Genetika, genomika ta beste

DNA zaborra ENCODEren ostean

Atzo hedabideetan ENCODE proiektuko emaitzen inguruko berria zabaldu egin zuten eta gaurkoan oraindik gogoetarako tartea eman du Zergatik da hain garrantzitsua eta zergatik eztabaida? Beno, azaltzen saiatuko naiz.
 
Atzo CRG-koek (Centre de Regulació Genòmica, ), ENCODE egitasmoan parte hartu duten zentruetako batek, hitzaldia+festa egin zuten eta hara joan nintzen, bai zer egin duten ikastera, bai zerbait jatera (eta edatera).
 
Ikerkuntzatik haratago, guzti honen atzean kristolako esfortzu pertsonala dagoela iruditu zitzaidan.
 
Lehenik, Roderic Guigo-k (ENCODE proiektuan CRG-ko arduraduna eta proiekturan koordinatzailetako bat) hitza hartu zuen sarrera txikitxo bat egiteko. Pozik ikusi nuen baina nekatuta. Ez dakit horrenbeste hedabiderekin hitz egin ostean nekatuta zegoelako edo pisu bat gainetik kendu zuelako. Sarreratxoan ez zuen egin zutenaz hitz egin, baizik eta atzean egon den lana: hastapena, batzarrak (imaginatu, planetako puntu ezberdinetako pertsonak batzartuta, EEBBetan goizeko 6ak, Europan ordubiak, Japonen gauerdia), etab. Bai, atzean lan asko dagoela iruditu zitzaidan.
 
Hitzaldia Thomas Gingeras-ek eman zuen (Cold Spring Harbor Laboratory, ENCODE proiektuko beste koordinatzaileta bat). Hau bai zientzia kontuetan sartu zen, baina giza-alderdi hori galdu gabe. Laburtuz hiru ideia gako:
 
– Sortu duten informazio guzti hori modu eraginkor batean plazaratzeko ohiko zientzia-artikuluei buelta bat eman behar izan diote, pdf interaktiboak erabilita. Guztira 6 artikulu laburpen eta 24 artikulu lagungarri plazaratuta. Lantxoa da.
 
– Susmatzen zena datuekin (datu askorekin, benetan, ezin dezakezu imaginatu datu edukiera) frogatu dute. Eta askorentzat herejia bat izan daitekena esan: ahaztu gaitezen gene kontzeptuaz.
 
– Jomuga bat izan da. Hitzaldiaren ostean lankideekin hitz egiten guztiok mugarri bat zelaren sentzazioa genuen. Batez ere RNA-ri ematen dion garrantzia dela eta.
 

 
Zer aurkitu dute? Modu arin batean esanda genomaren zati handiena (%80a) aktibo dagoela, zeozer egiten duela. Orain arte “zabortzat” jotzen zena zeozer egiten duela.
 

 
Hemen parentesi txiki bat egitea baimenduko didazue. Nik DNA-zaborrarekin lan egiten dut. Nire interes zelaia da. Ez da zaborra ez zela bagenekiela, zeozer egiten duela bagenekien, nire ustez itzulpen arazo bat da. Ingelesezko “junk”, “zaborra” moduan itzul daiteke, baina baita “traste” moduan. Niri azken modu hau, hots “DNA-traste”, gogoko dut, askoz hobeto azaltzen baitu benetan zer den: hor erdian dagoen zeozer, pixkat ahaztuta, momentu konkretu batean erabilgarria izan dena edo berrerabili daitekeena.
 

 
Zer esan nahi du horrek? Gure genoma (bizitzaren argibide-liburua) zirkuito erraldoi bat dela etengailuz betea. Orain etengailu horien mapa bat daukagu eta etengailu horiek inguruko beste elementuekin nola elkarekiten duten pista daukagu.
 

 
Eta orain zer? Dena berranalizatzera. Bai ENCODEko datuak, bai orain arte bagenekiena. Datu guztiak bolkatu dituzte eta eskuragarri daude. Orain arte ezagutzen ez genituen elkarrekintzak ezagunak ziren funtzio eta egiturekin erlazionatzeko aukera paregabea dago.
 

 
Baina, hau erabilgarria al da? Gaixotasunen bat osatuko al du? Nik beste modu batera planteatuko nuke. Orain arte eskuliburua genuen (genoma) baina eskuliburua interpretatzea, tira, zaila da. Lan honek interpretazioa erraztuko du, ez da Rosetta harri bat, baina parekotzat jo dezakegu. Eta gure eskuliburua hobeto ulertzen badugu, eskuliburuak dituen akatsak ulertzea eta konpontzea errezagoa izango dela iruditzen zait.
 

 
Azken gogoeta pertsonala. Halako lanek (genetika/genomikaren LHC-aren parekotzat jo dezakegu) kolaborazio eta datu-elkarbanatzearen bidetik gauza handiak egin daitezkela frogatzen dutela iruditzen zait. ENCODE ez da ezerren bukaera. Ez dakit iraultza bat izango den, baina bai gure lan egiteko moduak aldatuko dituela. Orain zoom-a zabaltzera behartuta gaude eta gauza asko kontutan hartu beharko ditugu genomak aztertzerakoan.
 

 
Erronka handia da. Baina oso interesgarria.
 

Utzi erantzuna