Genetika, genomika ta beste

Genetika zientzia-fikziozko telesailetan (I)

Zientziarekin batera sukaldatzea, argazkilaritza eta istorio onak ditut gogoko. Azken aldian telesailetan filmetan edo liburutan baino istorio hobeagoak daudela iruditzen zaidanez azkenean seriofilo konpultsibo bat bilakatu naiz. Adibidez Tronu dema azaltzeko genetika erabilia izan da . Baina nik zientzia-fikziozko telesailetan genetikarekin lotutakoak aztertuko ditut, batetik zientzia-fikzioa Tronu dema baino moloiagoa delako (kriston hype-a dago Izotz eta Su abestiaren inguruan) eta bestetik zientzia-fikzioak beren istorioak aurrera eramateko kontzeptu genetikoak aldrebesteko abagunea ematen duelako. Batzutan horrenbeste aldrebestu nire ikertzaile niak nire ikusle niari belarrondoko bat ematen dion.
 

 
Hasieratik SPOILER alerta jartzen dut. Ez badituzu ikusi eta ikusteke badituzu, beno, hobeto ez irakurri datorrena. Baina argumentuko kontuak zapuztea berdin bazaizu, irakurri lasai.
 

 
Helix-ekin hasiko naiz , Syfy kateak aurten estreinatu duen telesailarekin (eta ikusle moduan laburpena egin niona ). Genetikaren aldetik hiru kontu nagusi daude.
 
1) Birusen manipulazio genetikoa arma biologikoa izateko. Bai, onartu daiteke, posiblea da, birus bat diseinatzea arma moduan eta era berean antidotoa garatzea. Alde honetatik arazorik ez. Outbreak filmearen atzean antzeko ideia zegoen. Nahiko ezaguna argumentu hori. Baina birusak gizakietan eragiten zuena, hor eskua joan zitzaien. Birusak kutsatuen portaera modu horretan aldatzea (edo kontrolatzea) ahalik eta gehien birusa hedatzeko pixkat pasatzea izan zen. Egia da parasito batzuek bere ostalariak manipula ditzakela bere bizi zikloa aurrera eramateko, adibidez onddo batek inurri zonbiak erabiltzea , baina, zu, seriean ideia horri imaginazio gehiegi jarri zioten.
 

 
20140513094816
 
Oso nazkagarria zen birusarena. Eta oso txungoak infektatuak. Baina portaera horrela aldatzea…
 

 
2) Hilezkortasuna. Arma biologikoaren garapenaren atzean korporazio maltzur bat dago. Eta korporazio maltzur hori hilezkorrak diren pertsona batzuek zuzentzen dute. Eta beren hilezkortasunaren jatorria kromosometako telomeroak mantentzean dago. Kontxo, ba bai, genetikaren ikuspuntutik ez da inongo astakeria. Telomero kromosometako puntei deitzen zaie, hau da, kromosomen hasiera eta bukaera. Gure gorputzeko zelula bat bikoizten den bakoitzean telomero zati bat galtzen du, eta denboraren poderioz, telomeroak murrizten doaz, gure zelulak eta, ondorioz, gure organismoa, zahartuz. Telomeroak bere osotasunean mantendu badaitezke edo, behintzat, gure zelulak bikoizterakoan mantenduko balira, ez ginateke zahartuko. Korporazio maltzurreko pertsona hauek dirudienez zeozer egin zuten beren genoma aldatzeko telomeroak bere horretan mantentzeko. Hori bai, erosten ez dudana aldaketa horren ondorioz begiak zilar kolorea hartzea eta argiari sentikortasuna da. Errekurtso bisual moduan oso moloia da zilar koloreko begiena baina telomeroekin zerikusirik ez. Ondorio bat dela diote, katxondo batzuk.
 

 
20140513094833
 
Telomeroen kontua bai, baina zilarrezko begiak…
 

 

 
3) Aurreko biak lotzen dituen gauza bat: birusak hilezkortasunarekin lotutako material genetikoa aktibatzeko edo txertatzeko. Seriean kulebroi eta dramoientzat tokia zegoenez, pertsonaietako bati bere alderdi-genetiko-hilezkorra aktibatzen zaio birus baten bidez (berak ezagutzen ez zuen aita hilezkorretako bat zen) eta hilzorian zegoen beste pertsonaia bati baita hilezkortasuna pasatzen diote norbaitek gripea hartzen duen moduan. Ea, honek terapia geniko darama erantsita. Birus bat erabiltzea gene jakin bat txertatzeko posiblea da, adibidez Ana Zubiagak Zientzia Kaierako Zientzilari atalean hortaz hitz egin zigun . Orain, seriean pixkat pasatzen dira, gidoiaren beharrak izango ziren, baina nahiko zurtalur utzi ninduen guztiak. Terapia genikoak eragozpen eta arazo asko ditu eta hauek ordu batzutan birus-mezulari bikainak prestatzen dituzte. Eta birusetako batek adierazten diren geneak aldatzen ditu, hori bai marka, zu.
 

