Genetika, genomika ta beste

DNA zaborraren xarma

Dibulgazioari buruzko gogoeta egin nire gehien interesatzen zitzaidana elementu mugikorrek genomen eboluzioan duten eragina zela bota nuen. Elementu mugikorrak animali eta landareen genometan DNA zabortzat jotzen dira. Aste honetan Ekaiarako idatzitako artikulu xume bat atontzen nengoela zergatik DNA zaborra hain erakargarria egiten zaidan azaldu behar nuela bururatu zitzaidan. Hots, niretzat DNA zaborraren xarma zein den partekatzea.
 
Gaiaren interesa azaltzeko genomaz eboluzioaz eta DNA zaborra beraz idatzi beharko nuke. Baina ez. Horren ordez nire jaki gogokoenari buruz idazten hasiko naiz: marmitakoari buruz.
 

 
20131004175141
 
Amak egindako marmitako goxo-goxoa.
 

 
Marmitakoa hegaluzea eta patatak dituen eltzeko soil bat dela esango didazu. Bai? Ziur?
 

 
20131004175212
 
Marmitakoa egiteko bidean geratu diren hondakinak.
 

 
Mahaira eseritzen garenean, goilara hartu eta halako jaki eder bat jaten hasten garenean bidean geratutako hondakinez, zaborrez, (eta gerora gelditzen direnez) ez dugu asko pentsatzen. Baina hor daude. Orain gure ahoa dastatzen ari den jaki goxo-goxo hori puntu horretara heltzeko orain zaborra den hori beharrezkoa izan da. Hau da, behin nahi genuena lortu ostean (marmitako goxo-goxoa) bidean geratu den oro baina platerrean jartzen ez dena zabortzat hartzen dugu. Gainera jakin badakigu tipulek, piperrek, patatek eta hegaluzeek kontrol bat eramaten dutela hasieratik, gure platerrera heldu arte. Eta horrek platearrean daukaguna goxoa eta osantsua izatea bermatzen digu. Eta zeozer txarto ataratzen bada, jakin dezakegu zein puntutan gertatu den arazoa. Eta momentu horretan jakitun ez bagara ere, jakin badakigu urteetan kalitate kontrolek garapen bat, eboluzio bat, izan dutela, etxera heltzen dena egoera onean heltzeko.
 

 
Orain genomara salto egingo dut. Genoma DNA hizkuntzan idatzita dagoen izaki baten argibide-liburua da. Marmitako goxo hori nola usaindu, dastatu eta liseritu behar den idatzita dago. Baina genoma ez da argibide erabilgarri horiek soilik. Ez. Egia esan genomaren parte txiki bat bakarrik dira. Gainontzekoa funtzio guztiz ezagunik ez duten argibideak dira. Horietako asko behin eta berriz errepikatzen direnak. Guzti hau DNA zabor bezala ezagutzen da, nik DNA txatar deitzea nahiago batdut ere.
 
Zergatik argibide-liburuan daude, eta horren kopuru handian, ez badute ageriko funtziorik? Egia esan ez daukagu idearik, horregatik hain erakargarria suertatzen zait, baina bi modutara ikus daiteke. Bata argibide fosilak direla, aintzinean gertatu diren prozesuen ondorioz geratutako aztarnak. Bestea funtzio bat betetzen dutela baina ez dugula oraindik guztiz argitu.
 
Marmitakoa hartuta, marmitakoa plateraraino heltzearen prozesuari buruz ezer ez bageneki, gelditzen den zaborra bakarrik hartuta, ez ginateke gai izango jakiteko zer egiten zuen guzti horrek, zeozertarako balio izan duen edo balioko duen, bakarrik hori hor dagoela. Baina zabor hori aztertzen jartzen bagara eta platerrean dugun marmitakoarekin izan zezakeen harremanari buruz gogoeta egiten hasten bagara, ondorioren batera helduko gara. Ez dakit zeinetara, baina zeozertara helduko gara.
 
Halako zerbait gertatzen zait DNA zaborrarekin: bere azterketa nahitanahiezkoa iruditzen zait genomak diren bezalakoak zergatik diren ulertzeko. Prozesua nola gertatu den ulertzeko. Eta gure argibide-liburuak nola garatu diren, hots, nola eboluzionatu diren ulertzeko gai bagara, ikaragarrizko aurrerapausua emango dugu. Eta, nire ustez, gakoa DNA zaborra da. Horrexegatik hain erakargarria egiten zait DNA zaborra. Baina ez pentsa DNA zaborraz ezer ez dakigunik, ez! Zeozer jakin badakigu, baina hori beste baterako utziko dut.
 

 
On egin.
 

Utzi erantzuna