Kafepintxo

11 urte, hamaika istorio eta galdera bat

Gaur Edonolak 11 urte betetzen ditu. Denbora honetan hamaika kontu hizpide izan ditut blog honetan baina azken urteetan zientziaren dibulgazioan buru-belarri ibili naiz, batez ere genetika eta inguruko gaietan. Gaurkoan txoko honen urtebetetzea denez, momentu ona gelditzeko eta atzera eta aurrera begiratzeko.

Kafepintxoa. Blog honen inspirazio iturri.


“Norabide honek (genetika-gaiak jorratzen dituen bloga) merezi al du?” ageriko galdera da eta erantzuten saiatuko naiz. Ez da lehen aldia euskaren eta dibulgazioaren inguruan hausnartzen dudala, baina gaurkoan egozentrismo ariketa bat egingo dut eta abentura honi buruzko gogoeta egin.

Genetikari buruzko bloga. Euskaraz. “Nori bururatu ahal zaio hori? Zertarako? Nork irakurriko bada hori?“ askoren buruetan abiapuntua hori izan daiteke. Arazoa premisa hori faltsua dela. Bai, badago genetikari buruz euskaraz irakurtzen duen eta irakurri nahi duen jendea. Sei zoro direla? Ongi etorria zoramen hori, denak, alderdi batean edo bestean, friki zoroak gara. Publiko bat dago eta blog honek publiko horren jakin-nahia, jakin-mina eta zoramena asetzen ditu. Bere funtzioa betetzen du. Hobeto, kaxkarrago, baina ia beste inork eskaintzen duen zerbait eskaintzen du: genetika denontzat ulergarri eta euskaraz. Norbaitek egin behar zuen, ezta? Gainera honek imajinatzen ez nuen albo-ondorio bat du ere: istorio batzuk Google-en bilaketetan goian daudenez, termino edo pasadizo baten ingurukoak bilatzerako orduan jendeak klik egiten du. Parakaidistak izango dira, baina beste funtzio bat betetzen du blog honek: ezagumendu-ondarea sortu. Ez da makala.

Beste kontu garrantzitsu bat: ez dut inorekin lehiatu behar. Beste hizkuntza batean egingo banu jada ezarritako blogen edo inertzien artean egin beharko nuke, nire txokoa edo lekua aurkitzeko. Azkenean balizko irakurleak erakartzeko lehian sartu beharko nintzateke. Eta ni ez naiz batere lehiakorra, hortaz, ez nuke bide hori jorratuko. Izan ere, nire izaera elkarlanarekin eta hartu-emanarekin eroso dagoenez, eta genetikan eta euskaraz erreferente urritakoa naizenez, beste blog famatu (Zientzia Kaieran genetikaren historiaz) eta komunikabide handiekin kolaboratzeko aukera (orain dela gutxi Elhuyar Aldizkariarekin argitaratutako azken artikuluaren harira, adibidez) eman dit.

Pertsona lotsatia naizen aldetik, genetikari eta nire lanari buruzko hamaika istorio kontatzeak komunikazioan trebatzeko balio izan dit. Behin istorio bat argitaratzen dudala, eta twitterren bidez zabaltzen dudala, kritikaren menpe gelditzen naiz. Arestian aipatutakoa, batzuetan hobeto (asko hedatzen da eta bisita ugari ditu) besteetan kaxkarrago (ez du atentzio handirik sortzen), baina etsi gabe. Horrek komunikazioan eta transmisioan hobetzea eragin dit eta istorioak nola kontatu behar diren argi edukitzera eraman nau. Eta publikoaren aurrean egotera arriskatzera. Baina, egia esan, publiko euskaldun zientziazalea oso eskertua da. Horrela gauzak egitea plazer hutsa da, agian beste publiko mota bat edo beste hizkuntza batzuetakoak sasijakintsuak dira eta esperientzia ez da hain positiboa. Eta kritikak jasotzen ditudanean, aizu, horietatik ikasi eta hobetzen joan. Ez gara jakiten jaiotzen.

Baita ere bide-lagun eta lagun asko egin ditut abentura honetan. Honi ez zaio asko erreparatzen baina arrazoi puska da dibulgazioan aritzeko. Eta hamaika putzutan sartzeko, non aparteko jendea ezagutu dudan eta inoiz egingo ez nituen gauzak egin ditudalako beraiei esker (begira, ama, telebistan agertzen naiz! Eta irratian! Eta hitzaldiak eman!). Zerbait proposatzen didatenean ezinezkoa zait ezetzik esatea, ez bakarrik proposatzen didatena moloia delako, baita ere, aizu, nire lagunak direlako eta oso ondo pasatzen dugulako zientziaren inguruko istorioak kontatzen. Gutxi izateak eta zoratuta egoteak duen abantaila handia da: harreman bikaina dugu eta nork ez luke familia honetako kide izan nahi? Eskerrik asko bihotzez marroiren batean sartu nauzuen guztioi! Biba zuek!

Hortaz, guzti honek merezi al du? Bai, noski! Azken finean niretzat ariketa aberasgarri bat da, erronka interesgarri bat, genetika den abstrakzio ikusezin hori hitzekin, metaforekin eta istorioekin kontatzea. Asko ikasi dut eta, batez ere, pertsona moduan asko irabazi dut. Horregatik, betiko aurreiritziei buelta emanda, “Nola ez dut, bada, zientziaren istorioak euskaraz kontatuko?”