Genetika, genomika ta beste

Mundua irauli zuen liburua

Gaur 155 urte betetzen dira Charles Darwin-ek “Espezieen jatorriaz” idatzi zuenetik. “When on board H.M.S. ‘Beagle’” hitzekin hasitako liburu horrek iraultza bat hasi, hautsak harrotu eta gizarteko alor askotan eragina izan zuen.
 
Bekatu bat onartuko dut: “Espezieen jatorriaz” doktore izan eta gero irakurri nuen. Gurean eboluzioa kontzeptu onartu eta orokortu bat denez Darwin-en lana irakurtzea ez zitzaidan bururatu. Bai ordea berari buruzko autobiografia, pertsonaia hobeto ezagutzeko. Bere semeak Darwin-ek idatzitako gutunak eta egunerokoak bildu eta autobiografia moduan argitaratu zituen. Irakurketa horrek zera utzi zidan, pertsona nahiko argia izateaz gain, nahiko ulerkorra eta zentzuzkoa zela. Berak proposatutako teoriaren aurka egin zutenak (bere karikaturizatzen zituztenak barne) ez zituen mesprezatzen, ulerkorra izaten saiatu zen. Baina Darwin pertsona moduan bere egunean (Otsailak 12) sakonduko dut.
 

 
20141124084217
 
“Espezieen jatorriaz” eta Darwin-en autobiografia. Nire liburutegiko bi altxor txiki.
 

 
Gaurkoan “Espezieen jatorriaz” liburuaz idatziko dut. Esan bezala nahiko berandu irakurri nuen zientzia eta bereziki biologia irauli zuen liburua. Bartzelonan nengoela edizio polit bat erostea bururatu zitzaidan eta irakurri nuen. Kasualitatea edo, beranduago, han nengoen ikerkuntza-zentroan tesia egitera sartuko ziren ikasleentzat “Espezieen jatorriaz” derrigorrezko irakurketa izatea proposatu zuten. Egia esan, tesia egiten aurretik irakurri izan banu, asko eskertu izango nuke.
 
14 kapitulutan Darwin-ek bere proposamena plazaratzen du. 155 urte ostean, ñabardurekin, idatzitakoak indarrean jarraitzen du. Lanaren muina, ideia nagusienak, urte guzti hauetan egin diren aurkikuntzek berretsi dituzte. Nire ustez Darwin-en intuizioa azpimarratzekoa eta goraipatzekoa da. Gaur egun ohikoak egiten zaizkigun kontzeptuak ezagutu gabe (Zientzia Kaieran genetikaren historia birpasatzen nabilen horiek ) eboluzioa eta hautespena proposatzeko gai izan zen. Jenio hutsa.
 
Zergatik hain ondo iraun du bere teoriak? Sinplea eta dotorea delako. Ez zituen geneak, herentziaren legeak eta mutazioak ezagutzen, baina bere erara aurresan zituen. Intuizio horrekin espezieek baliabideak lortzeko borrokatzen zutela eta ingurunera hobeto moldatzen zirenak aurrera egiten zutenaz konturatu zen. Moldaketa hobe hori populazio batean zoriz agertzen zela eta populazioan hedatzen zihoala abantailatsua zen heinean. Esan bezala, hori hor azpian zeuden mekanismo horiek ezagutu gabe.
 
Gainera eboluzioaren teoriarekin bi gauza gertatzen dira. Bata, orain hain agerikoa eta logikoa egiten zaigu askoz lehenago plazaratu ez izana arraroa egiten zaigula (Lamarck eta Wallace ahaztu gabe! ). Bestea, oraindik eboluzioa onartu ez nahi duena egotea. 155 urteren ostean Darwin-ek arrazoia zuela ez onartzea eta idatzitakoa, orain gehitu dizkiogun azalpen eta ñabardurekin, borrokatzea nahi izatea, bere garrantziaz ohartarazten digu. Hain iraultzailea izan zen idatzi zuena oraindik batzuek horren aurka egiten jarraitzen dutela. Isaac Asimov-ek esan bezala “Gertaera bat ukatzea munduko gauzarik errezena da. Jende askok egiten du, baina gertaera gertaera bat izaten jarraitzen du”.
 
Zorionak denoi!
 

Utzi erantzuna