Genetika, genomika ta beste

Dena idatzita al dago?

Joseba Sarrionandiak “Moroak gara behelaino artean?” deitutako bere tesi horretan (tesi asko baino tesiagoa baita) pasarte batean lagun batek dena idatzia zegoela esaterakoan Josebak “zein hizkuntzatan?“ galdetzen zion. Burura, genetikari moduan, bizitzan dena DNAren hizkuntzan idatzita dagoela etorri zitzaidan. Baina dena idatzita al dago?
 
Aurreko batean gure genometan, DNAren hizkuntzan izaki bizidunok egiten ditugun gauza gehienen argibideak idatzita daudela esan nizuen. Azukretik energia nola atera, jaten ditugun proteinak nola pieza txikiagotan zatitu, gure begien kolorea edota odol taldea argibide-liburua den genoman idatzita dago. Aurreko baten ere gauza bat gaixotasun genetiko bat izatea eta beste bat garatzea zela ere esan nizuen.
 
Adibide errez bat jarriko dut. Laktosari intoleranteak diren pertsonak kafepintxoa bere horretan hartzen badute, ez die onik egingo. Laktosa ezin liseritzeak laktosa hartzean ondorio latzak ekartzen dizkio (tripako mina, beherakoa, etab). Baina laktosarik hartzen ez badu ez zaio ezer gertatuko. Idatzita duen hori ekidin dezake. Egia da beste kasu batzuetan zailagoa dela, zeliakoen kasuan glutenik gabeko janariak aurkitzea zailagoa baita. Baina, beno, ahalegin gehiagorekin bada ere, idatzita duten hori ekidin dezakete.
 
Beste kasu batzuetan genoman idatzita dugunari ezin diogu ihes egin. Badaude gaixotasun genetikoak ezin direnak ekidin, eta gure ile-kolorea, tindaketa asko eginda ere, gure ile-kolorea da. Ezin diogu patuari ihes egin. Gene (idatzita dagoena) eta ingurune (egiten duguna eta jasotzen duguna) arteko elkarrekintzaz luzarotik eztabaidatu da. Eta pendulu bat bezala, garaiaren arabera geneetan idatzita dagoena behin betiko zen defendatzen zen eta beste garai batzuetan geneen garrantzia urria zela uste zuten eta garrantzia inguruneari egokitzen zioten. Orain penduluaren zein aldetan gauden ez dakit, batez ere orain gene bat zer den oso argi ez baitugu (hori beste baterako utziko dut). Nire ustez denatarik dago: batzuetan genoman idatzita duguna saihetsezina da, beste batzuetan moldatu daiteke. Eta erdibidean grisen eskala zabal bat.
 
Gure genometan dena idatzita al dago? Ez dut uste, baina istorioaren zati handi bat baldintzatzen duela iruditzen zait. Baina abagunea badugu gure ezaugarri onak bultzatzeko eta txarrak arrastoan sartuta izateko. Gattacan edo Bai mundu berrian jorratzen den determinismo genetikoa (dena geneetan dago), beldurgarria izateaz gain, oinarririk ez duela iruditzen zait. Inguruneak, zoriak eta idatzita dagoena nola interpretatzen den asko esateko dute. Oraindik DNA den hizkuntza hau guztiz ulertzeko eta, hortaz, liburua (genoma) ondo interpretatzeko asko falta zaigu. Eta hortaz benetan dena idatzita dagoen edo interpretaziorako tartea daukagun ez dakigu. Nola izan jarrera tinko bat guztiz ulertzen ez duguz zerbaitetan?
 

Utzi erantzuna