Kafepintxo

Pandemia bati aurre egiteko neurriak

SARS-CoV-2aren hedapenaren eta COVID-19aren egoera oso kezkagarria da gurean. Berriro ere. Orain dela urtebete hasi zen pandemia honi neurria hartu ezinik gaude. Edo ez diogu hartu nahi. Orain dela 10 hilabete pasatxo hasi ginen neurri ezberdinak erabiltzen birusari aurre egiteko edo birusarekin bizitzeko. Baina badirudi ez dugula ezer ikasi eta akats berdinak egiten ditugula, bai erakundeek, bai norbanakook. Erantzukizun-maila ezberdina badugu ere eta egiten dugunaren eragina ezberdina bada ere, denon inplikazioa ezinbestekoa da pandemia bati aurre egiteko. 

Gaian aditua eta aritua ez banaiz ere, zientzia-komunitateak sortu duen ezagumendua jasotzen joan naiz, erabilgarriak izan daitezkeen gakoak lortzeko asmoarekin. Horiek biltzen eta azaltzen saiatuko naiz, beti ere nire begiradatik. Baliagarria suerta daitekelakoan.

Helburua

Lehenik eta behin helburua zein den argi izan behar dugu. Europar Batasuneko semaforoan berdez koloreztatzen da 14 egunetan <25 kasu 100.000 biztanleko eta <%4 positibotasuna (positiboak zati egindako testak). Zientzia-komunitateak eskatu berri du egunero <10 kasu/miloi biztanleko eta egunero >300 test milioi biztanleko. Beste era batera esanda: birusaren zirkulazioa ahalik eta txikiena izatea, eta zero bada, askoz hobeto. 

Zergatik? 

Batetik, gero eta birus gehiago zirkulazioan, gero eta kasu gehiago. Gero eta kasu gehiago, gero eta kasu larri gehiago, ospitaleak eta ZIUak beteko dituztenak. Gero eta kasu larri gehiago, hildako gehiago. Horrek osasun-sistema kolapsatu egiten du; eta COVID-19a ez diren gaitzen arreta oztopatzen du. Adibidez, gaixo kronikoen jarraipena edo hainbat gaixotasunen baheketak atzeratuko dira. Ondorioa argia da: osasun-arretaren kalitatea, oro har, okertzen da.

Bestetik, gero eta birus gehiago zirkulazioan, birusak eboluzionatzeko aukera gehiago. Koronabirusek eboluzio motela badute ere, hau da, mutazio gutxi izaten badituzte ere, gero eta birus gehiago egon, mutazio gehiago gertatuko dira. Ondotioz, berdin dio eboluzioa motela izateak, aldaera asko egongo dira. Eta, azkenean, buruhaustea izan daitezkeen aldaerak sor daitezke, adibidez, Britania Handiko edo Hegoafrikako aldaerekin gertatu berri zaiguna.

John Snow memorandumean argi esaten duten bezala:

COVID-19a gizartean zabaltzea kontrolatzea da gure gizarte eta ekonomiak babesteko modurik onena, datozen hilabeteetan txertoak eta terapia seguru eta eraginkorrak iritsi arte

Datuak

Neurri eraginkorrak hartzeko egoeraren ahalik eta argazki onena behar dugu. Hau da, datu errealistak eta esanguratsuak behar ditugu. Horregatik helburuetan proba-kopurua aipatzen da: proba nahikoak egin behar dira ahalik eta kasu gehien detektatzeko. Positibotasunak behera egitea ez da berez ona, baizik eta erakundeek bermatu behar dutena, hau da, ahalik eta txikiena izatea, detektatzen dituzten kasuak azpiestimazio bat ez izateko. Ezin da berri ontzat hartu %5 langatik behera egotea, osasun-erakundeek bermatu behar duten zerbait da. Pertsonal nahikoa kontratatzea, baliabideak edukitzea eta txandak antolatzea probak egiteko gaitasuna bermatzeko.

Baina baita ere probak nori egin behar zaizkion argi egon behar da. Horretarako aztarnari nahikoak eta aztarnari-sistema eraginkorra beharrezkoa da. Jakin behar da kasu bakoitza non, nola eta noiz kutsatu den (neurri eraginkorrak ezartzeko) eta norekin egon den (probak egiteko).

