Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (26): Erratuta nengoen eta erratuko naiz

COVID-19a oraindik zurrumurru bat zenean, oraindik izenik ez zuenean, lasai nengoela idatzita utzi nuen blog honetan Otsailaren 15an, momentu horretan askoz gehiago arduratzen ninduten furanoekin eta dioxinekin alderatuta. Lasai nengoen nioen, zeuden datuak ulertzen nituelako eta beren interpretazioak lasai egotera eramaten ninduelako. Espreski parrafo hau berreskuratuko dut:

Hortaz, lasai egoteko arrazoiak nituen. Akaso ardura uler dezaket txertorik ez dugulako eta, birusaren garapenaren arabera, babes hori ez edukitzeak ezinegona sor dezake. Baina ez dirudi arduratzeko zantzuak dagoenik.

Oker nengoen. Eta ez dut inolako arazorik onartzeko. 

Garai horretan, orain dela bi hilabete, SARS-CoV-2aren hedapena kontrolpean egon zitekeela uste nuen. Inuzentea izan nintzen, uste bainuen osasun-agintariek eta agintariek oro har, Txinan gertatzen ari zena kontuan hartzen zeudela eta, batez ere, Munduko Osasun Erakundearen gomendioak jarraitzen ari zirela, protokoloak egoerari moldatuko zituztela. Erakunde horretako buruak esaten zuen oraindik pandemia gelditu zitekeela eta agintariei hori lortzeko ahalegina egiteko eskatzen zebilen. Eskuetan nuen datuekin eta osasun-erakundeetan nuen konfiantzagatik, ez nengoen arduratuta.

Hala ere, datuak aldatzen joan diren heinean, eta nire mesfidantza handituz joan den heinean, hori aldatuz joan zen. Lehenengo katxondeoa pixka bat alde batera utzi nuen eta zerbitzu puklikoko txioak botatzen hasi nintzen.

Baina inflexio puntua Martxoaren 2a eta 3a izan ziren, orduan aurpegia ere aldatu zitzaidan. Eskura zegoen informazioa,  kontatu zizkidaten gauza batzuengatik eta entzun nuen prentsaurreko batengatik, nire jarrera aldatu nuen. Nire buruan hitz bakarra zegoen: desastre. Baina aste bat pasa nuen ezer zuzenean ezer gabe. Gero ezin izan nuen niretzat gorde.

Zergatik amorrua eta akojonea? Bi egun geroago gertatu zena susmatzen nuelako: kontrolagarria izan zitekeen epidemia bat pandemia bilakatu zen. Eta gurean gogor joko zuen.

Kontua da oker egotea normala dela, normala ez dena da oker zaudela ez onartzea. Normala ez dena ere da dauden datuekin gezurretan aritzea, hori beste kontu lazgarriago bat da. Agian zientziagintzako langilea naizelako oso barneratuta daukat bakarrik ziurtatu dezakedala zerbait nolakoa den momentuan dauden datuekin. Datuak aldatzen badira edo datu horiek interpretatzeko moduak aldatu behar badira, ondorioak ezberdinak izango dira. Ez da ezer hori onartzeagatik eta prozedura hori erabiltzeagatik. Lurra unibertsoaren zentroa zela uste zenetik zenbat aldatu diren gauzak, burkideak!

Eta ez izan dudarik, erratuta egongo naiz berriro ere. Egun hauetan pilula hauetan kontatu dudana, bihar edo etzi oker egon daitezke. Esaten dudana momentuan dudan informazioa interpretatuz esaten ditut. Informazioan ez banaiz fidatzen edo interpretazioa ez badut argi, esaten dut ere, adibidez Basaurin kutsatuen datuekin gertatu zaidana. Azkenean horri buruz txiokatzeari utzi diot ez naizelako datuez fidatzen eta bere interpretazioa gero eta aldrebesagoa iruditzen zaidalako.

Ziurgabetasunak eta zalantzak zientzien parte dira. Horrela behar du izan, ezin dugu sinistu pentsatzen duguna, pentsatzen dugun hori lehenago edo beranduago aldatu beharko dugulako. 

Gaur, parte naizen komunitatearentzat egun berezia den egun honetan, hori berresten diot: hemen nik idatzitakoak oker egon daitezke, denbora kontua da jakitea zertan eta zenbat. Bitartean, ahalik eta modurik zintzoenean parte naizen komunitateari gakoak eskaintzen jarraituko diot. Zeren gauza askotan oker egongo naiz, baina herri honen alde egitea ez da horietako bat.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia

One comment on “Itxialdirako genetika (26): Erratuta nengoen eta erratuko naiz

Comments are closed.