Genetika, genomika ta beste

Ez dok 13

Ez dok amairu Euskal Herriako kultura mugimendu abangoardista izan zen Asteotan Edonolatik kultura zientifikoa hedatzen saiatu gara jende askorekin batera #kzjaia ren barnean. Ez dok amairu ere, ez dago malefiziorik esateko beste era bat da. Eta zer da malefizio bat? Zorte txarra edukitzea. Eta zer da zorte txarra? Zoriz gertatzen diren gauza txarrak. Eta kiribil hirukoitzdun arrisku-saltu guzti hau zoriari buruz idazteko.
 

 
20140325085055
 
Zoria, dadoak bota eta ikusi zer gertatzen den
 

 
Ikerkuntzan ematen diren aurkikuntza guztiak ondo planifikatutako eta pentsatutako esperimentu eta lanen ostean gertatzen direla pentsatzeko joera dugu. Baina aurkikuntza asko zoriz gertatzen dira. Ingelesek “serendipity” deitzen dutena. Gure artean, txiripaz. Adibide nabarmenena penizilinaren aurkikuntza izan zen.
 

 
Egia esateko, zoria biologook maite dugun komodina da. Hogetik bat zoriz arraroa dela diogu eta lasai gelditzen gara. Esperimentu bat ehun aldiz errepikatuta lautan emaitza ezberdin bat lortzen dela? Hori zoriaren eragina da, beste 96etan gertatzen dena orokor bilakatzen dugu, 4 arraro horiek alboratuz.
 

 
Populazioen genetikan eboluzioa azaltzeko 4 indar daudela esan ohi da:
 
Mutazioa. Hots, zoriz gertatzen diren aldaketak material genetikoan.
 
Jito genetikoa. Hots, belaunaldi batetik bestera zoriz transmititzen den informazio genetikoa.
 
Migrazioa. Hots, populazioetan edo populazioen artean geratzen diren mugimenduak. Mugitzen diren indibiduoak zoriaren menpe egon daitezke? Nik ez nuke baztertuko…
 
Hautespena. Hots, ingurune jakin batean egokien moldatzen diren ezaugarriak lehenestea. Honek ez du zoriarekin zer ikusirik, ezta? Baina ingurunea zoriz alda daiteke, baldintzak aldatuz. Ez dakit, asteroide batek planeta jotzea adibidez. Dinosaurio gaixoak Lurraren jaun eta jabe zirenean ez zuten usteko baldintzak horrela aldatuko zirenik…
 
Eboluzioa horrenbeste indarrekin azaldu beharrean zoria sehaska kulunkatzen duen indarra dela esan genezake. Baina pentsa ikertzaile gaixook hamaika formula, teoria eta liburu idazteko eskubidea dugula ere.
 

 
Nire elementu transposagarri kuttunek bere burua kopiatzen dutenean. Bere burua non txertatuko den zoriz gertatzen da. Beno, ia zoriz gertatzen da. Eta horrek dituen inplikazioak (ebolutiboak) ezberdinak dira lekuaren arabera.
 

 
Baina gauza oso kurioso bat gertatzen da. Gure garunak zoria gorrotatzen duela. Patroiak gustoko ditu, zoria kaka. Eta, noski, horrek arazo bat sortzen du: patroiak aurkitzearen beharra. Eta patroirik ez badago, akabo, zoria ez den beste azalpen bat behar dugu. Baina, ez, zoria sehaska kulunkatzen duen esku ikustezina da.
 

 
20140325085036
 
Estralurtarrak? Ez, zoria.
 

 
http://www.goear.com/listen/6e89977/ederregia-zera-zu-jotea-maurizia-leon-eta-basilio
 

 
Mauriziak “hauxe da despedidea, despedidea honen tristea“ abesten zuen. Ez dut uste Zeberion edo Zollon atxitxe zahar ta atxitxegaz abestera batzen zenean, haien birbilobak/bilobak bere hitzak zientziaz idazterakoan erabiliko zituenik. Triki ta pandero giroan haztearen kontuak, nire lehengusuak ez bezala, zoriaren eraginez musikarako gaitasuna ez nuen heredatu, baina bai ahozko tradizioei begirunea. Eta parrandazale guzti hoien umore ona.
 
Honako hau #kzjaia rako idazten dudan azkenengoa da. Azkenengo koska. Gazi-gozoa. Gozoa esperientzia oso positiboa izan delako. 13 artikulu zientzia denon eskura jartzen. Genetikaren eta eboluzioaren garrantziaz idazten. Gazia, ez #kzjaia bukatzen delako (ziur nago gehiago egon direlaz) baizik eta jaialdia bukatzarekin batera nire ikertzaile ofizioak geldialdi bat izango duelako. Langabezira joatea ez da inoiz gozoa. Ez dakit noiz arte eta ez dakit nondik idatziko ditudan hurrengo #kzjaia ko artikuluak. Hori zoriaren menpe dago. Baina ofizio honetan jarraituko dudala, hortaz ziur nago.
 
Korrika 13ko kantan, Ez dok amairuren omenez egindako Korrika, Mikel eta Ruper handiek abesten zuten bezala, “ez dok amairu, bada egitekorik”. Hamaika dugu ikertzeko, hamaika dugu bizitzeko.
 
13 ontza hauei kosk egitea plazarra izan da eta zuekin ezagumendu hauek partekatzea ohorea.
 
Ondo pasau, gitxi gastau eta bueltak amari.
 

 

 

 
20140325085009
 
Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du.
 

 
PS Eta #kzjaia bukatzen bada ere, Edonola-n dibulgatzen jarraituko dugu! 😀
 

Utzi erantzuna