Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Emakume zientzialarien jarduna euskal txiosferan zabaltzen, 2015-2023

Iaz, Uxune Martinezek proposatu zidan “Generoa eta komunikazioa” jardunaldirako proposatzea Dazientziat botak emakume zientzialarien inguruan jaso zituen txioen azterketa, traolaren erabilpena aztertuta. Oso lanpetua nengoenez, eta denboraz ozta-ozta, ez nion ideiari heldu, baina egunetan tartetxo bat izan dudanez, erronkari heldu diot. Hurrengo lerroetan ekarriko dizkizuet azterketa horren emaitzak, norberak bere gogoetak egiteko.

2015ko martxoaren 4an Itziar Gonzalez-Diosek eta Uxune Martinezek, beste esperientzia batzuetan oinarrituta, propoposatu zuten #EmakumeakZientzian traola erabiltzea emakume zientzialarien lana ikustarazteko euskal txiosferan. Nazio batuek Otsailaren 11a Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna aldarrikatu baino lehenago. Kultura Zientifikoaren Jaialdiaren 3. edizioan geunden eta, Uxunerekin hitz egin ostean, Dazientziat bota jarri nuen martxan. Ideia sinplea zen: Twitterren traola jakin batzuekin (#dazientziat, , , eta ) idazten ziren txioak jaso, bertxiotu eta eskertzea zituen botak. Horrela egin zuen Elon Muskek dena pikutara bidali arte, eta 2023ko maiatzaren 22an bota itzali nuen. 

Dazientziaten helburua gordailu bat izatea izan denez, hipotesiak testatzeko mugak ditu eta, beraz, lan hau datuen bilketa bat besterik ez da. Gainera, diseinua egiterakoan, bestelako parametro batzuk (zenbat bertxio izan dituen, atsegite edo irismena) ez ziren gorde, pentsatuta horiek berreskuratu ahal izango zirela beharrezkoa izango balitz. Baina Muskek APIa itxi zuenez (orain dela bederatzi urte hori gerta zitekeela ez nuen espero) ba ezin dira horiek berreskuratu. Beno, ta ontzat eman dezakegu euskaraz direla, baina hor ere ñabardurak egon daitezke. Arin begiratu nuen ea Twitterrek “euskaraz” zirenak identifikatzen dituen txioek joera ezberdina ote zuten, baina ez zirudien. Agian honek analisi finagoa beharko luke, agian hizkuntza-erabilerarekin lotuta. Hortaz, traolaren erabilpenean eta jardunean zentratuko ditut datuak, Dazientziat-ek jaso zituen bezala.

Guztira, Dazientziatek zortzi urtetan jaso zituen 32151 txiotatik ia %8k traola erabili zuen. Botak jaso dituen traolen artean (#dazientziat ez da kontuan hartzen zerrenda honetan), gehien erabili den bigarren traola da, -ren (%31) ostean eta (%2,5), (%2,4) eta (%1,9) traolen aurretik.

Denboran zehar aztertuta, traolak izan duen pisuan aldaketak egon dira: 

  • 2015n txioen %7
  • 2016n %13,5
  • 2017an %11,6
  • 2018an %10,7
  • 2019an %5,9
  • 2020an %5,3
  • 2021an %6,8
  • 2022n %6,5
  • 2023n (urtarrila-maiatza) %10,4

