Genetika, genomika ta beste

Euskaldunak Afrikatik datoz


 
Euskaldunen genetikari buruz argitaratzen den artikulu berri bakoitzean burutik gauza bera pasatzen zait: zeresana emango du. Batez ere emaitza horiek beste testuinguru eta interes batzuetara eramaten direlako eta horien aurrean hipererreakzio bat ematen delako. Oso ondo ulertzen ez dudanagatik (edo akaso bai) asko defentsiban jartzen dira eta beste batzuk zentzurik ez duten loturak egiten dituzte. Informazioaren aroan bizi gara bai, baina mezu sinplista eta deigarrien aroan ere.
 
Hasi baino lehen excusation non petita egingo dut accusatio asko egoten baitira. Genetikaria naiz, genetikan lan egiten dut eta, nola ez, genetikak ematen dituen emaitzetaz fidatzen naiz. Genetikaren alde egingo dut argi eta garbi, ñabardura eta kontraesan guztiekin. Zeren badirudi gure herri honetan euskaldunen balizko berezitasuna mantentzeko egurra emateak oihartzun handia lortzen duela (twitter sutan dagoelaren txantxa egin nezake), eta kasu honetan genetikari egokitu zaio. Adibidez Angel Erroren (@angelerro) “Atapuerca” (interes mugatua du zientzialariek migrazioez esan dezaketena, arriskutsua zeharo argudio hori) edo Ricardo Gomezen (@filoblogia) ““Los vascos no datamos”: Atapuercako ikerketa genetikoaren harira” (genetikak emaitza kontraesanak ematen ditu, hori txarra balitz bezala eta ez guztiz interesgarria). Agian modu pertsonalean hartu dut baina, tira, nire ogibidea kolokan jarri dute (eta harrera ona izan du horrek). Lerrook tristuraz idazten ditut horregatik.
 

 
20150914175901
 
Out of Africa. Denok buruan izan beharreko irudia.
 

 
Euskaldunak Afrikatik datoz. Munduko edozein puntan dagoen edozein gizaki bezala. Giza taldeak Afrikatik ateratzeko Arabiar Penintsula eta Pertsiatik, Asia Txikia deitzen dugun inguru horretatik, pasa ziren; batzuk Asia bidean beste batzuk Europa bidean. Eta beraiekin batera beraien kultura. Izaki kulturalak baikara. Baina giza taldeak ez ziren behin mugitu eta ezagutzen ditugun populazioak finkatu. Hainbat bolada egon ziren eta duda bera gelditu zaigu beti, “bolada berriek zeudenak ordeztu zituzten edo zeudenekin nahastu ziren?”. Bai pertsonak fisikoki eta, derrigorrez, beraiekin doan kultura. Gai hori aztertzeko genetika oso aproposa da, antzinako mugimendu horiek material genetikoan arrasto moduan gelditzen baitira. Erregistro fosil baten antzekoa da gure material genetikoa: behiak baleetatik zaldietatik baino gertuago daudela finkatzeko balio duen bezala , giza-populazioen mugimenduak aztertzeko baliagarria da. Guztiak Afrikatik gatoz, gero giza-populazio bakoitzak bere bilakaera izan du eta bilakaera horren aztarnak material genetikoan gelditzen dira. Ez, baserritarrak ez datoz Asiatik, beraien aitzindariak Asiatik etorri ziren Afrikatik atera ostean.
 

 
Aurreko astetik eztabaidagai den artikuluak , Ana Galarragak (@AnaGalarraga1) oso txukun azaltzen duenak , bere mugak ditu eta hainbat kontu eztabaidagarri. Zientzian argitaratzen den edozein artikulu bezala. Artikulua irakurtzerakoan hotz utzi ninduen zeren inguruan izan dituen interpretazio eta polemikak ez zuten zerikusi handirik esaten zenarekin. Nire dudak ditut, teknikoak direnak, baina hori besterik ez dira, dudak. Ez dut ikertzaile hauen lana edo bere markoa kolokan jarriko duda hauengatik.
 
Alde batetik nire ustez arazoa ez da 8 genoma izatea, Gomezek esan bezala, (zortzi arrasto zahar, harrapazank! hori kontra baino alde egiten du) baizik eta beraien sekuentziazioaren kalitatea eskasa dela. DNA zaharra da, zaila da behar bezala DNA lortzea baina teknika jakin bat erabiltzen denean (genoma osoko sekuentziazioa DNA sekuentzia laburrekin) bere joko-arauak jarraitu behar dituzu. Esku-zabala izanda genoma bakarra onartu daiteke populazioen azterketarako, bataz beste genomaren posizio bakoitza 4 aldiz sekuentziatu baita. Arrasto gehienak ez dira behin sekuentziatu egotera heltzen. Hori arrunta da DNA zaharrarekin, oso endekatua eta zatitua baita. Badaude genomaren zati batzuk behar beste sekuentziatu dituztela (behintzat 20 aldiz) baina halako analisi baterako nahiko justua iruditzen zaizkit kopuruaren aldetik. Ondorio handiak lortzeko emaitza sendoak behar dira. Eta hemen ozta-ozta heltzen dira horretara.
 

 
20150914175833
 
Irudi honetatik ateratzen diren ondorioak zuhurtasun handiarekin hartuko nituzke.
 

