Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Dibulgazioa bizi-jarrera bezala

Bihar hamar urte beteko dira bidaiarik zoroena, ederrena eta aberasgarriena abiatu nuenetik. Orain dela hamar urte nire burua aztertu nuen eta zergatik dibulgatzen ez nuen argitaratu nuen. Harrigarriki, testua ondo zahartu dela iruditzen zait. Bai erabilitako estiloan, bai plazaratutako arazoetan. Eta, zorionez, gauza batzuetan erratu nintzen.

Zera, hamar urte denbora asko da eta, gainera, gurean zientziekin lotutako gauza asko gertatu dira. Argi dago eboluzio bat egon dela nire estiloan eta arazo horiei diedan begiradan, baina harritu egin nau orain dela hamar urte oinarri hain onak jarri izana. Dibulgatu nahi den gaiaren zailtasuna, dibulgazioa txukun egiteko behar den denbora, zein foro erabili dibulgazioa egiteko, jendeak izan dezakeen balizko interesa eta formazio falta ziren aipatu nituen arazoak. Egun, edozein ikertzaileek izan ditzakeen zalantzak. Horietako batzuk dibulgazioan aritzen eta dibulgazioa egiten gainditzen dira; beste batzuk, zorionez, hamar urte hauetan hobetu egin dira pertsona eder askoren ekarpen isilari esker.

Testuan badira bi esaldi orain irribarre batekin hartzen ditudanak: “Nire izaera lotsatia izango da edo forma zurruntasunei diedan ezinikusia, publikoan hitz egiterakoan formalismo batzuk baitaude” eta “Edo agian ez dut dibulgatzerako balio”. Zera, orain dela hamar urteko Koldotxu maitea: genetikari eta zientziari buruzko ia 400 artikulu, doinu, forma eta foro anitzetan; irratian hitz egin, elkarrizketa, tertulia eta bi minutuko kroniketan; telebistan eta bideoetan; eta zuzeneko hitzaldiak formatu anitzetan, bakarrizketak eta bertsolariak barne; elkarrizketak komunikabideetan; formakuntza, mahai-inguruak edota jarduerak antolatzea. Lortzeagatik, Geuriako gurutzegraman galdera bat izan nintzen. Eta Egunen Behineko erantzun okerra. Lotsatia izaten jarraitzen dut baina denetarik probatu dut eta formak irauli ditut. Beno, dibulgatzeko balio ez izatea… ondarea hor dago.

Hamar urte hauetan zergatik dibulgatu behar den arrazoiei (gardentasunagatik eta arduragatik) ñabardura gehiago jarri dizkiot (giza eskubideak gauzatzea, zure lana inork ez duela zu bezain ondo azaltzea eta dibulgatzea plazer bat dela, besteak beste). Hamar urte geroago, iruditzen zait arrisku bat dagoela ikuskizuna eta inpaktua izatea edukiaren gainetik jartzean; eta hori saihestu behar dela, zientzia azaltzea lasaitasunaren eta gogoetaren helduleku bat izan behar duela. Zientzia-edukiek ezin dute izan arin kontsumitzen eta ahazten den zeozer, arnas luzeko arrastoa utzi behar duten edukiak izan behar dute.

Hori guztiori nola lortzen da? Ba zintzotasunez eta gertutasunez arituta. Zientzia-edukiak transmititzea eta jasotzea ez dira ariketa errazak baina erraztu daitezke. Eta konfiantza duzun pertsonekin errazagoa gertatzen da harreman hori. Azken finean, dibulgatzen denean norbanakoen eta komunitatearen kultura zientifikoa sendotzen eta hedatzen da. Eta hori, guztiz onuragarria izateaz gain, zerbait oso potoloa da.

Hala ere, bada kontu bat azpimarratzea gustatuko litzaidakeena. Dibulgazioa ulertzen dugu zientzia publiko orokorrari azaltzea bezala, ikerkuntzaren osagarria den jarduera bezala. Baina iruditzen zait jarduera bat baino jarrera bat dela. Dibulgatzen denean, mezua, erregistroa eta tonua doitzen dira elkar ulertzea, ezagumenduaren transferentzia eta topaguneen sorrera errazteko. Dibulgazioa ez da bakarrik herritarrekin solasaldia errazteko jarduera bat, baita ere gero eta espezializatuagoak diren jakintza-arloen arteko solasaldia errazteko edota lengoaia ezberdinak erabili ditzaketen alor ezberdinetako adituen eta arituen arteko solasaldia errazteko. Oraintxe bertan egiten gabiltzan bezala.

Azken finean, dibulgazioa zientziaren baloreak deitzen ditugun horiek praktikatzea eta praktikatzeko jarrera da, askotan ikerkuntzan eta egunerokotasunean ahaztuak gelditzen direnak. Beste lehentasun, urgentzia eta betebehar batzuk medio, inertziek eta baldintzek askotan dibulgazioa gauzatzea eta dibulgazio-jarrera izatea zaildu egiten dute. Baina lehen pausua bakoitza bere burua interpelatzea da eta erabakitzea ze bide aztertu eta jorratu nahi duen. Nik orain dela hamar urte hala egin nuen eta bide honetan ikasi, desikasi eta egin dudanarekin harro eta pozik sentitzen banaiz ere, ikasten, desikasten eta egiten jarraitu nahi dut, jakinmina asetzen eta kutsatzen jarraitu nahi dudalako.

Bide zoro eta eder honetan zerbaitez eta zerbaitek sinez ilusioa egin eta bizipoza eman badit hori egindako bidelagunak dira. Egin ditugun gauza pirata horiek guztiak sortzen duten konplizitatea. Gizartearen kultura zientifikoa handitzeko eta ikertzaileek gizatasuna berreskuratzeko egindako konspirazio zoro honek sortu dizkigun harremanak eta sareak. Zuentzat izan behar dute, halabeharrez, azken hitzak. Esker onekoak, estimukoak eta maitasunezkoak. Zuek guztiak bidelagunak izatea ohore marabilloso bat da.

Maite zaituztet!!!! 😍😍😘😘