Genetika, genomika ta beste - Kafepintxo

Itxialdirako genetika (29): Minbizien gene-bilduma erraldoia

Orain dela bi hilabete pasatxo argitaratu zen minbizia hobeto ulertzeko pausu bat izan zitekeena. Momentuan hainbat hedabidetan oihartzuna izan zuen, baina gurean ez asko, egia esan; eta ni beti bezain marmarti agertu nintzen.

Zenbakiak erraldoiak dira: 2500 pertsona baino gehiagoren tumoreak sekuentziatu ziren, ia 200 metastasi barne; eta horietatik mila baino gehiagotan transkriptoma ere (aktibo dauden gene multzoa) sekuentziatu zen. Guztira 38 tumore-mota aztertuta. Ehundaka ikertzailek parte hartu zuten eta emaitzak aztertzen dituzten ia 30 zientzia-artikulu argitaratu ziren. Ez da lan makala izan, ordenagailuentzat behintzat.

Horrelako lanetan emaitza asko lortzen dira (ez ditut 30 artikulu irakurriko 😂😂😂), hauek dira beraiek nabarmendu dituztenak:

  • Minbizi-genomek minbizia gidatzen duten 4-5 mutazio dituzte gene-osagaietan (geneetan edo geneetatik kanpo), baina minbizien %5n mutazio gidari horiek ez dira identifikatu.
  • Tumoreen eboluzioan gertaera goiztiar bat da DNAren sekuentzian gertatzen diren egiturazko aldaketa katastrofikoak.
  • Telomeroen (kromosomen punten) mantentzea nabarmena duten tumoreak oro har gutxi bikoizten diren ehunetan dute jatorria.
  • Minbizian ikusten diren mutazioen patroian eragiten dute jaiotzetik ditugun gene-aldaerek.
  • Minbiziek berezkoak dituzten ezaugarri berriak aurkitu dituzte eta horietan sakondu dute.
  • Tumoreen eboluzioaren erritmoa eta patroiak aztertu dituzte.
  • Geneen adierazpenean (aktibo dauden geneen) gertatzen diren aldaketak, fusioak eta bere kontrolean geratzen diren aldaketak aztertu dituzte.

Horrela ikusita gauza berri askorik ez. Agian deigarriena da kuantifikatzea zenbat mutazio gidari diren beharrezkoak, baina egon zeudela bagenekien. 

Kontua da egin dutenaren magnitudea erraldoia dela eta eskuragarri jarri dituzten datuak eta emaitzak, minbizien inguruan egiten diren beste ikerketen interpretazioan lagunduko dutela. Bost lanabes handi jarri dituzte martxan non emaitza horiek aztertu daitezkeen. Horiei esker, baliabide mugatuak dituzten ikertzaileek beraien lanei balio erantsi bat eman ahal diote eta lortzen dituzten emaitzen interpretazioa hobetu, beste modu batera espekulazioan gera zitekenari sendotasuna emanez.

Hori da halako egitasmo mardulek dutena: beraiek zuzenean ez dutela ikaragarrizko aldaketa sortzen gai jakin batean, baina bai bidea zabaltzen dutela, errazten dutela, gai horretan sakontzea.

Itxialdirako genetika sorta
1) Birusak
2) Immunitate-sistema
3) Antigorputzak
4) SARS-CoV-2aren jatorria
5) Termozikladorea
6) Gene-marketina
7) Zoroa eta patxadaz, mesedez 
8) ACE2 hartzailea
9) SARS-CoV-2aren geneak
10) 150 gene-testu
11) Etxeko gene-lanak
12) RNA
13) Endorfinen genetika
14) SARS-CoV-2aren jatorria (II)
15) Birusei aurre egiten
16) Tuskegee deitutako amesgaiztoa
17) Urtaroko gripearen genetika
18) Eugenesia eta Darwinismo soziala 2.0
19) Laborategietako langileei, eskerrak
20) Ez da guda bat, auzolana da
21) COVID-19ari gene-sentikortasuna
22) Gripe-pandemien genetika
23) Genetika zientzia-fikzioko filmetan
24) Beldurraren genetika
25) Parte-hartzearen garrantzia
26) Erratuta nengoen eta erratuko naiz
27) (gene-)datuen gobernantza
28) Genomak berdefinitzen