Kafepintxo

Itxialdirako genetika (51): Adituaren falazia

COVID-19 gaixotasunaren transmisioa eskutatik joaten hasi zitzaigunean adituengana jo genuen zer gertatzen ari zen jakiteko. Osasun krisiak eztanda egin zuenean erabakiak adituen txostenetan oinarrituta hartu behar zirela zabaldu zen. Medioak eta sare sozialak adituz bete ziren, gertatzen ari zenari buruz eta egin behar zenari buruz pontifikatzen. Baina inork ez zekin ezer. Eta jakin gabe jarraitzen dugu.

Agintearen argudioarekin (edo sasijakintsu moduan jartzen bagara argumento ad verecundiam-ekin edo magister dixit-ekin) arazo larri bat dugu. Berez falazia bat bada ere eta, hortaz, edozein eztabaidetan ekidin beharreko zerbait, argudio definitibo moduan erabiltzen dugu, “hori horrela da gaian aditu batek esan duelako”. Edo Wikipedian datorrelako. Honek aldaera bat du ere, gai batean aditua denak pentsatzea beste gai batean aditua izan daitekela, edo behintzat besteek baino gehiago dakiela ustea, eta idearik ez duen gai batean adituaren plantak egin. Bai, oso txarto daramat adituen kontua.

Iruditzen zait azken asteetan Dunning-Kruger efektuak gogor jo gaituela; eta kaltegarria izaten ari da. Efektu horrek isuri kognitibo bat deskribatzen du: gai batez zerbait dakienak uste du benetan dagoena baino prestatuagoa dagoela; eta gero eta gehiago jakin, gero eta zalantza gehiago izatea zure gaitasunez. Beste era batera esanda: pixka bat dakitenak oso arriskutsuak dira, gutxi dakitela ez baitute onartzen. Eta oso txaplata jarriko dira beren usteak ematen. Zera, azken asteetan sare sozialetan pairatu duguna. Batez ere gai batean edo bestean adituak diren partetik.

Itxialdirako sorta honen hasieran SARS-CoV-2a ikertzeko patxada behar genuela esan nuen. 44 pilula beranduago atsekabe handiz esan behar dut betiko martxan jarraitu dugula (business as usual) eta ez dugula patxada hori izan, ez ikerketarako, ez komunikaziorako. Arinegi bizi gara eta hanka sartzeak onartezinak izan dira. Adibidez, hidroxiklorokinarekin gertatu dena. Hasieran panazea zen, adituek pontifikatu zuten txarto burututako ikerketa bat oinarri hartuta; eta denbora eta baliabideak galdu ditugu (eta galtzen jarraitzen ditugu) balio ez duela ondorioztatzeko. Edo astearean hasieran kontatu nizuen bezala, COVID-19 eta tripen arteko harremanean dagoen argitalpenen hiperinflazioa, COVID-19an orokorra dena. Zientzia-artikulu asko denbora oso gutxian. Aipatu izan da hori ona dela, zientzia buru belarri jarri delako gaitz hori ikertzera. Ni zinikoagoa naiz horrekin, nik bakarrik CVak loditzeko zarata ikusten dut. Hidroxiklorokinarekin gertatu dena. Hasieratik gauzak ondo egin balira, patxadaz eta ganoraz egin, ez genuke inora doan bide bat hartuko eta, garrantzitsuena, itxaropen faltsurik emango. Lehia gaitza berantgarri.

Esan genezake jendeak nahiago duela gezur adeitsu bat egia gordin bat baino, baina hori gure buruak zuritzea iruditzen zait. Nik nahiago ditut zuhurtziaz, zintzotasunez eta zalantzekin hitz egiten duten jakitunak, oso ziur ozen hitz egiten duten adituak baino. Zaila da hainbeste zarata artean (bai zientzian, bai komunikazioan) benetan interesgarria eta garrantzitsua dena aurkitzea. Eta benetan beldurgarria eta kezkagarria dena: balio duten ikerkuntzak eta ahotsak galtzea zarata horren artean.

Zer egin adituen izurri honen aurrean? Ba zuhurtzia eta garbitasuna, beste edozein izurriterekin bezala. Eta fidagarriak diren jakitunak mimatu.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak 
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-diberitsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak