Genetika, genomika ta beste

Jatekoa pilatu goserik ez izateko

Gaurkotasunaren gizartean bizitzeak denbora luzeko prozesuak ulertzea zailtzen digu, batez ere memoria faltagatik. Gure egungo baldintzak beti egon diren baldintzak direla iruditzen zaigulako. Har dezagun adibidez behar baino pisu gehiago izatea. Zergatik da? Bizitza sedentarioa eramateagatik? Behar baino janari gehiago eskuragarri izatea? Istoriotxo bat kontatuko dizuet.
 
Gaur egun egunero ondo jateko aukera dugu. Baina gure espeziea sortu zenean eta espezie moduan garatu ginenean hori ez zen horrela. Orain dela 200.000 bat urte espezie moduan sortu ginen eta orain dela 10.000 urte inguru arte sarraskijale eta ehiztari/biltzaile espeziea ginen. Gure bizitzaren %95a eskuragarri zegoena jaten ibili ginen. Batzuetan jateko nahikoa bazegoen, besteetan ez. Orain imajinatu zegoenarekin biziraun behar zuen giza-talde horietako batean jaten zutena beraien gorputzetan (gantzetan) gordetzeko gai ziren pertsonak egotea. Janari eskasia bazegoen modu ez hain efizientean jandakoa gantzetan biltzen zutenek modu efizientean gordetzen zutenek baino zailago zuten bizirautea. Eta hautespen naturalak zer erakutsi digu? Hoberen moldatuta daudenek aurrera egiten dutela besteek baino ondorengo gehiago dituztelako. Eta populazioan orokortzen diren ezaugarri genetikoak hoberen moldatutakoenak direla. Orduan populazioan, eta hortaz gure espeziean, janaria gorputzean modu efizientean pilatzen zutenak gailenduko lirateke. Azken finean inurriaren istorioa bezala da, udan zehar elikagaiak metatzea negua heltzen denean bizirauteko. Dagoenean gorde ez dagoenerako. Baina orain dela 10.000 urte inguru hori aldatu zen. Nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera modu ordenatuan jateko aukera izan zuen gure espezieak. Azken mende eta hamarkadetan areagotu eta orokortu dena. Baina gutako asko janaria modu efizientean gordetzeko ondare genetikoa badaukagu zer gertatu da? Gizenak garela. Gutxiago jan genezake, modu efizientean gordetzen baitugu, edo energia gehiago gastatu. Egunero jan ahal izatea gizendu bagaitu, zorioneko arazoa.
 

 
20140716125916
 
Inurriak bezala janaria gordetzen. Gure kasuan gantz moduan.
 

 
Kontatu dizudan istoriotxoak zentzua dauka, ezta? Baina ez dago frogatua. Aurrekoan esan nizun bezala kasu batzuetan zaila da gaixotasunak edo ezaugarriak genomaren aldakiekin lotzea . Obesitatea, gizentasuna edo deitu nahi dugun hau horietako bat da. Kasu honetan zerbait kuriosoa gertatzen da, hein handi batean heredatzen dela dakigu, baina faktore genetikoek ihes egiten digute. Metabolismoan inplikatuta hainbeste osagai genetiko daudenez zaila da guztiak ezagutzea eta horietako aldaera bakoitzaren eragina ulertu.
 
Gainera sekretutxo bat kontatuko dizuet. Ezaugarri bat edo beste heredatzen dela dakigula esaten dugunean pixkat tranpatia da. Egiten dena zera da, bikiak hartu, ezaugarri ezberdinak neurtu eta hortik kalkulatu ezaugarri horren zein portzentajea heredatzen den. Bikiak klonak direnez eta antzeko ingurunean bizi direnez, ezaugarri batean (kasu honetan pisua) genetikaren eragina eta ingurunearen eragina neurtu daiteke. Beranduago faktore genetikoak (gene bat, gene horren kontrol eskualdea) aurkitzen dira, aurkitzen badira.
 
Behin txantxetan gizentasuna ulertzeko amaren faktorea kontutan hartu behar zela esan zidaten. Baina txantxa dirudien honek pentsarazten du. Zer dute berdin ama on guztiek? Denetarik jatera behartzen gaituztela eta beti kriston platerkadak jartzen dizkigutela. “Jan gehiago, hezurretan geldituko zara”, “pixkat gehiago nahi al duzu? Ez zaitez gosearekin gelditu!”. Halako esaldiak ezagunak egiten zaizkigu guztioi. Horrek zer eragiten du? Amaren eraginez behar baino gehiago jatea eta inguruneari (edo kulturari) esleitu beharreko portzentaje bat, txikia edo handia ez dakit, heredatzen denari jartzen diogu.
 
Bestalde, dena oraindik nahasiagoa egiteko, ikertzaile batzuek ere epigenetika sartzen dute saltsa honetan. Epigenetika genomen letra aldatu gabe heredatzen diren aldaketak dira, normalean genomako zein osagai dauden aktibo edo ez. Ikertzaile batzuk zera diote: ama haurdun dagoenean gosete garaia bada (edo amak behar baino gutxiago jaten badu), fetuak aldaketa epigenetikoak dituela egoera horri moldatzeko. Gero aldaketa epigenetiko horiek mantentzen dira eta jaioberriak bere bizitza osoan zehar mantentzen ditu. Aldaketa epigenetiko horiek energia gutxiagorekin funtzionatzeko prestatzen duenez, gosetea pasa bada ere, modu horretan jarraitzen du. Horrek janari kantitate normalekin gizentzea eragin dezake, gutxiagorekin bizirauteko prest baitago. Eta, deigarriena, aldaketa epigenetiko hori belaunaldi batzuetan mantentzen dela. Proposamen hau nahiko eztabaidatua badago ere, II. Mundu Gerrako Finlandiako gosetea proposamen honen aldeko adibidetzat jartzen dute.
 
Nutriozionistek gakoa dietan dagoela esango dizute, genetikariok gure genomek zeresan handia dutela. Baina ez batek ez besteek ez dizute jaterakoan zoriontsu ote zaren galdetuko. Jatea gogoko duzun. Hau kulturala da baina genetikoa izan daiteke ere. Zerbait gogokoa dastatzerakoan gure burmuinean askatzen diren neurotransmisore gozagarriak ziur genoman idatzita dugula. Niri The Oatmeal-i bezala
 
gertatzen zait: egiten dudan ariketa fisiko apurra gero lasai jateko egiten dut. Nik zoriontasunaren bi kurba ditut: bata sabelean bestea ezpainetan. Jatea plazer bat da baina inork ez dizu galdetzen bere ikerkuntzetan jatea gustuko duzun ala ez. Errebisioak egin dizkidatenean nazkagarriki osasuntsu nagoela argi dago baina beti nire gainpisua aipatzen didate. Joe E. Lewis eta Totie Fields esan bezala “Bi astez dietan egon naiz eta galdu dudana hamalau egun izan dira”. Zoriontsu izatea faktore gako bat da osasuntsu egoteko. Ondo jatea eta jaten duzunaz gozatzea ere. Leku askotan gainpisua epidemia izango da modu zuzen batean jaten ez dutelako baina Euskal Herrian opil-industrialak eta junk-food delakoa ez lukete azalduko. Hemen janariarekiko afizioa kulturala da. Eta jan ondo jaten dugu, bi zentzuetan: kantitatean eta kalitatean. Gutxiago jan beharko genukeela? Ziur. Baina nork ezetz esango #kafepintxo eder bati?
 

 
20140716125832
 
#kafepintxo a nire zoriontasunaren bi kurben erantzulea: sabelekoa eta ezpainetakoa.
 

Utzi erantzuna