Genetika, genomika ta beste

Gauza bat da esatea eta beste bat egitea (II)

Aurrekoan aktibo dauden gene batzuk gero proteinatara itzultzen ez direla esan nizun, baina zer esan nahi du horrek? Beno, horretarako biologia molekularraren dogma zentrala azaldu behar dizut. Beno, ez da dogma baina horrela deitzen zaio.
 
Izen ponposo horren azpian 1956an proposatu zen eredu bat dago, informazio genetikoa nola pasatzen da molekula mota ezberdinen artean azaltzen duenak: DNAk bere burua kopiatzen du, DNA RNAra transkribatzen da eta RNA proteinetara itzultzen da. Ia beti modu horretan, batzuetan RNA DNAra pasa daiteke eta RNAk bere burua kopiatu badaiteke ere. Uler dezazun aurrekoan erabili nuen metafora berrartuko dut: imajina ezazu genoma (DNAn idatzita dagoena) errezeta-liburu erraldoi bat bezala. Liburua ez zikintzeko edo apurtzeko, liburua sukaldera eraman beharrean, momentu horretan beharrezkoa den errezetaren kopia egiten da. Kopia hori RNA izango litzateke. Kopia hori sukaldera eramaten da eta sukaldariak (zelulako osagai batzuk) errezeta egiten du jaki bat lortuz. Jakia proteinak izango lirateke, beno, proteinek funtzio biologikoak betetzen dituzte eta jakiek gure sabelak. Baina ideia hori litzateke: gordetako informazio bat mota ezberdin bateko gauza batean bilakatzea.
 

 
20141017084502
 
Genoma errezeta-liburu bat bezala azaltzea, nire metafora kuttun berria.
 

 
Hala ere, biologian gauza guztiak bezala, eredu hau sinpleegia dela jakin badakigu. Errezeta liburuan badaude sukaldera doazen agindu asko jaki izaten bukatzen ez dutenak: zenbat jaki egin behar diren kontrolatzen dutenak, errezeta kopurua murriztu, nola egiten den, etab. Egia esan proteina batera itzultzen ez direnen RNA motek hizki-zopa bat eratzen dute eta oraindik ez dakigu guztiz nola eragiten duten. Baina geneen aktibitatea (zenbat errezeta kopiatzen diren) pausu edo modu ezberdinetan kontrolatzen dutela gero eta argiago dago.
 
Bestalde errezetak ez dira zertan hitzez-hitz bete behar. Pausuren bat ez da kopiatzen eta horrela lortutako jakietan (proteinetan) malgutasuna dago errezeta beretik gauza ezberdinak lortzea. Horrek 20.000 gene ingururekin funtzio biologiko guztiak betetzeko gaitasuna azalduko luke: gene batekin (errezeta batekin) proteina pixka bat ezberdinak egin baitaitezke, moztitsasketa alternatiboa esaten zaion prozesuaren bidez.
 
Informazio genetikoaren ibilbidearen eredu hau nahastez eta zailtzen duten beste gertaera batzuk daude ere. Baina horiek beste baterako utziko ditugu.
 

Utzi erantzuna