Genetika, genomika ta beste

Gauza bat da esatea eta beste bat egitea (III)

Aurrekoetan gene guztiak aldi berean aktibo ez zeudela eta gene batzuk ez dutela zertan proteinatara itzuli behar kontatu nizun. Kontu guzti horietan, giroan hor nonbait, genetikaren kutxa beltza dago: epigenetika . Izen ponposo horren atzean geneetan idatzita ez dagoena baina heredatzen den ziur-ez-dakigun-zer-hori dago.
 
Aurrekoan RNA ezberdinen hizki-zopa aipatzen nizun. Horiek epigenetikaren inguruan gero eta ezagunagok diren mekanismo horietako bat dira. Beste batzuk metalizioa deritzon mekanismoa eta histonen aldaketak dira.
 
Metilazioa errezeta-liburuan zein errezeta egin behar ez den adierazten duen marka baten antzekoa da. Normalean genea baino lehenago kokatzen den eskualde batera itsasten den marka bat da eta, horrela, zeintzu generen errezetak egin behar diren kontrolatzen duen makinariak gene horretaz paso egin behar duenaz ohartarazten da. Kuriosoena mekanismo honen jatorria da. Metilazioa osagai mugikorrak (bai, hain gustuko ditudan osagai genetiko horiek) desaktibatzeko mekanismo moduan agertu zen. Gerora osagai genomiko guztien kontrolerako erabilgarria bilakatu dena. Izan ere, geneetatik gertu kokatzen diren osagai mugikorrei metilazio seinalea kentzen zaie gertu duen genea aktibatu ahal izateko eta, horregatik, batzuetan elementu mugikorren aktibazioa gertatzen da, gaitz kolateral baten moduan.
 

 
20141117112613
 
Metilazioaren dramatizazioa.
 

 
Histonak DNA paketatzeko erabiltzen diren proteinak dira, DNA bera bakarrik (nahiko) luzea delako eta, modu honetan, espazio (oso) txikian gordetzen da material genetikoa. Histona mota ezberdinak daude eta horietako batzuetan gertatzen diren aldaketen arabera geneak aktibatzen dira. Histonetan hainbat aldaketa egin daitezkeenez, aldaketa hauen konbinazioaren arabera genea aktibatu edo desaktibatuko da. Hots, errezeta liburua gordetzen den apalean jartzen diren seinaleen arabera liburua hartu edo ez da hartuko.
 
Ez pentsa epigenetikaren kontu hau erreza denik. Niretzat nahiko kutxa-beltza da. Interesgarria, idatzita dagoena aldatzen baitu, baina gauza batzuk ez ditut guztiz ulertzen. Hobeto ulertzen dudan heinean kontatuko dizut.
 

Utzi erantzuna