Azkenik, kasu bakoitzaren birusa sekuentziatu behar da eta datu-klinikoak eskuratu, adibidez, Islandian edo Erresuma Batuan egiten den bezala. Horrela jakin daiteke zein birus-aldaera zirkulazioan dagoen eta aztarnarien lana erraztu daiteke, birus berdina duten pertsonak kutsatze-kate berdinekoak izango direlako. Eta datu-klinikoek kasuen kudeaketa hobea egitea dakar.

Datu horiek ez baditugu, itsuan arituko gara. 

Neurriak

John Snow memorandumean diote 

Funtsezkoa da erabakitasunez eta premiaz jardutea. Transmisioa eragozteko eta kontrolatzeko neurri eraginkorrak ezarri behar direnean, finantza- eta gizarte-programek babestu behar dituzte, epe horretan gizartea babestu dezaten, eta pandemiak larriagotu dituen desberdintasunei aurre egin diezaieten.

Zeintzuk dira neurri eraginkor horiek? Modu konbinatuan eginda bidaiak murriztea; itxialdiak eta jendea biltzen den tokiak ixtea (dendak, tabernak eta jatetxeak); 50 pertsona edo gutxiagoko bilerak saihestea; etxetik lan egitea eta nerabeen hezkuntza-zentroak ixtea. Baina neurri horien ondorioak gizarteari, ekonomiari, osasun mentalari eta giza eskubideei kaltegarriak izan daitezkenez, horiek hartzekotan, neurri lagungarri, osagarri eta aringarriak hartu behar dira ere.

Baina bada ere neurri leunago bat oso eraginkorra dena: komunikazio-estrategia on bat. Neurriak behar bezala azaltzea, bere onurak azaltzea eta jendea ahalduntzea. Errieta egiteak edo komunikazio negatiboak ez du funtzionatzen.

Argi dago ahalik eta pertsona gehien txertatzea ere neurri eraginkorra izango dela. Baina, tamalez, bere hornidura eta banaketa oso motela ari da izaten.

Hala ere, ikusi dugu gure erakundeek amore eman dutela birusaren aurrean eta ez dutela ez gaitasunik, ez gogorik, ezta irudimenik behar dena egiteko. Sekulako pereza ematen die neurriak hartzea eta baliabideak jartzea. Eta bere komunikazio-estrategia bakarra dela gezurretan aritzea eta tranpa egitea.

Hortaz, gure buruak babestu behar ditugu, osasun-autodefentsa egin behar dugu.

Jakin badakigu leku itxi, jendetsu eta txarto aireztatuak direla arriskutsuenak. Maskara erabiltzea eraginkorra da, birusa zabaltzea ekiditen baitute. Eskuak garbitzeak eta distantzia-sozialak partikula handietan doazen birusekin kutsatzea mugatzen dute. Lekuen aireztatze jarraiak partikula txikietan doazen birusekin kutsatzea mugatzen dute. Garrasi egiteak kutsatze-probabilitatea handitzen du. Izan ere, gida bezala erabili dezakegu lan hau, non lekuaren, aireztapenaren, jendearen, denboraren, maskararen erabileraren eta hitz egiteko moduaren arabera arriskua zein den azaltzen den. Gure gaitasunen eta baldintzen arabera arriskutsuak diren lekuak eta jokabideak ekiditen baditugu, behintzat, gure buruak babestuko ditugu eta gainontzekoak gugandik babestuko ditugu.

Joe Biden, AEBtako presidentea izango denak, zientziarekin lotutako izendapenak aurkezterakoan esan zuen:

Zientzia beti egongo da nire administrazioaren abangoardian, eta ospe handiko zientzialariek bermatuko dute egiten dugun guztia oinarrituta dagoela zientzian, egitateetan eta egian.

Oxala gure agintariek hori argi balute ere. Guk hori argi dugun bitartean, gure inguruan eragin positiboa izango dugu. Zientziak bakarrik ez gaitu honetatik aterako, baina zientziarik gabe, ezinezkoa izango da. Zaindu zaitezte, zaindu gaitezen.