Genetika, genomika ta beste

Laktosari tolerantzia

Bai, ondo irakurri duzu, laktosari tolerantzia, ez intolerantzia. Baina noski, lotuta daude: laktosa liseritu ahal baduzu ez zara laktosari intolerantea. Laktosa liseritzeko laktasa deitzen den entzima (proteina) bat beharrezkoa da. Jaiotzerakoan laktasa kodetzen duen LCT genea oso aktibo dago eta titia kentzerakoan genea aktibo egoteari uzten dio, laktosa gehiago ezin liserituz. Hori giza-populazio gehienetan gertatzen dena da.
 

 
20140610134151
 
Kafepintxoa ez da gauza bera kafesnerik gabe.
 

 
Hala ere paraje hauetan (beno, gehienok) behi-esnea lasai hartzen dugu (ze izango zen nire kafepintxoa kafesnerik gabe?). Hau mutazioei esker posiblea da. LCT genea aktibo egotea ala ez kontrolatzen duen eskualdean bi mutazio ezberdinek LCT genea titia kendu ostean aktibo mantentzea ahalbidetzen dute. Ipar Europan laktosarekiko tolerantzia oso hedatua dago eta, adibidez, euskal herritarren artean %90a tolerantea da.
 

 
20140610134131
 
Laktosa liseritu ezin duten giza-populazioen ehunekoak.
 

 
Baina titia kendu ostean zergatik gene horren adierazpena mantendu eta populazio batzuetan mutazio hori hainbeste hedatu da? Bai, hautespen naturalagatik. Mutaziotako bat orain dela 10.000 urte inguru ipar Europan agertu zen eta, behiaren etxekotzearekin batera, laktosari tolerantzia hedatzen joan zen. Laktosari tolerantea izatea onurak dakar, beste janari iturri osasuntsu bat baita. Eta behiak etxekotu artean eta mutazioa zeramatenak populazioan hedatzen joan ziren heinean gero eta laktosatolerante gehiago izan genituen. Ipar eta Europa erdialdean laktosa toleranteak nagusituz.
 

 
Aurreko mapa ikusten baduzu, Europan ez ezik Ipar amerikan eta Australian laktosari tolerantzia ere oso hedatua dagoela ikusten da. Pentsa bi lurralde horiek Europar asko jaso dituztela azken bostehun urteetan, Europan ohikoa zen ezaugarri bat (laktosari tolerantzia) lurralde horietara eramanez. Izan ere Amerindiarren artean laktosari tolerantzia ia zerokoa da, Australiako aborigenen artean %15a eta Alaskako Inuiten artean %20 inguru.
 

 
Laktosaren tolerantziaren adibidea gogoeta txiki baterako abagunea da ere. Gure ikuspuntutik esneari (laktosari) tolerantzia izatea normaltzat hartzen dugunez tolerantzia ez izatea gaixotasun edo egoera arrarotzat jotzen dugu. Baina, egia esan, laktosari toleranteak garenok gara mutanteak. Pentsa beharrezkoak ez ziren zenbat osasun arazo sortu izan diren guztiok (beste giza-populazio batzuk barne) mutanteak ginela pentsatzeagatik. Honegatik hain zuzen ere esnea eta esnekiak oso hedatuta daudene eta laktosa intoleranteak kontuz ibili behar dira. Horrexegatik, osasun erabakiak hartzen direnean giza-populazio baten egituraketa genetikoa ondo ezagutu behar da eta ez orokortu, kasuan kasuzko erabaki egokiena hartzeko.
 

 
20140610134106
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du
 

One comment on “Laktosari tolerantzia

Utzi erantzuna