Kafepintxo

Zientziak, jomugan

Azken bi urteak estres proba bat izan dira maila, ertz eta arlo askotan. Pandemiak gure egitura guztiak jo ditu eta ditugun muga guztiak agerian utzi ditu. Horien artean zientziak eta bere egiteko moduak izan dira lehen lerroan jarri direnak. Periferian bizitzera ohituak, gauza arraroak egiten dituzten frikien talde bat bezala karikaturizatuak, bizi dugun egoera honetan zentraltasuna lortu dugu ikertzaileok eta zientziek. Gizartearen gehiengoak ikertzaileok pausu bat eman eta egoera deskodifikatzen laguntzea esker onez hartu badu ere, ikertzaileen eta zientzien aurkako erreakzio oldarkor bat egon da ere. Niri oso kezkagarria egin zaidan prozesua da, giro zientziafoboak sortzen dituen ondorio lazgarriengatik. Gero eta gehiago, batzuetan oso agerikoak, besteetan disimulatuak, baina helburu berdinarekin: zientzien sinesgarritasuna eta zientzietan konfiantza kaltetzea. 

Sinesgarritasuna erasotu, min emozionala eta psikologikoa izatea, izena kaltetua izatea, bortxa fisiko, sexual eta heriotz mehatxuak jasotzea, eraso fisikoak pairatzea,… pandemiari buruz hitz egin duten ikertzaileen %60ak horietako arazoren bat pairatu du. Zorionez, niri gertatu zaizkidan gauzarik okerrenak twitterren mezu desatseginak eta lekuz kanpokoak jasotzea izan da. Zorionez ere, oso babestua sentitu naiz zeren lagun oso onak ditut. Eta iruditzen zait ere, egiten dugun lana eskertzen duen jendeari gero eta jasangaitzagoa egiten zaiola halako ergelkeriak irakurri beharra. Zuen babesa asko estimatzen dizuet, ze gauza desatseginak irakurtzen ditudanean isiltzeko, dena pikutara bidaltzeko eta alde egiteko gogoak sartzen zaizkit. Nahikoa daukat nire bizitzan dudanarekin ergel zientziafobo batzuen mezu random eta deliranteak jasaten ibiltzeko.

Gainera, ezin dugu ahaztu behar zientziak azaltzea ez dagoela batere baloratuta gure lanean. Zero, ez du ezertarako balio ikerkuntza-karreran. Oso zaila da, baina oso oso zaila da, ikertzaileak plaza publikoan agertzea. Zergatik uste duzue pandemian zehar ahots berdinak entzun dituzuela eta aurpegi berdinak ikusi? Izan ere, zergatik gara berdinak gai jakinez hitz egiten dugunok? Hautu pertsonal batetik egiten delako, ez da gure lanaren parte bat bezala hartzen. Gure lanaren parte izan beharko balu ere. Baina momentu honetan ez da. Are gehiago, zientzia-munduan askok oso txarto ikusten dute eta dibulgazioaren aldeko apustu irmoa dugunok bazterketa jaso dezakegu. Hortaz, jada zaila bada jendea dibulgatzera animatzea, irainak eta mesprezua jasoko dituztela jakinda, nola animatuko dira, ba? Giro zientziafoboak erreferenterik gabe utz gaitzake.

Honek ez dauka zerikusirik zilegi diren kritikekin. Ikertzaileak eta zientziak kritikatu behar dira. Gizartearen aurrean erantzukizun asko eta handiak ditugu eta aurpegia eman behar dugu. Askotan hanka sartzen dugu eta azalpenak eman behar ditugu. Zientzia egiten dugunok pertsonak gara eta gure subjetibitatetik asma dezakegu eta erra gaitezke. Zientzia egiten dugunok ez gara huts egiten ez duten pertsona jakintsu zoragarriak. Leku guztietan harroputz ergelak daude, zientzietan ere. Baina hori ezin daiteke nahastu zientzien aurkako osoko zuzenketa batekin, ezin du kolokan jarri zientziak ezagumendua sortzeko prozedura bezala. Ez da iritziz aldatzen dugula edo sinesmen kontu bat. Zientzietan azalpenak eta ondorio batzuk mantentzen dira datuek babesten duten bitartean. Hala ez bada, azalpen eta ondorio horiek aldatu behar dira datu berri horiek barneratzeko. Eta konfiantza dugu zientziek eta zientziak egiten dituztenek prozedura hori bermatuko dutela. Zientzietan asko zaindu behar da zer (eztabaidagaia) eta nola (arrazoinamendua) eztabaidatu. Esperimentu enpiriko bat ez da iritzi bat edo ezin zaio balio kendu esanez sineskeria bat dela, benetan hor dagoen jakintza inork ez duela ulertzen esanez. Hori ergelkeria hutsa izateaz gain, eztabaida guztiz pobretzen eta desitxuratu egiten du. Milaka aldiz emandako argibideak kolokan jartzen jarraitzea edo urteetan egindako lan zintzoa susmopean jartzea beren aurreriritziak mantentzeko. Inkluso, iturri faxistak erabilita. Baina hori da batzuek duten maila; eta gainontzekoei ukatzen digute maila intelektual askoz aberatsagoa izatea. Giro zientziafoboak eztabaidagai egokirik gabe eta intelektualki pobretuak utz gaitzake.

Ikertzaileak aske izan beharko genuke askatasun akademikoa gauzatzeko. Herritarrak aske izan beharko genuke zientzien aurrerakuntzan eta horri darizkion onuretan parte hartzeko giza-eskubidea gauzatzeko. Baina garai batean bizi gara non ausartak izan behar dugun dagozkigun eskubideak bermatzeko. Batzuen bazterketaren aurrean, besteen oldarkortasunaren aurrean, jendartea zientzietan ahalduntzen jarraitzea besterik ez dugu. Zeren alternatiba guztiz kaskarra, pobrea eta etsigarria da. Eta ez gara, ez naiz, honaino heldu amore emateko.