Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (39): Gainontzeko epidemiak (VI) – Etortzear dauden epidemiak aurreikusten

Epidemiaren asteari bukaera emateko etorkizunean gerta daitezkeen epidemiei erreparatuko diet. Ez, zientzialariak ez gara aztiak eta ezin dugu ziurtasunez zer gertatuko den aurreikusi. Baina ez gara errealitatearen behatzaile eta notario soilak. Hori egiten dugu indarrean dauden legeak eta arau orokorrak ondorioztatzeko, baldin badaude, noski. Eta, horrela, aurreikusi zeintzuk diren agertoki posibleak eta joerak. Beste era batera esanda, sistema determinista bada, indarrean dauden lege eta arau guztiak ezagututa, zer gertatuko den aurreikus egin daiteke. Eta ez bada, behintzat, agertoki posibleak plazara daitezke. Hortaz, goazen etorkizunari begiratu bat egira.

2015ean Munduko Osasun Erakundeak gaixotasun infekzioso berriei buruzko bilkura egin zuen. Bertan hiru ondorio nagusira heldu ziren:

  1. Epidemiei erantzutea ez da nahikoa. Agerraldiei aurre egiteko beharrezkoa da osasun-sistemak prestuagoak eta indartsuagoak izatea.
  2. Teknologiak aurreratuak beharrezkoak dira agerpenei aurre egiteko eta, batez ere, agerraldien anplifikazioari aurre egiteko.
  3. Hiri erraldoien eta mugikortasun handiko mundu globalizatuan dauden arrisku berriek behar dute osasun publikoaren esku-hartzeak hobeto moldatuta egotea.

Gainera, lehentasunezko Ikerkuntza+Garapena behar zuten gaixotasunak zerrendatu zituzten: Krimea-Kongoko sukar hemorragikoa; Ebola eta Marburg gaixotasunak; Lassa sukarra; MERS eta SARS koronabirusen gaixotasunak; Nipah gaixotasuna; eta Rift Bailarako sukarra. 2018an egin zen berrikuspenean, zerrendan ere agertzen ziren Zika birusa eta X gaixotasuna. X gaixotasunarekin adierazi nahi zen aurreikusi egiten zela gerta daitekeela epidemia handi bat oraindik ezaguna ez den patogeno baten ondorioz, eta, hortaz, halako gaixotasunak ikertzeko baliabideak gai izan behar zirela X gaixotasun horri arin aurre egiteko. Imajina dezakezuen bezala orain zerrenda horri gehitu zaio COVID-19a. 

Letra lodiz azpimarratu nahi izan dudana zera da: bizi ari garen agertokia aurreikusi egiten zela. Hasi beharko gara galdetzen eta aztertzen zergatik egoera honetara heldu garen abisua emanda bazegoen. Gaixotasun berriak zaintzen, sendatzen eta ikertzen duten pertsonei entzun beharko diegu jakiteko zerk egin duen huts eta ea baliabide nahikoak izan dituzten bere lana egiteko. Munduko Osasun Erakundeko adituek ezarri bazuten bizi ari garen agertoki hau posiblea zela, zergatik egin digu dena eztanda? Hau aurreikusi egiten bazen, nola ez geunden prest? Zer egin dute urte hauetan osasun-agintariek eta agintariek oro har? Ez dira Munduko Osasun Erakundearen txostenak jasotzen edo serio hartzen? Zergatik? Balizko hainbat epidemientzat abisua emanda badago, zer egiten den jakin beharko da txarto egindakoak berriro ez errepikatzeko.

Aipatutako gaixotasun horietaz gain, badira kezkatzekoak diren beste bi arazo: antibiotikoei erresistentzia eta txertoen aurkako usteak. Horien ondorioz jada gaindituta edo kontrolatzea errazak ziren gaixotasunen itzulera gerta daiteke.

Adibidez, txertoen aurkako zentzugabekeriaren ondorioz, elgorri agerraldiak handituz joan dira azken urteetan; orain dela hamabost urte, txertoei esker, ia desagertutako gaixotasun bat zenean. Agian bizi dugun krisiak txertoen garrantzia jarri du berriz mahai gainean eta txertoen onurak ezbaian jartzea arduragabetasuntzat joko da. Edo hori espero dut behintzat.

Antibiotikoei erresistentzia bestelako arazoa da. Ezaguna da tuberkulosi andui batzuk antibiotikoei erresistenteak bilakatu direla eta, hortaz, kontrolpean genuen gaixotasun horren gorakada gerta daiteke. Eta tuberkulosiarekin gertatu den bezala, bakterioek sortutako beste gaixotasun batzuekin gauza bera gerta daiteke. Sorta honetan Koleraz hitz egitean, aipatu nuen bakterioak oso promiskuoak direla, gene-sekuentziak partekatzeko eta trukatzeko gaitasun handia dutela. Horrek zailtzen du erresistentzien kontua baina eboluzioaren jokoaren parte da. Hortaz, beharrezkoak izan beharko dira andui horien kontrola eta antibiotiko berrien garapena, azken hau gero eta zailagoa bada ere.

Aste honetan epidemiak izan ditut hizpide sorta honetan. Bizi dugun egoerari informazioa gehitzeko eta, horrela, gako gehiago edukitzeko bizi duguna hobeto ulertzeko. Eta etorkizunari aurre egiteko. Zeren epidemia gehiago etorriko dira eta prestatzen joan behar gara.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen
29) Minbizien gene-bilduma erraldoia
30) Gaixotasunak sailkatzen
31) Pangolinak
32) Saguzarrak
33) Zitokinen ekaitza
34) Gainontzeko epidemiak (I) – GIB
35) Gainontzeko epidemiak (II) – Ebola
36) Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera
37) Gainontzeko epidemiak (IV) – Herpesbirusak eta H. pylori
38) Gainontzeko epidemiak (V) – Patogenoak ez direnak