Gainera, urte bakoitzean izan duen dinamika ezberdina izan da ere. 2015an, hau da, hastapenetan, harrera ona izan zuen eta lehenengo hilabetetan txioen %10aren gainetik egotea lortu zuen, biografien, elkarrizketen eta karta-jokoei esker. 2016an, martxoaren 8ak otsailaren 11aren lehenengo edizioa baino eragin handiagoa izan zuen, eta ia urte osoan zehar %10tik gora mantendu zen, 2015ko patroiaren antzera. 2017an lehen aldaketa ikusi zen: otsailaren 11ak indarra hartu zuen, martxoa neurrian mantendu zen, apirilean eta maiatzean behea jo zuen eta gero erabilera berreskuratzea lortu zen. 2018an patroia antzekoa izan zen, baina apiril-maiatzean hainbeste jaitsi gabe. 2019an urteko patroia aldatzen da, otsailean goia jotzen eta gainontzeko hilabeteetan traolaren erabilera nahiko mugatua izanda. Patroi hori 2020, 2021 eta 2022an ikus daitezke ere. Salbuespena 2021ko urria izan zen, non Emakumeak Zientzia egitasmoak Donostia Sustapenak antolatzen duen WeekINN-em parte hartu zuen eta horren harira hainbat txio egon ziren. Egia esan, pandemiaren urteak arraroak izan ziren zientzia-txioei kopuruari dagokiola: 2020 eta 2021n beste gauza batzuetara geunden (COVID19ra eta negazionismoari aurre egitera) eta horrek jarduna baldintzatu zuen. Baina egia da ere, Emakumeak Zientzian egitasmoarekin loturarik ez duten txioak gero eta gutxiago erabili zutela traola.

Izan ere, aztertzen badugu “emakume” hitza zuten txioak eta ikusi ea traola erabiltzen ote zuten, 2015 eta 2017 artean oso gutxi ziren traola hori erabiltzen ez zutenak, 2018an beherakada bat egon zen eta 2019-2023 artean emakume hitza zuten txioen %35-%40 ez zuten traola erabili. Ondorioz, pentsa dezakegu denborarekin traolaren hasierako proposamenak indarra galdu zuela, emakumeen jarduna zientzian duten jardunaren jarraipena zailduta.

Txio horiek nork egin dituen aztertzerakoan, Dazientziat jaso dituen 1551 kontuetatik, ia %25k noizbait erabili du traola. Baina erabilera ez da batere orekatua izan: Ana Galarraga dibulgatzailearenak dira txioen ia laurdena. Gero, beste bederatzi erakunde (Zientzia Kaiera, Bilbo Hiria Irratia, @Zientzia eta CFM) eta pertsonek (Ines Castiella, Uxune Martinez, Marisa Barrena, Koldo Garcia eta Juan Ignacio Pérez) txioen beste heren bat idatzi dituzte. Datu bezala, 228 erabiltzailek (traola noizbat erabili dutenen %60) behin bakarrik erabili dute traola.

ErabiltzaileaTxio kopurua%
Ana Galarraga62024,22
Zientzia Kaiera2559,96
Ines Castiella Imaz1375,35
Uxune Martinez1124,38
Marisa Barrena732,85
Bilbo Hiria irratia682,66
@Zientzia562,19
Koldo Garcia542,11
CFM511,99
Juan Ignacio Pérez421,64

Niretzat bi ondorio nagusi daude euskaraz emakume zientzialarien jarduna txiokatzearen inguruan: urtean zehar ez da emakume zientzialarien lana modu homogeneoan zabaltzen, gertaera-zentrikoa izateko joera hartuta; eta pertsona/erakunde gutxi batzuen gain gelditzen da zabaltze hori. Eta, hortik, nire gogoeta pertsonala: ez dugu autokonplazientzian erortzeko arrazoirik. Asko egin dela pentsa dezakegu, baina gehiago dirudi, batetik, gutxi batzuren burugogorkeria dela eta, bestetik, egitasmo jakin batekin lotu dela hasieran orokorragoa zen traola bat. Nago aldaketa kultural bat izatetik oso urrun gaudela. Ez dut ezkortasunetik esaten, baizik eta non gauden ezartzeko eta, ondorioz, egin beharrekoa modu egokian erabakitzeko.

Hauek dira nire interpretazioak eta ondorioak. Espero dut hemen utzitako datuak zuentzat erabilgarria izatea zuen gogoetak egiteko. Hori buruz solastu nahi baduzu edo beste analisiren bat egitea beharrezkoa dela uste baduzu (datuok uzten badute, noski), kafepintxo baten inguruan aritzeko prest!