Domeketako gosaria - Kafepintxo

Beldurra

Ezin gaitezke beldurrarekin bizi. Hori diogu askotan, mantra bat bezala. Normalean ez naiz beldurrarekin bizi, ez nau gelditzen, egin beharrekoak egiten ditut, kontuz eta tentuz, baina beti aurrera. Kororekin hau aldatu da.

Beldurra izan dut. Beldurra izaten jarraitzen dut. Bai, beldurra. Ez da “errespetua” (beldurra mozorrotzeko darabilgun eufemismoa), beldurra da. Arrazionala dela adostu dezakegu baina ez dio larritasunik kentzen. Gaixotzeak kezkatzen nau, besteak gaixotzea arduratzen nau, izan ditzakegun ondorioek beldurtzen naute. Gehienek sentitu gabe pasatzen dute, baina nire beldurra da COVID-19 larri bat izatea. 

Batez ere beldurtzen nau dastamena galtzeak. Nire liturgia asko dastatzearen inguruan eraikiak dira, jateaz eta edateaz gozatzea. Hori gabe bizipoz iturririk gabe geldituko nintzateke, egunerokotasunari aurre egiteko heldulekurik gabe. Bai, dastamena galtzeaz eta horren ondorioez beldur naiz. Baina ezin gaitezke beldurrarekin bizi, ezta?