Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (11): Etxeko gene-lanak

Gure etxeetan gaudenez, etxeko lanak zein garrantzitsuak eta eskertxarrekoak diren ohartzeko aukera izan dugu. Etxe bat funtzionatzen mantentzeko beharrezko lan guzti horiek gure egunerokoan oharkabean edo gogait pasatzen zaizkigu. Itxialdiak balio dezala duten garrantzia eta lehentasuna onartzeko. Gure zeluletan antzeko zerbait gertatzen da, zelulen funtzionamendua mantentzeko gene asko daude, etxeko gene-lanak burutzen dituztenak.

Gene horiei “etxeko lan geneak” deitzen zaie. Zelula mota guztietan eta edozein egoeretan modu erregularrean funtzionatzen duten geneak dira. Hau da, berdin dio non eta noiz, beti adierazten dira, konstitutiboki aktibo daude. Hortaz, ondoriozta daiteke gene horiek zelula bat bizirik eta funtzionatzen mantentzeko gene-sorta minimoa direla.

Gizakion kasuan, gene horiek hainbat funtzio betetzen dituzte. Horien artean aurkitzen dira beste geneen funtzionamendua kontrolatzen dutenak, gene horien funtzioa areagotuz, txikituz edota zelula-konpartimentu ezberdinetatik aldatuz; DNA zaintzen dutenak eta beren kopiak egiten dituztenak; RNA sortzen dituztenak eta RNA proteinetara itzultzen dituztenak; zelularen zikloa (sortu – hazi – hil) kontrolatzen dutenak; zelularen metabolismoa kontrolatzen dutenak, hau da, energia eta beharrezko osagaiak lortzen dituzten geneak; eta zelularen egituraz arduratzen diren geneak, zelularen forma, konpartimentuak eta kanpo-harremanak bermatzeko.

Betidanik pentsatu izan da gene horien aktibitatea egonkorra dela, berdin zuela egoera fisiologikoak (gaixorik egon ala ez). Horregatik hauetako gene batzuk oinarri bezala erabiltzen dira esperimentuen emaitzak kalibratzeko.  Baina egonkortasun hori ez da beti horrela gene askorentzat. Izan ere, beti beti beti, baina beti beti beti funtzio egonkorra duten geneen kopurua 20 inguru da. Eta horiek bai oso baliagarriak direla esperimentuen kalibraziorako eta, horrela, ondorio zuzenetara heltzeko.

Hortaz, zaindu zuen etxeak modu egonkorrean, etxeko gene-lanak egiten dituzten geneek gure zelulek zaintzen dituzten bezala.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu