Genetika, genomika ta beste

Kreazionismoari aurre egin ala ez lokaztu?

Kreazionismoa (edo bere bertsio eraberritua, “diseinu adimentsua”) gaitz oso larri bat da gure gizartearentzat. Gizarteko sektore atzerakoi eta irrazionalenek bultzatzen dute, beren dogma egi absolutu bilakatu nahirik. Izaki gorenago batek (jainkoaren eufemismoa) garen bezala egin gaituela defendatzen dute eboluzioaren aurka. Beraien esanetan natura hain da konplexua ezen “norbaitek” diseinatu behar izan duela. Hori ezin daitekeela zoriz gertatu, eboluzioak dioen bezala.
 
Oso erreza da zoria erasotzea. Kontraesankorra badirudi ere, eboluzioaren ondorioz gure garunak zoria ez du atsegin, denak patroi bat behar du eta pentsamendu magikorako hautetsia dago gure garuna. Bai, garena moldatu duten indarrak (zoria eta hautespen naturala) ulertzeko ez gaude prest. Populazioen genetikak lanabesak eman dizkigu eboluzioa ulertzeko (hautespena, mutazioa, jito genetikoa eta migrazioa) baina horiek barneratzea, hein batean, gure senaren aurka egitea da. Horretaz baliatzen dira kreazionistak eboluzioa erasotzeko eta beraien dogma zientziaren maila berdinean jartzeko.
 
Estatu Batuetan indarra hartu duten bezala, Europan ere kreazionismoa eta eboluzioa maila berdinean irakastea nahi dute. Izan ere, Espainiako hezkuntzaren azken erreforman “Erlijio” ikasgaiaren bidez kreazionismoa sartu dute ikasgeletan. Ez litzateke harritzekoa izango sektore hauen hurrengo pausua biologiako eskoletan kreazionismoa “irakasteko” presioa egitea. Hemen dator erronka gizarte aske, hezi eta kritiko bat nahi dugunontzat, nola borrokatu kreazionismoaren aurka berau legitimatu gabe.
 
Eboluzioaren alde nahi beste froga daude. Jaioberri bat bere amaren begiak baina, aitaren sudurra eta amamaren kokotsa duela esaterakoan inplizituki eboluzioaz ari gara. Eboluzioa behin eta berria frogatu dute behaketak kolokan jartzea ariketa zentzugabea da. Eskujokari ariketa hutsa, publikoaren arreta tontakeria batean jartzea benetan gertatzen ari dena ez ikusteko.
 
Kreazionistekin zuzenean eztabaidatzerakoan hori da gertatzen dena, beren trikimailu eta azpijokoekin hasten dira publikoa bereganatzeko. Eta azkenean nahi dutena lortzen dute: beren ustea zientzia mailan jartzea (zientzialari baten aurka mailan berean aritu baitira) eta, gainera, honek erantzun guztiak ez edukitzea (beraiek diotena astakeriak badira ere).
 
Hala ere ezin dezakegu bakarrik kreazionistei hitz egiten utzi. Ezin dezakegu gizartean zientziak atzera egitea plaza publikoan ez agertzeagatik. Zaila da iruzurti horiekin ez lokaztea eta, era beran, iruzur bat direla agerian jartzea. Komunikazio estrategia eraginkorrak garatu beharko ditugu eboluzioa ondo azaldutako gertaera bat dela denoi buruan sartzeko. Sineskeriak zabaltzen dituztenen buruetan ere. Oso arriskutsua baita gizartearentzat eboluzioa kolokan jartzea eta fanatiko hauek lehen pausuak eman dituzte gaindituta egon beharko lukeen eztabaida hori berriro zabaltzeko. Gizarte moduan aurrera egiten jarraitu nahi badugu aurre egin beharko diegu, arriskuak arrisku.
 

Utzi erantzuna