Genetika, genomika ta beste

Udan belzten

Sarrera nahiko dentso bat prestatzen nenbilen eta alde batera utzi dut. Udan gaude, gauza arinak irakurtzeko, ez kristolako txapak irakurtzeko. Eta udan eguzkia denez protagonista (beno, lainoek uzten diotenean, noski) melaninari buruz idaztea bururatu zait.
 

 
20140722154011
 

 
Melanina gure larruazalari kolorea ematen dion molekula hori da. Uda heltzen denean gure gorputzak eguzkitan jartzen ditugu eta molekula horri esker gure larruazala belzten da. Baina genetikari buruz idatzi ohi dudanez, zer harreman dute genetikak eta melaninak? Ba melanina gure material genetikoa babesteko mekanismo bat dela. Bai, hala da, kolorea ematen digun hori, hain pozik erakusten dugun kolore “osasuntsu” hori gure gorputzaren babes-mekanismo bat da. Zera gertatzen da, izpi-ultramoreak, B motatakoak, gure material genetikoa hondatzeko gai dira. Noski, gure argibide-liburua hondatzea ez da ona, gure gorputzak bete behar dituen funtzioen letra galtzen baita. Gure gorputzak B motako izpi-ultramoreak nabaritzen dituenean larruazaleko zelulek melaninaren ekoizpenari ekiten diote eta melaninak izpi-ultramoreak xurgatzen dituenez, babes-oztopo moduan funtzionatzen du. Horrela izpi-ultramoreek ez dituzte larruazaleko zelulak mintzen eta, ondorioz, melanomen (larruazaleko minbizien) agerpena ekiditen da. Honegatik eguzki hartzen dugunean babestu behar garela gomendatzen digute, batez ere egun hauetan non ultramore-indizea 8-9 aldean (oso arriskutsua dena) dagoen. Egia da eguzkia hartzea onuragarria dela, batez ere kaltzioaren erregulazioan beharrezkoa den D-bitamina aktibatzen duelako. Hortaz, eguzkia hartzearen onurak eta kalteak orekan mantentzeko noiz eta zenbat denbora eguzkitan jartzen garen kontrolatu behar dugu.
 

 
20140722153943
 

 
Bestalde melaninaren aktibitatea hainbat genek kontrolatzen dute. Horietako bat MC1R genea da. Honek zein melanina mota ekoiztuko den kontrolatzen du, argiagoa edo ilunagoa izango den. Eta, hortaz, larruazaleko kolorearen erantzulea da. Gene honekin gauza nahiko bitxi bat gertatzen da. EHUko ikertzaile-talde batek parte hartu duen lan batean zera ikusi zuten : MC1R genearen aldaera bat zeinak kolore argiagoa ematen duen iberiar penintsularen iparraldean maiztasun altuagotan agertzen zela. Hots, hautespenak aldaera horren alde egin duela. Baina, eta hor dago koska, aldaera horrek melanoma arriskua izatea handitzen du. Aurrekoetan aipatu dizudana, ezta? Funtzio baterako, momentu eta ingurune baterako, onuragarria izan daitekeen aldaera beste egoera batean kaltegarria izan daiteke. Honek lehen esandakoa indartuko luke: eguzkia hartu bai, baina kontu handiarekin.
 

 
20140722153404
 

 
Ondo pasa hondartzan!
 

 

Utzi erantzuna