 
Nahiko hotz utzi ninduen beste kontua oso teknikoa da. Admixture programaren erabilera hain zuzen ere, artikuluko 3. irudian agertzen dena. Modu errazean azaltzen saiatuko naiz. Programa honek, datu genetikoetan oinarrituta, zuk ezartzen dizkiozun jatorrizko populazioen kopurua hartuta, laginek (pertsonek) duten populazio horien nahasketa kalkulatzen du. Hor gakoa zenbat jatorrizko populazio jartzen dituzun da. Artikuluan 10 erabiltzen dute irizpide paleoantropologikoetan oinarrituta. Baina ez dakit zenbaki optimoa hori den edo beste bat den. Badago modu bat hori kalkulatzeko baina artikuluan ez dut aurkitu kalkulu hori. Agian zenbaki optimoa hori da, agian handiagoa da (ñabardura gehiago sartzen ditu) edo agian txikiagoa (jatorriaren aldetik homogeneoagoa eta, hortaz, talde gutxiago ezberdindu). Programen erabileran taliban bat eta oso zorrotza naizenez, niretzat hau ahuldura nabarmen bat da.
 
Hortaz, dituzten emaitzekin ondorioetan pixka bat gora etorri direla iruditzen zait. Baina zein da ondorioa? Ba orain dela 5000 urteko Burgos inguruko fosil batek gaur egungo euskaldunekin distantzia genetiko txikiagoa duela gaur egungo Burgosekoekin baino. Hau da, gaur egun paraje horietan bizi direnek ordutik beste giza-populazioekin gehiago nahastu dira gaur egungo euskaldunak baino. Euskal populazioaren isolamendua zenbaki batekin finkatzea (5000 kasu honetan) interesgarria da baina nire ustez garrantzitsuena isolamendua egon dela berresten duela da. Eta hortik, niretzat ahula den 3. irudiarekin akaso, euskararen ingurukoak iradokitzen dituzte.
 
Gora etorri direla hizkuntzen ingurukoak idazterakoan? Ziur baietz. Baina hori genetikaren aurkako kasu orokor bat egitea askoz gorago etortzea da. Alde batetik determinismo genetikoa genetikarekin baino ideologiarekin lotuta baitago ; bestetik azterketa genetiko guztiak interesgarriak direlako, gehiago jakitea beti ona baita. Lan hau kritikatzeko ez da zertan populazioen genetika kolokan jarri behar. Gaur egun eboluzioari buruz onartzen dugunaren oinarritako bat populazioen genetikak eman zigula gaineratzen badugu, neurritik irten garela ageria uzten du. Egia da, genetikak ez du hizkuntzei buruz ezer esaten, bakarrik hizkuntzak hitz egiten dutenei buruz. Kontutan hartuta hizkuntzak material genetikoa baino arinago aldatzen direla eta kultura-fluxua eta gene-fluxua erritmo ezberdinean doazela (zein doan arinago ez dago argi), atera beharreko ondorioak hori kontuan izan behar dute. Azkenik zer den interesgarri edo baliagarri ezartzea eta horren arabera gaiak txokora bidaltzea, beno, arriskutsua iruditzen zait, oso arriskutsua
 
Sekretu bat kontatuko dizut. Guzti hau berrestea edo arbuiatzea oso zaila da Euskal Herrian kalitatezko DNA duen 5000 urteko giza-fosil bat aurkitzen ez bada. Eta 7000 urtekoa. Eta 3000koa. Eta 12000koa. Denboran zehar nola aldatzen joan den euskaldunen gene-gordailua eta garai hartako beste populazioekin alderatu. Hori froga sendoa izango litzateke, gainontzekoa (migrazio) ereduak sortzeko datu ez-zuzenak. Zorionez, ezer ez dago frogatua eta beti ereduak hobetzen goaz. Zorionez, ezer ez da definitiboa. Horregatik da hain moloia zientzia: ezer ez delako definitiboa.
 
Agian gai hau, populazioen fluxu genetikoak, munduko beste edozein lekutan interes eta kuriositatearekin jarraituko litzateke. Izan ere Erromanien (ijitoen) jatorria eta fluxu genetikoari buruzko lan bat saritzeko gai gara Baina euskaldunak hain berezitxoak ez direla esaten denean, orduan ez, orduan ez da ez interesgarria ez egokia. Alderantziz izan bazen, lan honek euskaldunen isolamendua antzinakoagoa dela esango balu, orduan, polemika beste norabidean izango litzateke eta euskaldunen berezitasunaren zaleek “genetikak badio hala izango da” irmoki defendatuko lukete. Ruperrek abesten duen bezala “inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza den”.
 
Bai atsekabetuta nago, eztabaida beste modu batean bideratu zitekeelako. Esparru guztiek ematen dituzten datuak bildu behar baitira. Ezagumenduan zientzia guztiek ekarpen baliagarriak eta interesgarriak egiten dituzte. Guztiek. Zientzien arteko lubakiak eta gizartea eta zientziaren arteko labarrak gainditzen saiatzen gabiltza baina honek luzerako doala dirudi. Tamalez.
 

One comment on “Euskaldunak Afrikatik datoz

Utzi erantzuna