Genetika, genomika ta beste

Zergatik ez duzue gaixotasun (genetiko) honentzat sendabiderik aurkitu?

Aurreko batean galdera hori plazaratu nuen “Mozkorra eta giltzak” metafora azaltzeko. Gertatu ohi zait gaixotasun bat hizpide bilakatzen denean goizago edo beranduago norbaitek zergatik ikertzaileok sendabiderik aurkitu ote ez diogun galdetzen didala. Gaia berrartuko dut, orduan azaldutakoak garatzeko eta gai zail honen atzean dagoen azaltzeko. Hasieratik argi utzi nahi dut osagai genetiko handia duten gaixotasunez arituko naizela; infekzioak eta ingurunearen eraginez sortzen direnak, genetikak baldintzatu baditzake ere, beste baterako utz ditzakegu.
 
Argi ulertzeko, gaixotasun genetikoetan bi mota handi bereiz ditzakegu: gene bakarrak gaixotasuna eragiten duenean eta genetikoki konplexuak diren gaixotasunak.
 

 
20150315193617
 
Terapia genikoa.
 

 
Gene bakarraren eraginpean dauden gaixotasunak sendatzea errazagoa izan beharko luke. Gene bakarra bada, gene horrek akatsen bat badu edo modu ez egokian funtzionatzen baldin badu, gene normal bategatik ordeztu daiteke. Terapia genetikoa deitutakoak hori bilatzen du: genearen kopia normal bat genea funtzionatzen ez duen paziente batean txertatzea eta horrela akatsa duen gene horren funtzioa berreskuratu. Baina ez da hain erreza. Pentsa ondo dabilen gene hori zelula guztietan txertatu behar dela edo, behintzat, gene hori beharrezkoa den ehun edo organoetan. Hori lortuta ere, nola berma daiteke gene hori genoman txertatzerakoan beste albo-eraginik ez edukitzea? Geneen txertaketa egiteko erretrobirusak erabili ohi dira eta, egia esan, moldatu badituzte ere, erretrobirusek bere lehentasunak dituzte txertatzeko tokia aukeratzerakoan. Izan ere, sistema immunologikoaren eskasia sortarazten zuen gaixotasun genetiko batekin (burbuila esteril batean bizi direnak) terapia genikoa saiatu zen. Hasieran sistema immunologikoa berreskuratzea lortu bazuten ere, hainbat pazientek leuzemia garatu zuten erretrobirusaren txertaketa zela eta. Hau terapia genetikoarentzat ezbehar handi bat izan zen eta, saiakerak badaude ere, tentu handiz egiten dira.
 
Beste kontu bat izan daiteke genea isildu behar denean edo bere dosia murriztu. Horrelakoetan interferentziazko RNA txikiak (siRNA) erabili daitezke gene jakinak itzaltzeko. Adibidez adinari lotutako makulen degenerazioan edo minbizi mota batzuetan erabili da eta, oraindik bide luzea bada ere, siRNA-en funtzionamendua guztiz ezagutzen ez baitugu, bide posible bat izan daiteke.
 

 
Gaixotasun genetiko sinpleekin arazo guzti hauek baditugu, imajina ezazu gaixotasun genetiko konplexuetan. Lehendabizikoetan zein genek eragiten duen jakina da behintzat, besteetan, gehienetan, ezta hori ere ez.
 
Pellokeria bat badirudi ere batzuetan gaixotasun genetiko konplexuak konplexuak direla ahazteko joera dugu. Noski, hasieran konplexu deitzen ziren hainbat genek parte hartzen zutela uste zelako. Baina genomak hobeto ezagutu ditugun heinean, geneotaz gain beste hamaika osagai genetikok eragin dezaketela susmatzen hasi gara. Adibidez RNA mota ezberdinak . Gainera, genomak guztiz ez ulertzeaz gain, aurrekoan aipatzen nituen mozkorraren eta gurpil-zoroaren eraginak ditugu: bakarrik momentuz aztertu ditzakegun eskualde genomikoak aztertzen ditugu (gehiena aztertu gabe utzita) eta behin eta berriz horiek ikertzen ditugu (eskualde berriak ikertu gabe utzita). Hortaz jada dakiguna behin eta berriz konfirmatzen dugu baina, oro har, gauza berri askorik ez dugu aurkitzen. Eta gaixotasun genetiko konplexuak ulertu gabe jarraitzen dugu. Hortaz, sendabideak bilatzea, ezta imajinatu ere.
 

 
20150315193647
 
Puzzleen buruhausteak
 

 
Egia da ez garela uste eta nahiko genukeen bezain azkarrak. Genomak uste genuena baino askoz konplexuagoak direla. Horretaz gain ulertu behar da momentu honetan ditugun teknikek muga hori dutela, ezin dezakegula guztiz ondo aztertu genomako eskualde guztiak. Imajinatu 50.000 piezatako puzzle bat, zeru eta itsaso asko dituenak. Pieza hain txikiekin, irudiaren erreferentzia izanda ere, oso zaila izango da zeru eta itsaso eremu horiek egitea, oso berdintsuak baitira, eta azkenean puzzlean atzeman daitezkeen zatiak bakarrik egiten dira. Genomak aztertzerakoan, gaur egun ditugun teknikekin, halako zerbait gertatzen da: oso errepikakorrak diren eskualdeak (erretrobirus endogenoak adibidez) ez dira ondo aztertuko eta aldakorrak eta antzeman daitezkeenak (geneak eta inguruko eskualdeak) aztertu daitezke. Baina hau konponbidean dago. Teknika berrien bidez orain puzzleak 1000 piezetakoak izatera pasako dira, pieza handiagoekin, eta, hortaz, oraindik eskapo egiten zaizkigun eskualde horiek hobeto aztertu. Gainera konputazioak izan dituen aurrerapenak ere oso baliagarriak zaizkigu genomak hobeto aztertzeko.
 
Iruditzen zait hurrengo urteetan genomen ezagutzan eta gaixotasun genetiko konplexuen ezagutzan iraultza berri bat biziko dugula. Orain uste ditugun gauza asko baztertu beharko ditugula eta begirada eta ideia berriekin azterketak egin. Eta pixkanaka gaixotasun genetiko konplexuak ulertu eta sendabideak proposatu. Nire aurreikuspen pertsonala: DNA zaborraren garrantzia, bai osasunean zein gaixotasunean azpimarratuko dela (beno, jendea onartzen doa ), batez ere erretrobirus endogenoena. Hemendik urte batzuetara ea arrazoia eman behar didazuen!
 

 
kzjaia3_banner
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du
 

One comment on “Zergatik ez duzue gaixotasun (genetiko) honentzat sendabiderik aurkitu?

Utzi erantzuna