Genetika, genomika ta beste

Hegazti-gripea eta bioterrorismoa

Orain dela hilabete batzuk hegaztu-gripeari buruzko bi lanek hautsa harrotu zuen EEBBeko batzorde batek lan horiek ez publikatzeko eskatu zituenean. Lanek eta batzorde honen eskaera, egia esateko. Eztabaida piztu zen eta azkenean, badirudi, bere osotasunean publikatuko direla lan hauek Nature eta Science aldizkari ospetsuetan. Baina interesgarriena egondako eztabaida izan da.
 
Alde batetik nola hasi zen guzti hau. Dirudienez EEBBko biosegurtasunerako zientziarako ahulku-batzorde nazionalak (itzulpena gutxi-beherakoa da) ez zituen begi onez ikusten bi lan hauek bioterrorismorako erabili ahal zirelako. Oinarririk al zuen abisu larri honek? Ba, egia esan eztakit, baina pixkat lekuz kanpokoa iruditzen zait. Dirudienez bi lan hauetan (independienteki egin direnak) hegazti-gripe famatuaren (H5N1 delakoaren) hainbat mutazio deskribitzen dira, zeintzuek birusa ugaztunen artean transmititzea errazten duten. Beno, nire ustez gakoa hori da, transmisioa erraztea. Ez da birusa arriskutsuagoa bilakatzen (gizakiotan ez zuen eragin handirik izan) baizik eta errezago transmititzen dela. Egia da arriskutsua izan daitekela baina biosegurtasunerako arrisku bat izatea ez dut uste, birus hau hartzea eta mutazio horiek eragitea arma biologiko bat egiteko fikziorako txukun geldi daiteke baina, hori, fikzioa da.
 
Baita ere zertarako halako ikerketak egin behar diren pentsa daiteke. Zertarako transmisio errezeko birus mutanteak sortu eta mutazio gakoak zeintzuk diren argitaratu? Interesik al du? Beharrezkoa al da? Nire ustez hacktibismotik dator erantzuna. Software askean sistemen eta programen kodeak irekiak izan behar dute. Honen aurka, batzuek, sistemen eta programen tripak edonoren begietara usteak arriskuak ekartzen dituela uste dute. Baina software askearen defendatzaileek argi dute (dugu): kodea eskuragarri egoteak arazoak arinago konpontzea dakar eta segurtasun-zuloei modu eraginkor batean erantzutea. Nire ustez hegazti-gripearen kasu honetan gauza bera gertatzen da: mundu guztiak mutazio gakoak (kodea) eskuragarri dituenez konponbidea aurkitzea errezagoa da eta birusak naturalki mutazio horiek pairatzerakoan botika (eguneraketa) prest izan dezakegu. Ze, ezin dezakegu ahaztu, birusek naturalki mutazio piloa pairatzen dutela eta, zoriz bada ere, transmisioa errezteko mutazio horiek eduki ditzakela. Ordurako prest bagaude, gaitzerdi.
 
Bestalde, eztabaida honetan, beste puntu interesgarri bat atera da. Ez publikatzearen eta publikatzearen arteko erdibidean edo, artikuluak detaile garrantzitsurik gabe publikatzea eta batzorde bat antolatzea detaile horiek nork jaso zitzakeen erabakitzeko. Aukera hau maltzurra iruditzen zait, alde batetik ikerketak irekia izan behar duelako (metodo zientifikoa jarraitu eta gauza horiek) eta, garrantzitsuena, batzorde hori nork izendatuko lukeen. Nork erabakitzen du nori datu horiek lagatzea? Zergatik batzuei bai eta besteei ez? Nola erabakitzen da hori? Nik tranpa asko ikusten dizkiot erabaki honi. Eta baita zientziak izan behar duen askatasunarentzat mehatzu bat.
 
Eztabaida jarraitzea interesgarria izan da baina zientzia, hala izateko, derrigor irekia izan behar du. Bestela, zientziaren itxura izango du baina ez da zientzia izango. Azken finean erraldoien sorbaldetan goaz.
 

Utzi erantzuna