 
20140513094856
 
Oraindik hilezkorrak ez ginenean, birus batekin orain bagara.
 

 

 
Aurten The CW kateak “Star-Crossed” estreinatu zuen eta denboraldi hau, aste honetan bukatuko dena, egongo den bakarra izango da . Bai nahiko eskasa da. Nerabeentzat zuzendutako telesaila bada ere (nik ere nire guilty pleasure-ak ditut) bere interesa du. Estralurtar batzuk Lurrera heldu ziren eta integrazio plan bezala estralurtarretako 7 nerabe Lurreko institutu batera ikastera doaz. Nerabeentzat zuzendutako edozein kulebroietan falta ez zitekeen moduan ez bilatutako haurdunaldi bat daukagu. Lurtar eta estralurtar baten artean. Hor neuronek eztanda egin zidaten.
 

 
20140513094921
 
Haurdun nago. Estralurtar bat da aita.
 

 
Hasierako kapitulu batean estralurtarrek, gizakien itxura berdina bazuten ere, ezberdintasun batzuk zituztela esan zuten: bi bihotz zituztela, lau birik, larruazaletik arnas zezaketela eta marka batzuk larruazalean. Hori ikusita sinesgaitza iruditzen zait estralurtarren genoma eta gizakiena bateragarriak izan daitezkenik. Izatekotan gizakiak eta estralurtarrak jatorri berdina izan beharko lukete eta estralurtarrek jasotako aldaketa fisiologikoek (bihotz eta birika extrak) genoma bateragarritasuna ez ekidin. Baina ezberdintasunak handiegiak dira hori gertatzeko. Eta ez dugu bakarrik haurdun hau, hibrido bat ere agertu da. Gidoilariek dramoia nahi zuten, ondo, baina honetan pasa dira.
 
Har dezagun adibidez mandoa , astoa eta behorra gurutzatzetik lortzen den hibridoa. Hasteko astoek eta zaldiek bihotz eta biriki kopuru berdina dute eta ezberdintasunak badituzte ere, tamainuan batez ere, oso antzekoak dira. Baina gurutzatzerakoan mandoak antzuak dira, beren genomak ez direlako bateragarriak, zaldiak 31 kromosoma pare ditu eta astoak 32. Agian estralurtar-lurtar hibridoak antzuak izango dira. Ez, serieak ez du horrenbeste iraungo hori jakiteko.
 

 
Egia esan gizaki ez-gizaki hibridazioak beste serie batzuetan agertu dira. Adibidez Battlestar Galactica-n, berrimaginatuan (Sci-Fi kateak 2004-2009 urteen artean emandakoa ), gizaki-Cylon hibridoen inguruan matraka nahiko eman zuten. Cylon-ak, berez, gizakiak sortutako makinak ziren, Caprica spin-off-ean argi azaldu zutenez (Syfy katean 2010an emandako seriea ) eta gizaki-makina guden ostean bakoitza bere bidetik jarraitu zuen. Makinak mendekatu ziren arte, ia gizaki guztiekin akabatuz. Kontua zera da, Cylon-ak gizaki itxurako makinak/klonak egiteko gai zirela eta hauetako bat gizaki batekin haurdun gelditu zela. Eta Cylon-gizaki hibridazio saiakerak seriean zehar hainbatetan azaldu zituzten. Kasu honetan hibridazioa posiblea izan daiteke makinak diseinatuta daudelako. Cyborg-ak ez baziren, baizik eta bizitza sintetikoa (eta horren itxura guztia du) gizaki itxurako makinek kode genetiko sintetiko bat eduki zezaketen (@eidercarton) ek Elhuyar-en kode genetiko sinetetikoa azaldu zigun ) gizakiekin hibridatu ahal izateko. Edo legamiaren kromosoma sintetikoaren antzerako zeozer egin (aurreko #kzjaia n hemen azaldutakoa ). Seriean ez dute halakorik argitzen baina bizitza sintetikoa teorikoki posiblea denez, ez da erokeria handia serie honetan proposatutakoa.
 

 
20140513095128
 
Makina bat naiz eta nire alaba gizaki-makina hibridoa da.
 

 
Azkenean uste nuena baino gehiagorako ematen du genetika eta zientzia-fikziozko telesailen uztartzeak. Oraindik baditut beste serie batzuk komentatzeko, baina hori bigarren zatian izango da!
 

 
20140513095326
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du
 

Utzi erantzuna