Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (54): Bizi(tz)a konplexua da

Askotan irakurriko zenidaten biologia konplexua dela zerbaitek agerikoa ez dirudienean edo galdera baterako erantzun zuzenik ez dugunean. Izan ere, hitzaldiren batean, bukatu baino lehen gehitu dut “beno, kontatu dizuedana horrela izan daiteke edo ez. Zeren bizia konplexua da”. Gaurkoan bizia konplexua dela esaten dudanean zer esan nahi dudan azaltzen saiatuko naiz. Zeren azken egunotan gertatu diren gauza batzuk eta etor daitezkenak ulertzeko, beharrezkoa dugu oinarri hau sendo ezartzea.

Biologiaren arazorik handiena bere ziurgabetasuna da. Sistema kaotiko eta konplexuak aztertzen ditugunez, gure emaitzez zenbat fida gaitezen mugatua da. 

Onartzen dugu zoriak gure behaketen %5a arte azal dezakela, hau da, A-k B eragiten duela esaten dugunean, benetan, esaten duguna da A-k B eragiten du… kasuen %95-an behintzat. Beste era batera esanda: onartzen dugu 20tik 1 arraroa dela eta gure eredua ez duela beteko. Baina muga hori guk jarri dugu, guztiz arbitrarioa da, adostasun bat. Hortik behera, %95tik behera, ezin dezakegu ezer ziurtatu.

Nahastea sortzen duen beste faktore bat da ez ditugula sistema biologikoetako parte-hartzaile guztiak ezagutzen eta ez dakigula nola elkar ekiten duten. Oraindik horretan gabiltza. Horrek eredu sendoak sortzea zailtzen du eta, hortaz, gure aurresateko gaitasuna mugatua da. Gainera sistema biologikoek maila ezberdinak dituzte (molekula, zelula, ehuna, organoa, indibiduoa, espeziea, populazioa, ekosistema,…) eta horien artean elkarrekintzak daude; baina, esan bezala, ez ditugu protagonista guztiak ezagutzen ezta nolako harremanak dituzten. Protagonista eta elkarrekintza horietako hainbat ezagutzen ditugu, bai noski, baina ez nahikoak ziurtasunez A ala B esateko. Probabilitatean munduan bizi gara. Euskarazko ahalera denboran bizi gara. Eta, gainera, bizia eboluzio konstantea da eta sistema biologikoek moldatzeko gaitasun ikaragarria dute: protagonista berriak daude, elkarrekintzak aldatzen dira. Horrek ziurgabetasuna handitzen du.

Gizakion kasuan, gainera, bizitzaren geruza dugu ziurgabetasuna handitzen. Hor sortzen diren protagonistak eta elkarrekintzak sistema konplikatzen du eta, hortaz, aurreikuspenak egitea zailtzen da. Pandemia baten garapena, esate baterako.

Badakit pandemia baten erdian, zer gertatu den oraindik oso ondo ez dakigunean eta egoerak nora jo dezakeen argitzerik ez dagoenean, hau esatea ipurdiko bat dela. Baina ziur nago irakurri ari zineten bitartean aste hauetan bizi izan duguna etorri zaizuela burura. Ziurgabetasuna bizi(tze)aren parte da eta, hortaz, bizi(tz)a ikertzen duten jakintza arloak ziurgabetasunez beteta daude. Errealitatea horrelakoa da eta errealitate hori dekodetzeko behar ditugunak dira zientziak ondo egitea, zuhurtzia eta patxada.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak 
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-diberitsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua

2 Comments on “Itxialdirako genetika (54): Bizi(tz)a konplexua da

Comments are closed.