Genetika, genomika ta beste

Noiz sortzen da espezie bat?

Azken aldian bolo-bolo dabiltza Neandertalen inguruko aurkikuntzak, Homo generoaren aztarnarik zaharrenak omen direnak hautsak harrotu ditu,… Izan ere, #Zientziatekan Alvaro Arrizabalagak egindako hitzaldiaren bukaeran Iñako (@uhandrea) , Kepa eta Alvaro (@alvaroleizetxiki) ibili ziren Neandertalak espezie bereizi bat ote ziren inguruan solasean. Espezien mugak non kokatzen diren, noiz kokatzen diren, korapilatsua eta erantzun zuzen bat aurkitzea zaila dela iruditzen zait. Baina gaia lantzen saiatuko naiz.
 

 
Izatez espeziaren definizio biologikoa nahiko argia da: beraien artean ugaldu daitezkeen eta ondorengo emankorra duten populazioak. Esate baterako, astoa eta zaldia beraien artean ugaldu daitezke, mandoa den hibrido hori lortzen baita, baina hau antzua da. Hortaz, astoak eta zaldia ez dira espezie berekoak. Gainera genetikoki ezberdinak dira, kromosoma kopuru ezberdina baitute. Honi bi ñabardura: lehena, definizio hau ugalketa sexu bidez egiten duten espezientzat bakarrik baliagarria dela, bakterioentzat, adibidez, ez du ezertarako balio; bigarrena, momentu konkretu baterako baliagarria dela baina denboran zehar erabili nahi bada, gauzak zailtzen dira.
 

 
Lehenengo ñabarduran ez dut sakonduko zeren bakterioak espezieetan sailkatzearena oso korapilatsua iruditzen zait. Bai, egia da, espezieetan sailkatzen dira baina espezie bereko andui (barietateak) ezberdinen genoma %40an alda daiteke. Aldakortasun genetiko / genomiko hain handia izanda zaila iruditzen zait gizakiok dugun sailkatzeko obsesio konpultsibo hori erabili ahal izatea. Egia esan bakterioentzako “pangenoma” kontzeptua asmatu behar izan da espezie bereko andui ezberdinek partekatzen duten sekuentzia genomikoa izendatzeko. Korapiloaren gaineko korapilo berria. Gainera bakterioak material genetikoa elkartrukatzeko erraztasuna dute (adibide ezagunena antibiotikoei erresistentzia lortzea da), korapiloa gehiago korapilatuz.
 

 
Bigarren ñabardurarekin zera esan nahi dut: txinpantze bat eta gizaki bat ezberdintzea, gaur egun, erreza da. Ez bakarrik itxuragatik, baita espeziaren definizio biologikoa erabili daitekeelako eta gure genomak erraz ezberdindu daitezkeelako, txinpantzeen bi kromosoma direnak guk batuta baititugu, beste ezberdintasunen artean. Hau da, momentu honetan ezberdintasunak hain agerikoak dira, ezen espeziearen mugak definitzea erreza den. Baina txinpantzeen leinua eta gizakien leinua banatzen hasi zenetik bi leinu ezberdin izan arte, nola ezberdindu beraien artean eta jatorrizko arbaso komunetik? Hau da, jarraian kokatzen diren populazioak nola ezberdindu? Muturrekoak, bai denboran zein espazioan, erreza suerta daiteke, baina erdian kokatzen direnak nola ezberdindu? Non kokatzen dugu marra? Noiz sortzen da espeziea?
 

 
20150323173610
 
Fluxu genetikoa eten, gero espeziea sortu eta azkenik itxuran ezberdindu.
 

 
Genetikari bezala erantzuna genetikan dagoela esan nezake. Baina ez dut gezurrik esango, hori ez da horrela. Goiko irudia biologia ebolutiboan erabili ohi da espezieak sortu baino lehenago isolamendu genetikoa gertatzen dela azaltzeko. Hau da, populazioen artean ezberdintasun genetikoak beraien artean ugaltzeko gaitasuna galtzea gertatu baino lehenagokoa da. Hortaz, badago denbora tarte bat non bi espezie ezberdin sortzeko bidean dauden bi populazio oraindik beraien artean ugaldu daitezkeela, beraien arteko harreman genetikoa (eta, suposa dezakegu, fisikoa) etenda badago ere. Egia da irudiko eredua sinplea dela eta eredua konplikatu daitekeela, baina oinarritzat har dezakegu. Agian gizaki moderno eta Neandertal (eta Donisovaneko gizakiarekin) halako zerbait gertatzen da: bakoitza bere bidea hartua zuela baina oraindik beraien artean ugal zitezkeela.
 

 
20150323173644
 
NBAko jokalaria eta Pigmeoak .
 

 
Hala ere pixka bat bihurria izango naiz. Gaur egungo gizakien bi populazio hartuko ditugu: alde batetik NBAko jokalariak eta bestetik Pigmeoak. Imajina bakarrik beraien hezur batzuk ditugula. Horietan bakarrik oinarrituta bi espezie ala bakarra direla esango zenuke? Gai izango ginateke muturreko bi populazio direla jakiteko edo hanka guztiz sartu eta harremanen bat izandako bi espezie direla esango genuke? Eta genetika aztertzerakoan antzekoak bai baina ezberdintasunak ikusiko genituzke. Ez litzateke guztiz argigarria izango. Eta txakur arrazekin hasiko bagina zoramena izan liteke.
 

 
Orduan, noiz sortzen da espezie bat? Ugalketa ezinezkoa denean, bitartean, grisen tokian kokatzen gara, ez dira ez arbaso komuna ez gero sortuko den espeziea. Katearen bi muturrak lortzen dituzten katebegiak. Genetikoki ezberdinak izan daitezke baina oraindik ugaltzeko gai (eta bere ondorengoak ere bai), ezberdintasun genetikoak itzulerarik gabeko puntura heldu ez direlako. Eboluzioak duena da: jarraipen dinamiko bat denez, graduazio bat denez, oso hurbil dagoena ez da erreza A eta Bn sailkatzea. Baita ere galde dezakegu ea gris horiek baten edo bestean sailkatzea beharrezkoa ote den, baina hori beste eztabaida bat da.
 

 

 
kzjaia3_banner
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du
 

One comment on “Noiz sortzen da espezie bat?

Utzi erantzuna