diot eta ez gaixotasun, zeren zerbaitek txarto funtzionatzen duela argi badago ere, ez dago argi zer den txarto dagoen hori. Behin beste gaixotasun eta nahasmenduak baztertu ondoren diagnosia egiten da. Horrek ageriko arazo bat uzten digu: komunera joaterekin lotutako saski-naski bat izaten bukatzen duela.

Berez edozein ezaugarri konplexuren gene-oinarriak aztertzea zaila bada, imajinatu ikertzea nahasmendu ezberdinak izan daitezkeen nahasketa bat, non dietak eta mikrobiotak eragin dezakeen. Baina saiatu, saiatzen gara. Edonolan jada kontatu dizuet HMS duten pertsona batzuek azukrearen digestioa gauzatzeko gene batean mutazioak dituztela; eta baita ere gure taldeak parte hartu du HMSan aurkitu zen lehen gene-seinale argiaren aurkikuntzan. Eta aurrera begira beste hainbat proiektutan parte hartzen gabiltza HMSa ertz ezberdinetatik ikertzeko. Baina horien emaitzak eta horiek kontatzea itxialdiaren ostean etorriko dira. Hori espero dut behintzat.

Ba hori, gaurko pilula hau gogoratzeko zen, itxialdian bagaude ere, gaixotasun eta nahasmendu gastrointestinalak genetikaren bidez ikertzen jarraitzen ditugula.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak 
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa