Genetika, genomika ta beste

Genetika zientzia-fikziozko telesailetan (3)

Bai, hemen da berriro ere #KZJaia2an hasi nuen artikulu sorten jarraipena. Zientzia-fikziozko telesailetan genetika agertzen denean sinesgarria al da edo lizentzia poetikoegiak hartzen al dituzte? Jarrai dezagun seriei egurra ematen.
 

 
Falling Skies telesailean (TNT kateak 2011tik ematen duena eta aurten azkengo denboraldia izango omen duena) estralurtar oso multzur batzuk Lurrera etortzen dira eta gizateriarekin akabatzea du helburu planetarekin gelditzeko. Hainbat denboralditan zehar erresistentziaren talde baten egunerokoak kontatu dizkigute. Lehenengo denboralditan teknologia aurreratuak armak eta halakoetan agertzen ziren baina halako telesailetan beti heltzen da momentu bat zeinetan manipulazio genetikorako erabiltzen den teknologia aurreratua. Bai, berriro ere alien-gizaki hibrido bat egiteko. Teknologia aurreratua badute manipulazio genetikoa gizaki eta alien DNA konbinatzeko, perfekto. Baina… alienen material genetikoa DNA al da? Momenturen batean azalpen nahiko xelebrea ematen dute hibridioaren material genetikoaren inguruan baina nire osasun-mentaleren mesedetan ez dut oso ondo gogoratzen. Hori bai, hibrido horrek lehenengo giza DNA funtzionamenduan du eta geroago DNA alienigena funtzionatzen hasten zaio. Egia esan metilazioa eta beste aldaketa epigenetikoen bidez posiblea da, puntu hau onargarria iruditu zitzaidan. Baina hibrido honek superbotereak izatea honen ondorioz, ez, hori pasote bat izan zen.
 

 
20150129094615
 
Estralurtar-gizaki hibridoa naiz eta superbotereak ditut.
 

 
Serie honetan ere estralurtar maltzur hauek gizakietan esperimentuak egiten dituzte mutante nahiko nazkarri batzuk sortuta. Hauei buruz gutxi dakigu, bakarrik estralurtarrek gizakiei mountruo horietara eboluzionatu behar dutela bakean bizitzeko. Edo halako zentzugabedun zerbait. Egia esan hain zenzugabea da ez dakidala nondik hartu. Horrela, boteprontoan, eboluzioak norabiderik ez duela bururaten zait. Eta hauek (estralurtarrak edo gidoilariak, aukeran) bide bat zehazten dute. Bestea mekanismoa. Zer da, beste hibrido bat? DNA manipulatu zaiela? Makina batzuk erabiltzen dutela dirudi, baina zer egiten dute, DNA txertatu? Aldatu? Auskalo! Baina zer nolako tentsio dramatikoa ematen dion!
 

 
20150129094551
 
Estralurtarren gizaki eboluzionatuaren proposamena. Normala gizakiak estralurtarren aurka borrokatzen jarraitze
 

 
Orain beste serie batekin jarriko naiz baina ez dut gaiaz aldatuko. Defiancen (SyFy kateak 2013tik ematen duen seriea) ere Lurrera etorri diren estralurtarrak ditugu. Kasu honetan ez zen espreski inbasio bat izan baina 2046an Lurra guztiz aldatuta dago, hainbat estralurtar arraza ezberdinek gizakiekin bizi dira tentsio handiarekin Defiance herrian izan ezik. Han halako bake-oreka-tentsio batean bizi dira. Eta halako serietan falta ezin den bezala bi nerabe, bata gizakia, beste estralurtarra, maitemintzen dira eta beraien familien errezeloen aurka burrukatu behar dute. Oso shakespeartarra dena. Ezkondu eta guzti egiten dira eta hara non eta haurdun ere. Gidoilariei asko gustatu behar zaien zerbait izan behar du, hainbatetan aipatu baitugu, baina genomen bateragarritasuna, DNA berdin-berdina izatea etab. luze bat ahaztu behar dugu sinesteko. Ze hemen ez manipulazio genetiko, ez teknologi aurreratu, ez ezer, hemen haurdun gelditzen da txortan joz. Eta hori momenturen batean aipatu zezaketela Defiance-n nanorobot batzuk daudela eta horiek moduren batean eragin. Zertarako? Gainera apostua igo eta amari (gizakia dena) estralurtarrek dituzten ezaugarri batzuk (usaimen hobea, esate baterako) garatzen zaizkio haurdun egoteagatik. Enbrioiak eman dizkiolako edo halako zerbait. Zur ta lur utzi ninduten.
 

 
20150129094524
 
Nabaritzen ez bada ere, oso pozik gaude haur hibrido bat izango dugulako.
 

 
Eta bukazeko bonus track bat. Helix seriari, ideia honen erruduna, sorta honen lehen atalean egurra eman nion. Orain 2. denboraldian sartuta daude eta 2. kapitulurako jada aipatzeko altxor bat utzi dute. Beldur naiz noraino helduko diren. 1.go denboraldian protagonisteko bat haurdun eta inmortala bilakatuta utzi genuen. Inmortalitatearena telomeroak laburtzen ez zirela esanez justifikatu zuten eta niri sinesgarria iruditu zitzaidan. Ba orain neska hau 15 hilabetez haurdunaldiaren lehen hilabetetan gelditu dela dio, berea inmortala bilakatzeko prozesuan enbrioiari eragin diolako. Edo halako zerbait. Baina lasai bota zuen, ez hankarik ez bururik edukiko ez balu bezala. Zeren, enbrioi baten garapena eta telomeroak ez laburtzea ez dakit nola arraio lotuta dauden. Ziur aurrerago azaltzen digutela eta, hortaz, #KZJaia3a bukatu baino lehenago halako beste sarrera bat egiteko aukera izango dudala.
 

 
20150129094454
 
Haurdunaldiaren lehen hilabetean gelditu naiz. 15 hilabetez.
 

 
kzjaia3_banner
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du
 

Utzi erantzuna