Genetika, genomika ta beste

Handiena zara Barbara McClintock!

#KZJaia3 ko lehenengoko ekarpena zorrak kitatzeko erabiliko dut. Askotan zientzietan emakumeek ez dute merezi duten errekonozimendua jasotzen eta hainbat pertsonekin gai honi buruz txioak gurutzatu ditut. Ados gaude: bai ikerkuntzan gabiltzanon partetik, bai jendartean oro har ez gara gai 10 emakume zientzialari aipatzen. Eskerrak Zientzia Kaieraren “Emakumeak zientzian” atala edo Mujeres con ciencia bezalako egitasmoak ditugun emakume zientzialariak ezagutzera emateko. Joan dadila ekarpen hau harri-koskor moduan eta nire omenaldi xumea, hortaz guztiz subjektiboa, historiako zientzialari handienetako bati.

20150109111158

Barbara McClintock bere mikroskopioarekin.

Niretzat Barbara McClintock genetikaririk handiena da. Puntu. Nirekin ezin dezakezu honetaz eztabaidatu. Genetikari aurpegi bat jarri behar bazaio berea da. Ez nauzu hortik aterako. Nire arrazoiak ditut horretarako, noski. Zitogenetikan egin zituen aurkikuntzak eta, batez ere, transposonen aurkikuntza (Zientzia Kaieran genetikaren historiari buruzko atal sortan jorratuko ditudanak, genetikaren mugarri baitira, behin baino gehiagotan aipatuko dut McClintock) azpimarratzekoak dira. Bai, ezagutzen banauzu transposon hitza ezaguna egingo zaizu, hala da, McClintock-ek nire interesgune zientifikoak diren elementu genetiko mugikorrak deskribatzen Aitzindaria da, berak aurkitu zituen. Berari nire karrera zientifikoko Gaia sor diot. Eta zitogenetikan egin zuen ekarpenari buruz zer esan! Marcus Rhodes bere lankideak zera esan zuen, 1929 eta 1935 artean Cornell-en zitogenetikan lanean ari ziren ikertzaileek egindako 17 aurrerapen nagusietatik 10 McClintock-ek egin zituen. Ez da marka txarra.

20150109111252

Nire tesiko esker-onetan lerro hau idazterakoan bi zientzialari nituen buruan: Charles Darwin eta Barbara McClintock.

Baina genetikako historian mugarriak diren aurkikuntzak egiteagatik aparte, beste arrazoi nagusi bat dut genetikaririk handiena izan zela esateko: nola egin zituen. Berak artoarekin lan egiten zuen gainontzeko zientzialariak bakterio, birus edo ozpin-euliarekin lan egiten zeudela. Berak asmatu eta garatu izan behar zituen bere lana aurrera eramateko teknikak. Horri esker zitogenetikaren arloan egindako aurrerapenak ospe ona eman zioten, baina garaiko lankideek pixka bat “arraroa” zela ere esaten zuten. Oso langilea zelako, beti bere ikerkuntzan sartuta zegoelako.

Lan nekaezin horri esker 50ko hamarkadan transposonak, hau da, mugitzen ziren elementu genetikoak, proposatu zituen. Hots, bazaudela kromosometan salto egiten zuten elementuak geneen funtzioa moldatzen zutenak. Nola hartu zuen komunitate zientifikoak aurkikuntza hau? Arbuiatuz. Badakizue, pixka bat “arraroa” zen eta hau bere xelebrekeria bat besterik ez zen. Garai hartan argi baitzuten geneak kromosometan finko zeudela. Erreakzioa ikusita transposonen kontua pixka bat alde batera utzi zuen eta beste gai batzuekin jarraitu zuen. Ez bere lanean konfiantzarik ez zuelako, arrazoia zuela bazekien, baizik eta bere garaiko zientzialariak bere aurkikuntza ulertzeko prest ez zeudelako eta hauek prest egon arte itxaron zuen. Hogei urte luze joan ziren beste ikertzaile-talde batzuek McClintock-i arrazoia eman zioten arte. 70ko hamarkadan komunitate zientifikoak ulertu zuen: badaude mugitzen diren elementu genetikoak geneen funtzionamenduan eragin dezaketenak.

20150109111332

Barbara McClintock Medikuntza eta Fisiologiako Nobela jaso osteko hitzaldian

1983. urtean Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria eman zioten egindako lan guztiagatik baina, batez ere, elementu genetiko mugikorrak aurkitzeagatik. Nobel hau bitxikeriaz beteta dago: Medikuntza eta Fisiologiako Nobela landareekin egindako ikerkuntza saritu zen, bere aurkikuntzak izaki bizidun guztietara zabaltzen baitziren; Medikuntza eta Fisiologia Nobela partekatu gabe jaso duen emakume bakarra da eta, oro har, oso arraroa da Nobel hau partekaturik ez izatea; 81 urterekin eman zioten, nahiko “adindua” zen eman ziotenerako.

1992an joan zitzaigun. Baina bere lan handia utzi zigun. Ez bakarrik egin zuena, nola egin zuen ere. Bere garaiari aurreratua izan zen, inork ulertzen ez zuena ulertu zuen eta, batez ere, jenio bai izan zen. Genetikak izan duen zientzilaririk handiena.

Eskerrik asko Barbara egindako lanagatik! Handiena zara!

kzjaia3_banner

Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du

One comment on “Handiena zara Barbara McClintock!

Utzi erantzuna