Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (56): Genometako guda-hotza

Gure genometan guda-hotz bat dago. Alde batetik gene-osagai kooperatiboak daude; beste batetik gene-osagai bizkarroiak. Lehenengoek funtzio biologikoak burutzeko elkarlanean lan egiten dute; besteek bere burua kopiatzea besterik ez dute egiten. Bi indar hauen arteko tentsioek genomen eboluzioa bultzatu dute, batez ere bakoitzaren funtzioa kontrolatzen duten mekanismoak fintzen. Lan berri batek mekanismo horietako batean sakondu du.

Bere burua kopiatzen duten gene-osagaien artean elementu transposagarriak dira ugarienak eta hedatuenak. Pentsa, giza genomaren ia erdia halako gene-osagaiak dira. Beren gaitasun bakarra bere buruak kopiatzea da, berez, ez dute besterik egiten. Baina genometan egoteagatik, eta genometan sor ditzaketen desantolaketen ondorioz, makinaria oso bat garatu dute gene-osagai kooperatiboek gene-osagai berekoi horiek erreprimitzeko. Baina, baita ere, gene-osagai berekoi horiek profitatu dira auzolanean diharduten gene-osagaiek funtzio erabilgarri berriak sortzeko.

Noski, kontuan izan behar da genoma lineala bada ere hiru dimentsio dituela. Bildu eta paketatzen da zelulen nukleoan sartu ahal izateko eta bakarrik despaketatzen dira beharrezkoak diren sekuentzia-zatiak. Behar hori zelula-motaren eta momentuaren araberakoa da, sekuentzia bat edo beste eskuragarri jarriz, leku eta denbora horretan behar diren funtzio biologikoak bete ahal izateko.

Paketatze hori egiteko hainbat proteinak parte hartzen dute eta baita ere DNAn bertan idatzitako hainbat motibok (sekuentzia jarraiera jakinak). Horietako bat, CTCF lotura guneak deitzen direnak, gizaki eta sagu genometan aztertu dituzte eta ondorioztatu dute horietako asko elementu transposagarrietan dutela jatorria. Bere burua kopiatzen duten elementu berekoi horiei esker lotura gune berriak sortu dira edo beste batzuk berrantolatu eta horrek geneen kontrolean aldaketak sortu ditu. Beste era batera esanda, bizkarroiak omen diren elementu horiek malgutasuna ematen diete genomei, geneen funtzioa modu ezberdinean antolatzeko aukera ematen baitute. Izan ere, sortzen duten aldakortasuna DNA paketatzerako orduan, zelula-motaren arabera geneen funtzioa findu dezake.

Ez da lehen aldia ikusten dela elementu transposagarriek genomaren malgutasunean eragina dutela. Berez gene-osagai bizkarroiak badira ere, hor egoteak genometan berrikuntzak egotea eragiten du. Argi dago gene-osagai kooperatibo eta berekoien arteko guda-hotz horrek genomak moldatzen dituela eta eboluzioan inpaktu handia duela.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak
39) Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten
40) Bizi-urteak kentzen dituzten mutazioak 
41) Birus erraldoiak
42) Jirafen lepoa
43) Hesteak minberak direnean
44) Eboluzioa bueltan da
45) Zama diren onurak
46) COVID-19a eta tripak
47) Gene-diberitsitatea
48) Bigarren olatuak
49) Sexu-kromosomak eta bizi-luzera
50) Gene-aholkulariak
51) Adituaren falazia
52) Bio zuk zeuk egin
53) Koronabirusen erretratua
54) Bizi(tz)a konplexua da
55) Etxabereak eta gu

One comment on “Itxialdirako genetika (56): Genometako guda-hotza

Comments are closed.