Genetika, genomika ta beste

Gauza bat da esatea eta beste bat egitea

Genomari buruz idazten dudanean, bai, gure argibide-liburu erraldoi horretaz idazterakoan, bakoitzak gurea dugula esan dizut. Beno, ñabardurak alde batera utzita, gure gorputzeko zelula guztiek (zenbaki bat bilatzen saiatu naiz baina ez dut aurkitu, estimazio ezberdinak egin dira eta zenbakiak hain aldakorrak dira ez naizela zenbaki bat ematera ausartzen) argibide-liburu berdina dute. Baina 200 zelula mota ditugu gure gorputzean: zelula batzuek giltzurruna eratzen dute, besteek birikak eta beste batzuek gibela. Nola da posible argibide-liburu berdina edukita gauza hain ezberdinak egitea? Beno, gauza bat liburuak esaten duena delako eta beste bat egiten dena.
 
Gure zelula guztiek informazio berdina badaramate ere ez dute zertan argibide guztiak batera bete behar. Garapen fasearen (hots, adinaren), funtzioaren (hots, ehunaren) eta beharren (hots, ingurunearen) arabera argibide (gene) batzuk edo besteak aktibo egongo dira. Gene bakoitzaren aktibitatearen arabera (isilik egon, pixka bat aktibo, oso aktibo,…) zelulak gauza bat edo beste egingo du. Hortaz genoma zelula batek egin dezakeen guztiaren bilduma da, egoeraren arabera zer egin esaten dion argibide-liburua. Beti argibe-liburu metafora erabiltzen dut baina agian errezeta-libura egokiagoa da. Imajina errezeta-liburu batean jaki guztiak agertzen direla eta gosari/hamaiketako/bazkari/azkari/afari, udazken/negu/udaberri/uda eta bakarrik/bizpahiru/senide/lagun arabera prestatuko duzun menua erabakitzen duzula. Ba horrelako zerbait. Konplexuagoa eta korapilatsuagoa.
 

 
20141010090155
 
Zer daukagu gaur hamaiketakoan? Galdetzea ere…
 

 
Genoma interesatzen bazait ere momentu batean zelula mota batek zer egiten ari den ikertzea zehatzagoa dela onartzen dut. Bi modu nagusi daude hau egiteko: momentu horretan aktibo dauden geneak (transkriptoma esaten zaiona) aztertzea edo(ta) zelulan eragiten ari diren proteinak (proteoma) aztertzea. Horrela egoera normalean, gaixotasun batean edo kanpoko eraginaren arabera zelulek nora erantzuten aztertu daiteke. Potentzialki egin dezaketena genoman idatzita dagoenez, egoeraren arabera zein gene aktibatzen den aztertuz (eta bere ingurua aztertuz), genoma nola idatzita dagoen hobeto ulertzen goaz. Egia da transkriptomatik proteomarako saltoa ez dela zuzena, aktibo dauden gene batzuk gero proteinatara ez baitira itzultzen, baina hori beste baterako utziko dugu.
 

Utzi erantzuna