Genetika, genomika ta beste

Extralurtarrak al gara? (Bizitzaren zuhaitza marrazten, eta 3)

Orain arte bizitzaren zuhaitzaz edo sareaz aritu naiz, adarrak espezie taldeak direla eta adaxkak espezieak. Eta batzuetan sareak eraiki behar direla informazio genetiko zatitxo batzuk adar batetik bestera salto egin dezaketelako. Eta enborra izaki bizidun guztien arbaso komuna izango litzatekela. Baina tranpa txiki bat egin dizuet, ez dut esan enbor hori nondik atera den, zuhaitzaren hazia nondik etorri den, hots, biziaren jatorriaz ez dizuet ezer esan.
 

 
Bizi(tz)a oso konplexua da. Bai, hori badakigu, batez ere eguneroko bizitza (ikatza bezelako labexomorroak ixurtzen hasi zenian). Biziaren jatorria ez da gai erreza ez baitakigu nola sortu zen. Hainbat hipotesi daude (serioak diot, buratizioak alde batera utziki ditut) baina benetan zer gertatu den jakitea, hor dago koska. Egia esan gai honi buruz euskal wikipediak sarrera ikaragarri ederra du
 
) eta gai honetan sakondu nahi baduzue primerako informazioa hor duzue. Nik bakarrik dudak plazaratuko ditut, jakin-mina pizteko.
 

 

 
Hasteko oinarrizko arazo bat daukagu, zientziaren filosofian lantzea gustoko dutena, biziaren jatorria metodo zientifikoaren bidez azter daiteke? Bizia bakarrik behin sortu bada gertaera bakarra ikertzea zientzia al da? Galdera pozoituak dira baina gaiaren muina azalarazten dutena: biziaren sorrera gertaera bakarra izan al da (adibidez gure planeta eder honetan) edo modu independientean bizia sortu da unibertsoko txoko ezberdinetan?
 

 
Hala ere behin edo askotan izanda, planeta honetan bizia sortu al zen? Denetarik daukagu, baina hemen sortu zela indar gehiago izan dezake.
 
Gaur egun Lurran ditugun baldintzak biziaren ondorio dira, algek atmosfera erreduzitzailea oxidatzailea bilakatu baitzuten eta orain larre berdeak, etxe zuriak, teila gorriak ditugu eta zerua itsaso zikin bat da. Hortaz bizia aurreko Lurraren baldintzak simulatu behar dira biziaren aitzindariak izan daitezkeen molekulak aurkitzeko. Eta baldintza horietan sortu sortu daitezke. Zailtasuna? Bizia aurreko Lurraren baldintza berdin-berdinak jakitea zein den eta esperimentuak errepikatzeko gaitasuna. Arazoak? Zein ordenean biziaren molekulak antolatu ziren jakitea, mintzak izan ziren lehenak? informazio genetikoa nola garatu zen? nola batu ziren osagai ezberdinak? Hots, zer izan zen lehenago arraultza ala oiloa? Eta, azkenik, bizia sortu zuten molekula hauek eboluzioaren arauak jarraitu al zituzten?
 

 

 
Azken galdera hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Bizia planeta honetan sortu ez zelaren defendatzaileek zera diote, bizia sortzeko saiakera horien arrastoak planeta honetan aurkitu beharko genituzkeela. Agian ez dute biziraun, agian ez dira planeta honetakoak. Beste bitxikeri bat. Izaki bizidun guztiak organismo beretik eratorri garelaz ziur gaude gure DNA irakurtzeko araua, kode genetiko
 
) izenez ezagutzen dena, berdina delako izaki bizidunetan. Beno, aldaera batzuk daude, baina oinarria berdina da: DNA hirukote bat aminoazido baten baliokidea da, adibidez CGC hirukoteak Arginina aminoazidoa esan nahi du. Planeta honetako ia izaki bizidun guztietan. Hortaz, non daude kode genetiko alternatiboen saiakerak? Daukaguna eboluzioaren ondorio badira, non daude besteak? Agian ez dute iraun edo agian saiakerak unibertsoko beste txoko batean gertatu ziren eta gure aitzindaria izan zena meteorito batean etorri zen.
 

 
Biziaren jatorria argitu ez dudala onartzen dut, baina jakin-mina piztu al zaizu? Agian horrela hobeto ulertuko duzu zergatik Martitzen edo beste zeruko gorputz batean bizia aurkitzea hain zirraragarria den hainbeste ikertzailerentzat: Planeta urdin honetako biziaren antzekoa da? Karbonoan oinarrituak al daude? Posible al da gure ezaugarriak ez dituzten izaki bizidunak, hots, azido nukleiko, proteina, lipido eta gluzidoetaz haratago bizia al dago? Hazia, enborra, nondik datorren honi buelta asko eman diezaizkiokegu baina, agian, soilik izarren hautsa gara.
 

 

 
20140214081741
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.
 

 
PS Gaur maiteminduen eguna omen da. Zientziaz maiteminduta gaude, zientzia maite behar dugu, elikat eta, indartu. Zaindu maite duzun hori.
 

 

Utzi erantzuna