Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (44): Eboluzioa bueltan da

Munduari gure zilborretik eta gure zilborrarekin begiratzen diogu. Bai norbanako moduan, bai espezie moduan. Antropozentrismo horrek gure inguruan gertatzen direnak interpretatzeko moduan eragina du eta aurreiritziak sortzen dizkigu ere. Batez ere gure espeziearen inguruan.

Azken urteetan, gero eta gehiagok esaten zuten gure espeziea eboluzioaren katetatik askatu egin dela. Zibilizaziori, kulturari eta teknologiari esker hautespen naturala saihesten ari ginela. Baina hori espezie bezala ditugun aurreiritziak besterik ez dira. Beti berezitxoak garela sentitu behar dugu. Baina birus nimiño bat besterik ez dugu behar izan gogorarazteko eboluzioaz ez garela hain errez libratuko.

Gure espezieak, beste edozein bizidun bezalak, ingurunearen presioa jasotzen du eboluzioan jokatzeko; eta guk sortu ditugun kulturak eta teknologiak joko horren parte dira ere, bi norabidetan: inguruneak sortzen dituen presioak moldatzen ditugu horiei esker; eta, aldi berean, gure gene-ondarea aldatzen doa. Adibidez, Europan laktosari tolerantea izatea behien etxekotzearekin (kultura eta teknologia berriak direnak) batera gertatu zen; baina giza-espeziearen gehiengoak ez du gaitasun hori, zerbait lokala da (antropozentrismoari eurozentrismoa gehitu behar zaio hemen).

Edonola ere, beste edozein espeziek dituen moldapenak ditugu ere. Horiek gutxiesteko joera dugu ere, esanez gure espezieak ez duela apenas adaptaziorik izan ehiztari-biltzaile izateari utzi genionetik. Baina hor daude. Adibidez, anemia faltziformearen banaketa malariaren eraginez. Gainera adaptazio gutxi izan ditugula tranpa txiki bat da ere, azken finean gure espeziea genetikaren ikuspuntutik oso aspergarria da (Afrikatik kanpo gene-aldakortasun gutxi dago) eta denbora-eskalarekin jokatzen gabiltza (adaptazioak detektatzeko belaunaldi asko behar dira).

Hala ere, ñabardura guzti horiek hor egonda ere, azken hiru hilabeteak dira adibiderik onena eboluzioaren mekanismoen agindutara jarraitzen dugula ikusteko. Eboluzioaren mekanismoen ondorioz birus bat gure espeziean zabaltzeko gaitasuna eskuratu du eta gure espeziea estutasunean jarri du. Gure hotsandiko zibilizazioak, kulturak eta teknologiak; gure berezitxo sentitu behar horrek; gure harrokeriak eboluzioaren kolpe gordina jaso du. Eboluzioa edozein bazterretan kolpatu ahal gaituen mailu bat da. Bai norbanako moduan, bai espezie moduan.

Norbanako eta espezie moduan apalagoak izatea eskatzea denbora galtzea denez; eta guzti honetatik ez dugunez ezer ikasiko; behintzat honek balio dezala gogoratzeko eboluzioaz ez garela libratuko. Hori askotan esan nahi badugu ere.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak 
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean